Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Aldundiak bosgarren edukinontzia jarteko diru-laguntza gehiago emon behar dauenik

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordeak ez dau onartu gaur Bizkaiko talde Popularrak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena, Foru Aldundiak, etxeko hondakinen zati organikoa gaika batzeko edukinontzia jarteko emoten dituan diru-laguntzak handitzea eskatzen dauena. Ekimena ez da onartu EAJ-PNV eta PSE-EE taldeetako ordezkariek ezezko botoa emon dabelako. Talde horreek zuzenketa-eskea aurkeztu dabe –proposamena aurkeztu dauen taldeak onartu ez dauena zuzenketa-eskea, hain zuzen be– Foru Aldundiak aukera hori 2017ko aurrekontuei begira “aztertu daian”.

Foru Aldundiak “1.090.000 euro” bideratu ditu aurton etxeetan sortzen diran hondakinen zati organikoaren konpostajea errazten dauen sistema jarten laguntzeko. Kopuru horretatik “580.000 euro” edukinontzi marroiak, auto-konpostagailuak eta boltsak erostera bideratu dira, eta beste “510.000 euro” herritarrak sentsibilizetako kanpainak martxan jartera. Eduardo Andrés PP taldeak batzordean dauen batzordekideak salatu dauenez, laguntza horreek “beti behar baino lehenago amaitzen dira” 2012an eskaintzen hasi ziranetik. 2016ko “lehenengo hiruhilekoan” agortu zirala esan dau.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, beste ezer baino lehen laguntza eredua aztertzearen aldeko apustua egin dabe. Laguntza horreek araupetzen dituan foru dekretuak ezarten dauenez, laguntzok iritsi ahala emoten dira. Hori dala eta, Zuriñe Argatxa jeltzaleak, beste ezer baino lehen “laguntza sistemea egokiena dan ala ez” ikustearen alde agertu da, eta horren ostean, partidea handitu behar dan ala ez, hori bai, sistemaren eraginkortasuna kontuan izanda. “Gaur egungo egoera ekonomikoa eta diru-bilketaren jatsiera dirala eta”, beharrezkoa da une honetan zuhurtziaz jokatzea, baliabideak “mugatuta” dagozalako, gehitu dau Ignacio Jerónimo sozialistak, bere ezezkoa azaltzeko orduan.


EZEZKOA TALDE MISTOAK ESKATU DITUAN AZTERLAN BIEI

Batzorde berean Talde mistoaren arauz besteko proposamen bi eztabaidau dira, baina bat bera be ez da onartu. Proposamen horreetako baten bitartez, Bizkaiko udalen eta Aldundiaren esku dagozan aisialdi-guneetan “parke bio-osasungarri” gehiago jartea sustetako estrategia onena zein dan ikusteko azterlana egitea eskatzen zan. Bestean, barriz, Bizkaiko errepideetan anfibioentzako pasabideak jarteko beharra aztertu daiala eskatzen jakon Foru Aldundiari. Arturo Aldecoak aurkeztu dituan proposamen biek EH Bilduren aldeko botoa baino ez dabe jaso eta EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek ezezkoa emon deutsie. Podemos Bizkaia abstenidu egin da.

“Biztanleriaren zahartzea” dala eta makina “bio-osasungarri” gehiago jartea eta materialen kalidade-prezio erlazino onena bilatzea planteetan zan. Proposamen horrek “eskumenen esparruaren” gaineko zergaitiak izan ditu aurrean. Jeltzaleen eta sozialisten eretxiz, ekimen hori Udalek hartu behar dituen erabagien barruan dago.

Aldundiaren esku dagozan errepideetan anfibioentzako pasabideak modu “sistematikoan” jartea “aztertzeko eta bultzatzeko” proposamenari jagokonez, Aldecoak 2006ko eta 2015eko azterlan bi aitatu ditu, eta baita dagoan “arazoa” onartzen daben adituen “artikuluak eta adierazpenak” be. Horreetan guztietan adierazoten danez, errepideak oso oztopo larriak dira espezie anfibioen bizi-iraupenerako. 2012ko datuek erakusten dabenez, “Espainian 9 milioi anfibio heldu errepideetan harrapauta hil ziran”, adierazo dau.

EH Bildu proposamenaren alde agertu da, baina harrapaketak gure lurraldearen bio-aniztasunaren galeraren zergaitietako bat baino ez dirala uste dau talde horrek. Arazo horri, errepideak, trenbideak edo parkeak garbitzeko “agrotoxikoak erabiltea” gehitu behar jako, izan be, euri uraren bitartez, espezie horreek bizi diran pozuetara heltzen dira. Mikel Kormenzanak adierazo dauenez, “oso garrantzitsuak dira gure sistemaren kutsadurea neurtzeko”.

EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak bat etorri dira esatean Aldundiak “kontuan hartzen dituala daborduko” igarobide horreek errepide barriak egiteko orduan egiten diran ingurumen eragineko azterlanetan. Aitor Ibarra jeltzaleak adierazo dauenez, “neurri zuzentzaileak ezarri dira daborduko Zugaztietan, Gorbeian edo Aizkorrin, beste leku batzuen artean”. EAJ-PNV taldeko ordezkariaren eretxiz, “ez da serioa” Aldecoak holango ekimenak aurkeztea “jasaten ari garen garai honetan, diru-bilketak behera egin dauela iragarri eta gero”.

