Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek euren araudiaren aldaketea eztabaidauko dabe batzordean, "atxikitu bako" batzordekidearen irudia sortzea erabagiteko

Gernika

Bizkaiko Batzar Nagusiek, eguneko gai zerrendan zortzi gai izan dituan beste ohiko osoko bilera bat egin dabe gaur Gernikako Batzarretxean. Gai horreen artean, Bizkaiko Batzarren Araudiaren aldaketa posiblea “kontuan hartzea” onartu dau osokoak, “atxikitu bako kidearen” irudia sortzea erabagiteko.

Ekimena Podemos Bizkaia taldeak bultzatu dau, eta Batzarretako taldeen osaketea araupetzen daben testuko artikuluak aldatzeko beste testu bat planteau dau. Legealdi honetan Arturo Aldecoa Bizkaiko Talde Popularreko kidea bere taldetik kanporatua izan eta gero, talde morearen eretxiz “beharrezkoa” da “atxikitu bako kidearen” irudia sortzea, “ezinezkoa dalako” ordezkari bakar batek “talde osoari jagokozan eskubideak izatea”, Neskutz Rodríguez bozeroaleak adierazo dauenez.

Gai horren gaineko eztabaidea zabaltzeko proposamena aho batez onartu dabe Batzarretako talde guztiek, Talde Mistoak izan ezik. Arturo Aldecoa talde horretako kide bakarra abstenidu egin da, ekimenak bere taldeari “zuzenean eragiten deutsala” ulertuta. Dana dala, ez da abstenidu etorkizunean gaia eztabaidatzea bozkatu danean, baina, bere eretxiz, hori “batzorde berezi batean egin beharko litzateke”. Batzarretan egindako beharraren gaineko datuak eskini ostean –bere berbetan, azkenengo lau urteetan batzarretan landu diran ekimenen “%23,8” bereak izan dira, “383”, hain zuzen be– esan dau tamalgarria dala batzarretako taldeek “eraginkortasunari gehiago ez erreparetea”.

Javier Ruiz PP taldeko bozeroaleak batzarkide “aktea entregetako” eskatu deutso bere kide ohiari. Ordezkari popularra izan da Aldecoak Batzarretako seigarren taldea osatu ebanetik Bizkaiko Batzarretan sortu dan egoera gehien kritikau dauenetako bat. Proposamena aurkeztu dauen taldeak egin dauen moduan, Ruizen eretxiz “lazgarria” da Alderdi Popularreko taldekide ohiak, Talde Popularrean bete eban garaian jasoten ebazanak baino “baldintza ekonomiko hobeagoak” izatea edo bere eskumenak Batzarretako beste edozein kidek dituanen “gainetik” egotea, “Ahaldun Nagusia edo Lehendakaria bera” barne. “Herritarrei iruzurra” egitea da, esan dau.

Batzarretako EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeak bat etorri dira egoera hori “zuzendu” egin behar dala esatean. Begoña Gil batzarkide sozialistak adierazo dauenez, bere taldea “atxikitu bako kidearen” irudia sortzearen alde agertu zan 2015eko martian gaur egungo araudia sortzeko egin ziran negoziazinoetan, dagozan “17 Autonomia Legebiltzarretik 12k” egiten daben moduan, “igeslarien kontrako hitzarmena” deritxona dala eta. Gilen berbetan, aldaketak, batzarretako talde bat izten dauen ordezkariaren eskubide ekonomikoetan zentrau beharko litzatekez, eskubide horreek ezin daitezan, “ezelan bez”, jatorrizkoak baino altuagoak izan. Horrez gain, onartezina da bere taldea itzi dauen ordezkariak batzarretako saioetan dauen “partaidetzea hobetzeko aukerea” izatea.

EH Bilduk azpimarratu dauenez “urtebete baino ez da igaro” Batzarretako taldeek indarrean dagoan araudia aho batez onartu ebenetik, igazko legealdiaren azkenengo osokoan, eta denpora hori nahikoa izan da araudiaren “alde okerrenetakoa” azaleratzeko. Zigor Isuskiza batzarkideak “status juridikoa aldatzea” proponidu dau, PPk Batzarretan “ordezkaritza bikoitzik” izan ez daian, eta “kasuistika guztiak” kontuan hartuko dituan araudiaren aldaketea eskatu dau.

