Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek Bizkaian ontzigintzako arotzerian arituko dan erakunde baten kokalekuaren gaineko azterlana eskatu dabe

Bilbao

Euskera eta Kulturako batzordeak, “Bizkaian ontzigintzako arotzeria berreskuratzen, erakusten eta hedatzen arituko dan erakunde baten kokalekua bultzatzeko aukerearen” gaineko azterlana egitea erabagi dau gaur goizean. Talde Mistoak aurkeztu dauen arauz besteko proposamenak talde guztien aldeko botoa jaso dau, abstenidu egin dan Podemos Bizkaiarena izan ezik. Proposamen horretan, Aldundiak, beste administrazino eta erakunde batzuekaz, erakunde hori gure kostaldeko ontziola historikoren batean egotearen aukerea aztertzea planteetan da.

Ekimenean, Pasaiako portuan antzeko beharra egiten dauen Albaola Fundazinoaren Gipuzkoako esperientzia jarri da adibide moduan. Une honetan euskal baleontzia eregiten ari dira, antxinako ontzigintzako tailerretan erabilten ziran teknika tradizionalak erabiliz. Tailer horreek “oso ohikoak ziran beste garai batzuetan”, eta “desagertzeko zorian egon dira”, kaltzaidua edo beira zuntza moduko beste material batzuk heldu diranean. Azterlan horretan, lurraldean “enplegua eta aberastasuna sortzeko” aukerea be aztertuko litzateke, Arturo Aldecoa batzordekideak defendidu dauenez horretarako “merkadua egon badagoalako”.

EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek adierazo dabenez, proposamen hori bat dator Euskadiko erakundeek –“Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek”– orain denpora gitxi sinatu daben hitzarmenagaz, euskal itsasoko ondarea eta “garrantzia galtzen ari diran” eta gure historiaren parte diran lanbideak berreskuratzeko.

Aurretik lurraldeko arotzen eta zurginen alkarteari galdetzeko eskatu dau EH Bilduk. Alexander Sardui batzordekideak adierazo dauenez, Lekeitio leku egokia izan daiteke erakunde hori jasoteko, udalerri horretan ontzigintzako ondarea kontserbeteari bultzadea emoteko egin diran esfortzuak autortuz.

PP taldeak “positibotzat” hartu dau ontzigintzako arotzeria berreskuratzearen aldeko ekimena, “gure historiaren parte dalako”, baina Podemos Bizkaia taldeak bere zalantzak erakutsi ditu Bizkaian ekimen barria martxan jartearen aurrean, Gipuzkoan antzeko beste bat dagoanean. Elsa Pamparacuatro batzordekideak adierazo dauenez, “espazioak bikoiztea” izango litzateke.


“PALANKARI” ESKULTUREAREN KOPIA BAT EGITEAREN GAINEKO AZTERLANA

Bizkaiko Batzarrek beste azterlan bat egiteko eskaria be egin deutsie Aldundiari, oraingo honetan, “El Palankari” eskulturearen eskaiolazko kopia egiteko modua aztertu daian, 1:1 eskalan, Bilboko Berreginen Museoan edo “adostutako beste lekuren batean” jarteko. Talde Mistoaren arauz besteko proposamenak EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoak eta EH Bildu eta Podemos taldeen abstentzinoa jaso ditu.

Proposamena, Higinio de Basterrak 1925ean egin eban eta Bizkaiko meategietako barrea jaurtiten eban gizonaren estatua “ezagutzen ez diran errazoiak dirala eta” desagertu egin dala jakin ostean egin da. 80ko hamarkadara arte Batzarretxean egon zan, ikerketa batzuek adierazoten dabenez.

Ekimenean eskaria egiten jako Foru Aldundiari, eskaiolaz egin beharreko “kopiaren kostua eta egiteko modua” aztertu daizan, EHU-UPVko Arte Ederren Fakultadeagaz eta Bilboko Berreginen Museoagaz alkarlanean.

