Aurreko Albisteak

Euskal erakundeek Euskadiren "irudi ona" erakutsiko dabe Washingtonen, "turismoa erakarteko" eta "ekonomia eta kultur arloetako akordioak ezarteko"

Bilbao

Lorea Bilbao Euskera eta Kultura diputatua Batzar Nagusien aurrean agertu da gaur, berak eta Batzarretako Podemos Bizkaia taldeak eskatuta, 2016ko bagilaren 29tik garagarrilaren 10era Washingtonen (EE.BB.) egingo dan Smithsoniam Folklife Festival proiektuaren garapen mailea zein egoera zehatzetan dagoan azaltzeko. Jaialdi horretan euskal erakundeek Euskadiren “irudi ona” emon gura dabe, “turismoa erakarteko” eta “ekonomia eta kultura arloetako akordioak ezarteko”.

Bilbaok azaldu dauenez, hiru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu daben eta Nafarroako Gobernuaren parte hartzea be izango dauen proiektuak Euskal Herriko herri bat irudikatuko dau, “Basque” markaren aterkinaren babesean. Bertan euskal idiosinkrasiaren elementu “esanguratsuak” egongo dira, hainbat espazio fisikoren, portu, baserri, pilotaleku, plaza edo euskaltegi baten bitartez, lotuta.

Euskadi konbidatutako kultura moduan egongo da “mundu mailako” erakusleiho horretan. Bertara joateko lau erakundeek “1,2 milioi euroko” inbertsinoa egingo dabe guztira. Euskal Herriko gastronomiak oso leku garrantzitsua beteko dau. “Goi mailako sukaldaritzako afaria” eta “formatu txikiko erakusketa gastronomikoak (pintxoak)” dagoz programauta moduluetako baten barruan.

Bilbaok azaldu dauenez, jaialdia hasi aurreko egunean –datorren bagilaren 28an– harrera ekitaldi bat antolatuko da, eta bertan “ekitaldi berezia” egingo da, antolatzaileakaz “batera”. Diputatu andreak esan dauenez, ekitaldi hori, hurrengo egunetik aurrera “etorriko danaren barri emongo dauen kultur ikuskizuna” izango da. “Tradizinoa eta barrikuntzea” eta “esperientzia eta gazteria” uztartuko dituan ekitaldi horretan, dantzak, bertsolariak –“euskeraz eta ingelesez”– eta Joaquín Achucarroren eta Lucia Lacarraren emonaldiak dagoz aurreikusita.

Diasporako kideakaz batera, Euskal Herriko ordezkaritzeak, Bilbaok azaldu dauenez, Estatu Batuetan Euskadiren gainean dagoan ezagutza falta handia murriztea gura dau, euskal kulturaren inguruan egon daitekezan “topikoak eta aurreretxiak” baztertzea, estatu batuarrak “harrituta iztea” euskal tradizinoaren eta modernotasunaren hedapenagaz, kultura eta ekonomia arloetako erlazinoak ezartea eta Euskadi turismorako jomuga moduan bultzatzea. Diputatuak azpimarratu dauenez, Folklife Festival horretan parte hartzea benetako “aukerea” da. Aurreikusten danez milaka pertsona joango dira bertara, eta Interneten oihartzun handia izango dau.

Bilbaok azaldu dauenez, euskal folklorea be balioan jarriko da, eta folklore hori osatzen daben diziplina guztietan aritzen dan jendeak egiten dauen beharra aintzatetsiko da. Holan, hitzordura joango diran taldeen izenak aitatu ditu, Albaola, Tknika Branka Composites, Artxandako eta Gamarrako Ostalaritza Eskolak, Ondare, Azkue Fundazinoa edo Habe, eta Aukeran dantza taldeak, hainbat musika talde ahaztu barik, Korrontzi, Kepa Junkera, Gatibu, Kalakan edo Mikel Markez, beste batzuen artean.

Egun horreen barruan, hainbat jardunaldi “berezi” izango dirala adierazo dau Bilbaok. Bagilaren 29an, jaialdiaren lehenengo egunean, programazinoak, euskaldunok itsasoagaz daukagun milaka urteetako erlazino horretatik nabigatuko dau. Garagarrilaren 1ean, diasporako kideek hitzarmena sinatuko dabe euskal administrazinoakaz, eta Estatu Batuetako diasporaren historiaren gaineko liburu bat aurkeztuko dabe. Garagarrilaren 7an kinua egingo jake San Fermin jaiei, eta beste egun bat, Donostia kulturaren Europako uriburua dala azpimarratzeko erabiliko da.

Batzar Nagusietan ordezkaritzea daben alderdietako ordezkariek balorau egin dabe Euskadi bere mugetatik kanpo ezagutuarazoteko eta “munduko mapan” jarteko gauzatuko dan ekimena.

Batzarretako taldeek parte hartzeko euki daben tartean, Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariak aholkua emon deutso diputatu andreari, Euskadiko ordezkaritzak, Euskadik dauen gaitasun teknologikoa, goi mailako sukaldaritzea eta bizitza mailea azpimarratu daizan, Estatu Batuetan horren gainean gauza gitxi dakielako.

Aldecoak esan dauenez, oso leku egokia izango litzateke “Estatu Batuen independentzia” bultzatu eban pertsonetako bat izan zan Diego de Gardoqui merkatari, ontzigile eta diplomatikoak egin eban behar garrantzitsua ezagutuarazoteko eta zabaltzeko, izan be, garraiatu eban zidarrari esker “Saratogako garaipena” bultzatu eban. “Gardoqui ezinbesteko pertsonea izan zan –esan dau– eta hori holan izan zala ikusteko, nahikoa da George Washingtonek Estatu Batuetako presidente kargua hartu ebanean, Gardoqui bertan egon zala esatea”.


LAPURRETEA ARGIÑETAKO NEKROPOLIAN

Beste alde batetik, diputatu andreak, joan zan maiatzean Argiñetako (Elorrrio) nekropolian gertatu zan hilarri baten kopiaren lapurretea aitatu dau. Gai hori dala eta diputatuaren agerraldia eskatu dauen Talde Mistoari erantzunez, Bilbaok adierazo dau aurkeztu beharreko salaketea aurkeztu dala Ertzaintzaren aurrean, eta polizia txostena jasotearen zain dagozala, gertakariak argitzen diran ala ez ikusteko.

Aldundiko arduraduna “arduratuta” agertu da lapurreta horren aurrean, eta “ horri aurre egitea oso gaitza” dala autortu dau, “ezin daikegulako leku guztietan zainketarik jarri”, esan dau. “Biztanleria osoa sentsibilizetea lortu behar dogu, gazteenak batez be”, kultur ondarea gordeteak eta kontserbeteak dauen garrantziaren inguruan. Argiñetaren kasuan, Elorrioko Udalagaz batera “moltso osorako proiektu integrala” diseinetearen alde agertu da.