Batzarretako Euzko Abertzaleak taldea, bere aldetik, Araudiaren eta Gobernuaren gaineko batzordean testuaren aldaketari buruzko eztabaidea egitearen alde agertu da, baina María Presa batzarkideak “zalantza” batzuk sartu ditu eztabaidan. Horreen artean “unearen egokitasuna” aitatu dau, une honetan indarrean dagoan araudia orain urtebete baino apur bat gehiago onartu zalako, aurreko legealdian “hiru urtez” luzatu zan eztabaida “luzearen” ostean. Gainerako taldeei “zorroztasuna, zuhurtzia eta gogoetea” eskatu deutse euren planteamenduetan, gaia “konplexua” izan daitekelako.


MINUTU BATEKO ISILUNEA ETA SESTAOKO BANDEREA

Bizkaiko Batzar Nagusietako Osoko Bilkurea minutu bateko isiluneagaz hasi da, azken domeka honetan Orlandon (EEBB) izan dan erasoaren biktimak gogoratzeko. Eraso horretan berrogeita hamar pertsona inguru hil ziran eta beste horrenbeste zaurituta geratu ziran. Ana Otadui Batzarretako presidenteak adierazo dauenez omenaldiko keinu xumearen helburua “sarraskia” salatzea eta “biktimenganako alkartasuna” adierazotea izan da.

Horren ostean hasi da saioa, Sestaoko banderaren onarpenagaz, Aldundiak aurkeztu dauen proposamenari erantzunez eta Udal horretako osoko bilkurak hartu eban akordioagaz bat etorrita. Banderea “angeluzuzena izango da, 2:3 neurrikoa, zerrenda horizontal bardin-bardin bi izango dituana, berdea goikoa eta baltza behekoa”, eta erdialdean Sestaoko Kontzejuko armarriak eroan ahal izango ditu”, aurretik Udalak horretarako akordioa hartzen badau, Alexia Castelo batzarkide sozialistak argitu dauenez, Batzarretan egon dan Josu Bergara Sestaoko alkatearen begiradapean.


ONARTU EZ DIRAN MOZINOAK

Horren ostean, Bizkaiko Batzarrek ez ditue onartu oposizinoaren mozino bi. Mozino horreek, maiatzaren 25ean egin zan kontroleko azkenengo osokoan gauzatu ziran hiru itaunetik sortu dira. Mozino horreetan Talde Mistoak Sukarrietako eta Busturiako udalerriek bat egitea eskatu dau, Abiñako San Antonioko barrendegiaren jaubetzearen gaineko arazoa konpontzeko. Eta bestean EIC (Energiaren Adimen Zentroa) deritxonaren “Mobikortasun Jasangarriko Unidadea” sortzeko Petronorregaz sinatutako akordioa apliketatik sortu daiteken hitzarmen ekonomikoa Bizkaiko Batzar Nagusietara eroatea eskatu dau Podemos Bizkaia taldeak. Bozketetan Talde Mistoak ez dau beste inongo talderen aldeko botorik izan; eta EH Bildu izan da talde morearen proposamenaren alde agertu dan bakarra.


ESKUALDEETAKO BULEGOEI BULTZADEA

Beste alde batetik, osokoak aho batez onartu dau EH Bildu taldearen mozinoa, Aldundiaren eskualdeetako bulegoak “bultzatzeko”, administrazino “deszentralizaua” eta “herritarrengandik gertuago egongo dana” lortzeko, Josu Unanue bozeroaleak azaldu dauenez.

Zehatzago esanez, proposamen horren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek, “Nekazaritzako Eskualdeko Bulegoak (NEB-OCA), Zergadunari Informazinoa eta Arretea emoteko Zerbitzuak (ZIAZ-SIAC) eta Aldundiaren Laguntzako proiektuak bultzatzen jarraitzeko eskatu deutsie Foru Aldundiari, Gertu egitasmoaren barruan, leihatila bakarra lortzeko helburuagaz”.

