Aurreko Albisteak

Foru Aldundiak bidai kopuru mugea ezarriko dau Aldundiaren esku dagozan eta bidesaria ordaintzea eskatzen daben errepideak erabilteagaitik gehienez be hilean 30 euro pagetako

Bilbao

Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatua Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, berak eskatuta, datorren urtetik aurrera “tarifen eredu integral” barria martxan jarteko oinarria izango dan azterlana Batzarretako taldeei azaltzeko. Eredu hori bidesaria daben errepideak erabilten dituen bizkaitarrei aplikauko jake, jaso daitekezan hobari modalidadeak batuz. Jagokon batzordean emon dauen azalpenean, diputatuak esan dauenez, bere asmoa eztabaidea zabaltzea da, AP-8 autobideko, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarreko (HSM-VSM) eta Artxandako tuneletako erabiltzaileak, 30 eurotan ezarri dan hileko ordainketa mugaz baliau ahal daitezan.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako batzordean izan dauen agerraldian, lurraldeko autobideetako –AP-68an izan ezik– ordainketa politika barri horren aplikazinoak eragingo dituan aldaketak azaldu ditu Pradalesek. Argitu dauenez, eredu barri horrek “ez dau eraginik izango” Bizkaiko errepideen ekonomia eta finantza planean.

Aldundiak “bost” alternatiba aztertu ditu gaur egungo sistemea aldatzeko. Horreetako bi tarifen aldaketan egon dira oinarrituta, eta beste hiruak diru-laguntza sistema ezartean. Azkenean, aukeratu dan sistemea “hileko gastuaren mugea” izan da, 30 eurotan ezarriko dana. Pradalesek adierazo dauenez, alternatiba horrek ez dau eraginik izango Bizkaiko errepideen ekonomia eta finantza planean eta, gainera “arin” jarri ahal izango da martxan eta Bizkaiko herritar guztiei ekarriko deutsez onurak. Argi dago proposamen horrek ez dauela eraginik izango ahalmen handiko errepideetan egiten diran bidaia guztien “%60” hartzen dauen “igaroteko trafikoan”.

Eredu barria “finantza planaren iraunkortasuneko erespideetan” eta “gizarte bardintasuneko eta lurralde orekako erespideetan” oinarrituta aukeratu da, eta, horrez gain, “ingurumeneko iraunkortasuneko aldagaia” eta AP-8 autobidea, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra (HSM-VSM) eta Artxandako tunelak erabilteko dagozan laguntza desbardinak bateratzeko aukerea be hartu ditu kontuan.

Aukeratu dan ereduak puntuazinorik hoberena lortu dau, erespide horreetan oinarrituta aztertu diran bost aukeren artean. Azkenean, Aldundiak baztertu egin dau tarifen jatsiera lineala edo erabiltzaileentzat beherapen handiagoak apliketea, eta baita aurretik kopuru finko bat ordaindu ostean AP-8 autobidearen diru-laguntzen eredua zabaltzea edo tarifa “laua” ezartea be.

Kontroleko sistemea, Aldundiaren diru-laguntzak jaso gura dituen ibilgailuetan instalau beharko dan VÍA-T deritxonagaz “osagarriak” izan beharko diran teknologien konbinazinoa izango da. Teknologien konbinazino horrek (DSRC eta ALPR) ez dau “inbertsino handirik” eskatzen, “egindako inbertsinoak amortizetako” aukerea emoten dau eta, gainera, “nahikoa da iruzurraren kontrola bermatzeko”, azaldu dau Pradalesek.

Bere kalkuluek erakusten dabenez, bidesari eredu barri horrek “hirukoiztu” egingo dau une honetan Bizkaian VÍA-T deritxona instalauta daben ibilgailuen kopurua. Interbiakeko tele-ordainketako kabinetatik gaur egun igaroten diran “8.000 ibilgailu inguruak”, datorren urtean “24.000 inguru” izango dira.