PP taldean bere kidea izan zan Eduardo Andrések gehiago sakondu dau horretan, eta ekimena baztertzeko eskaria egin dau, erakundeari, batzarkideei eta herritarrei “errespetua” erakusteko. “Gainean daukagunagaz”, Talde Mistoko batzordekidea behin eta barriro “azterlan gehiago” eskatu eta eskatu dabilela kritikau dau, “gastua errazionalizetako unea dan honetan”.


ELENA UNZUETAREN AGERRALDIA

Beste alde batetik, saio berean, Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak, Busturialdeko Ur Partzuergoko (BUP) zuzendaritza batzordean Euskadiko Auzitegi Nagusiaren 606/2016 sententziaren aurrean Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak emon dauen botoaren esanahia azaldu dau, EH Bilduk eskatuta. Podemos Bizkaia taldeak eskatuta be joan da batzordera, Durangoko Garbigunearen gaur egungo egoerea azaltzeko, igazko urriaren 16an hondakin arriskutsuen txabolea kiskaldu eban sutearen ostean.

Garbiker enpresea hondakin arriskutsuen bilketea Basauriko puntu garbira eroatera behartu eban azkenengo gertakari horri jagokonez, Unzuetak baieztu dauenez, arazoa “joan dan bagilaren 20an konpondu zan”, Durangoko instalazinoetan material horretarako txoko barria egokitu zanean. Aldundiaren esku dagoan Garbiker enpresak sei hilebete baino gehiago behar izan ditu Durangon normaltasuna berreskuratzeko, batez be, Unzuetak adierazo dauenez, aseguru etxeak gertatutakoaren zergaitiak argitzeko egin behar izan ebazan ikerketak zirala eta. Zergaiti “posible” bi dagoz mahai gainean: kanpoko pertsona baten parte hartzea edo produkturen bat ugertu izana.

Beste alde batetik, Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak, Aldundiak Busturialdeko Ur Partzuergoko zuzendaritza batzordean dauen ordezkariak Euskadiko Auzitegi Nagusiaren sententziaren kontrako interpelazinoko helegitea aurkeztearen kontrako botoa emon izanaren zergaitia azaldu dau. Epai horrek, aurretik eskualdeko uraren kudeaketagaz arduratzen zan Aquarbe enpresako beharginak subrogetan behartzen dau erakundea.

Unzuetak azaldu dauenez, bost arrazoi dagoz: helegite horrek aurrera egiteko “segurtasun juridiko faltea” daukala; kasu horren gaineko “zalantzak ez luzatzea”; gaia epaibideetan luzatzeak eta beharginei emon beharreko kalte-ordainak emoteak dakarren “kostu ekonomikoa ez handitzea”; eta Busturialdeko Ur Partzuergoak bertako beharginei jagokenez “behin betiko” antolakuntzearen aldeko apustua egitea.

EH Bildu taldeak bere aldetik, Mikel Kormenzana batzordekidearen bitartez, kritikau egin dau Aldundiaren jarrerea, bere txosten “teknikoen eta juridikoen” kontra agertu dalako, helegitearen aldeko apustua ez egitean. Epaitegi Gorenak eskaintzen dauen aukerea erabili barik erabagi hori onartzeak, administrazino publikoan ondorioak izango dituan dotrina judizialaren aldaketea eragingo dauela esan dau, subrogazinoak beharginen traspasoa ezarten dauelako, erakundeek orain arte defendidu daben kontratazinorako prozesu publikoa zabaldu behar barik.

Erabagi horrek eta beste batzuk dirala eta, koalizino abertzaleko batzordekideak uraren kudeaketaren “pribatizazino prozesuaren” aldeko apustua ari dala egiten salatu dau. Aurreko urteetan horrek “3 milioi euroko galerak” itzi ditu, Partzuergoa giza baliabide propioakaz kudeatu danean “milioi bat euroko” irabaziak lortu diran bitartean. Bere berbetan, eredu barriak “argi eta garbi erakutsi dau”, lan baldintza “duinak” be barru hartzen dituan sistema publiko integralaren “eraginkortasuna”. “Zeintzuk dira Aldundiak defendidu dituan interesak?”, galdetu dau Kormenzanak, “Pokemon kasuaren” barruan justizia ikertzen ari dan enpresa egituraren barruan dagoan enpresaren “alde” egitean.

Erantzuteko unean, Unzuetak Aldundiaren ildo estrategikoak defendidu ditu. Ildo horreen barruan lurraldean Ur Partzuergo “bakarraren” alde egitea dago, “udalek eta eskualdeek holan gura badabe”, esan dau. Zehaztu dauenez, “zerbitzuak kanpora ateratea ez da pribatizetea”. Busturialdeko kudeaketea beti izan da “publikoa”. Esleipena izan dauen enpreseagaz izandako uraren kudeaketako ustezko “irregulartasunei” jagokenez, salaketa horreek epaitegietara eroateko konbidapena egin deutso Unzuetak EH Bildu taldeari.

Busturialdeko uraren kudeaketea dala eta Aldundiak koalizino abertzaleagaz dituan desadostasunak aspaldikoak dira. Unzuetak gogoratu dauenez, 2015eko zemendian, Foru Aldundia Busturialdeko eskualdean baliabide propioakaz egingo litzateken uraren kudeaketearen kontra agertu zan, zerbitzuaren “internalizazino osoan” oinarrituta egongo litzateken “txosten teknikorik, juridikorik eta ekonomikorik” bako ereduaren kontra, hain zuzen be.