Aurreko Albisteak

José Luis Bilbao barriro hautatu dabe Bizkaiko Ahaldun Nagusi

José Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusi hautatu dabe ekainaren 28an, hirugarren aldiz jarraian. Hautaketarako bigarren bozketea behar izan zan eta EAJ alderdiaren 22 botoak jaso zituan Gernikako Batzarretxean egindako Batzar Nagusian. Bilduren 12 batzarkideek euren taldeko hautagaiaren aldeko botoa emon eben, eta PSE-EE zein PP alderdietako batzarkideek zuriz emon eben botoa.


Gernikako arbolapean kargua zin egin ondoren, Bilbao jaunak eskerrak emon deutsoz alde batetik familiari eta bestetik batzarkide-taldeari eta alderdiari, hautagai izateko beragan jarritako konfidantzagaitik, eta eskerrak emon deutsez be Bizkaiko herritarrei, emon dabezan botoei esker Ahaldun Nagusi barriro be izateko ahalbideratzeagaitik.

Zin egitea eta gero, Gernikako Batzarretxe barrura itzuli ondoren, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iragarri egin eban Bizkaiko Foru Aldundiak txikiagotu egingo dauela “dimentsino politikoa” eta 8 sail baino ez dituala izango —aurreko agintaldiaren hasieran 11 sail ziran— eta horreen arduradun lau gizonezko eta beste lau emakumezko egongo dirala.

Lehendakaritza Sailaren arduradun, eta Ahaldun Nagusiorde, Juan María Aburto izango da, Ogasun eta Finantzetako Sailaren arduradun José María Iruarrizaga, Gizarte Ekintza Sailarena Pilar Ardanza eta Herri Lan eta Garraio Sailarena Itziar Garamendi.

Nekazaritza Sailaren arduradun Irene Pardo izango da, Ingurumen Sailaren Iosu Madariaga, Kultura Sailarena Josune Ariztondo eta Ekonomi Sustatzeko Sailarena Imanol Pradales.