Gainera, mozinoan, “gaur egun Ogasun eta Finantzetako Sailak eta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko Sailak eskualdeetan eskintzen dituen zerbitzu guztiei” eusteko eskatzen jako Foru Aldundiari.

Podemos Bizkaiak aurkeztu dauen zuzenketa-eske baten bidez, eta proposamena aurkeztu dauen taldearen on ikusia jaso ondoren, mozinoak hirugarren puntua gehitu deutso testuari, “hiru hilebetez” “informazinoko kanpainak” egin daitezan, Aldundiak eskualdeetan izango dituan bulego horreetan egin ahal izango dituen izapideak herritarrei jakinarazoteko. Jon Sánchez batzarkide jeltzaleak adierazo dauenez, Foru Aldundiak komunikazino plan “integrala” aurreikusi dau daborduko Durangon –urrian– eta Busturialdean –data zehatz barik ondino– zabalduko diran lehenengo bulego “pilotu” biak martxan jarri aurretik, Ibone Bengoetxea diputatu andreak aurretik egindako osoko batean iragarri eban moduan.


ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK

Osokoari bukaerea emoteko, oposizinoak aurkeztu dituan hiru ekimen bozkatu dira. Horretako batean, Bizkaiko Talde Popularrak Bizkaiko Mobikortasun Iraunkorreko Plana egitea planteau dau. Jeltzaleek eta Sozialistek zuzenketa-eske bat aurkeztu deutsie testuari, plan hori, une honetan sortzeko prozesuan dagoan Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzaren barruan egiteko, eta ez Aldundian, izan be, talde horreek adierazo dabenez Aldundiak ez dau plan hori egiteko eskumenik. Azkenean ekimena ez da onartu, aldeko 9 boto (PP, Podemos eta Talde Mistoa), kontrako 27 (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta 11 abstentzino (EH Bildu) izan ditualako.

Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek, euren aldetik, arauz besteko baterako proposamen baten bitartez, Bizkaiko Lurralde Historikoko uri hondakinak kudeatzeko eta tratetako sistemaren kanpoko auditoria egitea eskatu dabe. Auditoria horrek, Zabalgarbin sortutako elektrizidadearen parte barriztagarria jaso beharko dau, beste puntu batzuen artean. Proposamena ez da onartu, Bizkaiko ordezkarien artean 32k (EAJ-PNV, PSE, PP eta Talde Mistoa) kontra bozkatu dabelako eta proposamena aurkeztu daben talde bien botoak 16 izan diralako.


PARTE-HARTZEAGAZ ERLAZIONAUTAKO BATZORDEA SORTZEA

Eta amaitzeko, osoko bilkuraren gehiengoa herritarren parte-hartzeagaz erlazionautako “batzorde berezia” sortzearen alde agertu da. Proposamena EH Bilduk egin dau, eta EAJ-PNV, PSE-EE, Podemos Bizkaia eta Talde Mistoa alde agertu dira.

David Lopategi koalizino abertzaleko batzarkideak adierazo dauenez, “danok gura dogu parte-hartzea bultzatzea, baina ez dogu gauza berari buruz berba egiten gaia aitatzen dogunean”. Hori dala eta, batzarretako taldeen planteamenduak bideratuko dituan eta gai horretan adituak diranen agerraldirako lekua izango dan azterlaneko batzordea sortzea eskatu dau.

Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldea ekimenaren alde agertu da, Ahaldun Nagusiak kargua hartzeko hitzaldian aitatu ebazan “erronkakaz bat datorrelako”. Hitzaldi haretan Rementeria administrazino “gertuagoaren, zabalagoaren, partaideagoaren eta gardenagoaren” alde agertu zan, Jon Sánchezek azaldu dauenez.

PP taldea, bere aldetik, abstenidu egin da, batzorde hori “ez dala bide egokiena” uste dauelako, bere eretxiz “logikoagoa” izango litzatekelako eztabaida eta ekarpenak Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean egitea, eta ohiko batzordean, Foru Aldundiak iragarri dauen Parte-hartzearen gaineko Foru Arau Proiektuaren gaineko eztabaidan.