Aldundiaren diru-laguntzen onurak jaso ahal izateko operatibea hau izango da: sisteman alta emon beharko da, Aldundiaren webgunearen bitartez, bertan dagoan formularioa betez, pertsona gidaria eta ibilgailuaren matrikulea adierazoz, gero ibilgailua gidatzen dauena beste senide bat bada be. Iruzurraren kontrola matrikulak irakurteko sistemaren bitartez egingo da.

Sistemak, orokorrean (irakurketarako ekipamendu finkoak, tresna informatikoak eta "Back Office" deritxona) “750.000 euroko” inbertsinoa eragingo dau, eta sei hilebetetan egon beharko da prest, 2017an martxan jarri ahal izateko. Pradalesek adierazo dauenez, 30 eurora heltzen ez diran errepideetako erabiltzaileek, gaur egun AP-8 autobidean apliketan diran beherapenak lortu ahal izango ditue hiru errepideetan. “%35eko” beherapena hilean 11 eta 25 bidaia artean egiten baditue, edo “%45ekoa” 26 bidaia baino gehiago egiten baditue. Beherapen horreek gauza barria izango dira HSM-VSMn eta Artxandako tuneletan.

Pradalesek azpimarratu dauenez, beharrezkoa izango da hilean gehieneko mugea ezartea, beste lurralde batzuetan –Gipuzkoan– gertatu izandakoa moduko “ondorio kaltegarriak” saihesteko, VíA-T gailua automobil batetik beste batera aldatzeko aukerari ez izateko. Diputatuak adierazo dauenez, Gipuzkoako Aldundiagaz berbetan ari dira, lurralde biak lotzen dituan autopistan ezarri daitekezan tarifa sistemak aztertzeko.

Diputatuak adierazo dauenez, sistema barriak “3,3 milioi euro” gehiagoko gastua eragingo dau laguntzetan, hipotesi “ezezkorrena” kontuan izanda, eta Bizkaian bizi diran pertsona fisikoei baino ez jake aplikauko. Batzarkide batzuek gogoratu dabenez, “autonomoak edo taxistak” laguntzetatik kanpo geratuko dira. Dana dala, Pradalesek gogoratu dauen moduan, horreek “euren gastuak kendu” ahal izango ditue eta, taxisten kasuan, bidesariaren kostua bezeroei “jasanarazo” ahal izango deutse.


ONARTU EZ DIRAN PROPOSAMENAK

Diputatuak emondako azalpenen ostean, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako batzordeak arauz besteko proposamen bi eztabaidatu ditu. EH Bilduk, N-634 errepidean Kadagua ibaiaren gainetik pasetan dan zubian estaldurea jartea planteauko dau alde batetik, eta bestetik, Urduña eta Bilbo artean, Nerbioi errekaren ibaibideari jarraituz, “bidegorriak” eregiteko hainbat LPPtan aurreikusten diran hainbat proiektu amaitzea. Proposamen bietatik bat be ez da onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak kontra agertu diralako. Podemos Bizkaia taldea izan da ekimen horreen alde agertu dan bakarra, eta PP taldea abstenidu egin da.

Jeltzaleek eta sozialistek adierazo dabenez, Barakaldoko Burtzeña auzoa eta Bilboko Zorrotzakoa bereizten dituan zubiaren estalduraren kasuan, inplikauta dagozan administrazinoak (Foru Aldundia eta Bilboko eta Barakaldoko Udalak) “emon beharreko pausuak ari dira emoten”, egon daiteken soluzinoa aztertzeko.

Nerbioi errekaren harroan bidegorria eregiteari jagokonez, talde biak ez dira ekimenaren kontra agertu baina “legealdia bukatu aurretik”, Eusko Jaurlaritzaren Txirrindularientzako Ibilpideen Euskadiko Plan Zuzendaria onartu arte “itxarotearen” alde agertu dira.