Aldecoaren proposamena onartu egin dan arren, Batzarretako taldeen kritika batzuk be eragin ditu. Proposamenaren eukiaren kontra egon ez arren, Talde Mistoko batzordekide bakarrak Bizkaiko Batzar Nagusietako holango gaiak planteetako orduan erakusten dauen “arintasuna” salatu dau EH Bilduk.

Euzko Abertzaleak taldeak, bere aldetik, behar horretaz arduratu behar dana Euskera eta Kultura Foru Saileko Erabarritze Zerbitzua dla planteau dau, esperientzia luzea dauelako Bizkaiko ondareko artelan “garrantzitsuetan” izandako esku-hartzeetan, holan, onartu dan proposamenean planteetan zan moduan beste erakunde batzuetara “joten” ibili behar ez izateko. Maria Esther Furundarenak eskaria egin deutso Aldecoari, azterlanen eskaria “arrazionalizau daian”, azterlanek be “euren kostua daukielako” eta baliabide publikoak “mugatuta” dagozalako.


INDUSKETA ARKEOLOGIKOAK MERCADILLOKO ZUBIAN

Horrez gain, Bizkaiko Batzarrek, “ikerlariakaz batera, eta erakunde espezializauen partaidetzagaz, Mercadilloko Zubian eta alde bietatik dituan sarbideetan indusketa arkeologikoak egitea bultzatu daiala eskatu deutsie Foru Aldundiari”. Talde Mistoak planteau dauen eta EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen aldeko eretxia jaso daben ekimenak, Bengoetxen (Galdakao) dagoan azpiegitura horretan dagozan “bideak eta egiturak” dokumentau daitezala eskatzen dau, eta baita zubiaren “kronologia eta Donejakueko bideagaz eta antxina inguru horretan egozan beste bide batzuekaz izan dauen erlazino posiblea ezagutzea be”.

Arauz besteko proposamenak “kata arkeologikoak” planteetan ditu, Aldecoak adierazo dauenez “orain denpora gitxi” Monumentu kategorian Kultur Ondasun izendatua izan dan zubiaren alde bietan. Dana dala, proposamenak EH Bildu, Podemos Bizkaia eta PP taldeen abstentzinoa jaso dau. Eduardo Andrés popularrak, “lehentasuna”, zubi horrek Bengoetxe auzoan eragiten dituan uriolak konpontzea dala esan dau. Txusa Padronesen (EH Bildu) eretxiz, proposamena “orokorregia” da. “Azterlanetan dirua gastau aurretik, hoba izango da Aldundiko adituei galdetzea”, adierazo dau Elsa Pamparacuatrok (Podemos).

EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak ekimenaren alde agertu dira, 2014ko garagarrilean Kultur Ondareko foru zerbitzuak Ibaizabal errekearen gaineko zubi horren balorazinoaren gaineko txostena emon ebanetik Aldundia inguru horretan egiten ari dan ikerketa beharrak bultzatzen jarraitzeko.


GREBEA ARTE EDER MUSEOAN

Beste alde batetik, Bilboko Arte Eder Museoan zerbitzuak emoten dituan kontrata bateko beharginen grebeak geldialdia egin dau gaur Batzar Nagusietako Euskera eta Kulturako batzordean, onespenik lortu ez dauen Podemos Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen baten bitartez. Proposamen horretan, talde moreak Aldundiaren “bitartekaritzea” eskatu dau lan gatazka horretan. EH Bildu eta PP taldeak be eskari horren alde agertu dira. Arauz besteko proposamena ez da onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak behar hori egitearen arduraduna Aldundia izatearen kontra agertu diralako, “ez jagokolako berari”, museoaren patronatuko kideetako bat dan arren.

Talde Mistoak eskatu daben aurreko agerraldi batean Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputatu andreak esan dauenez, Bilboko museoa iztera behartu dauen Manpower enpresako beharginen grebea “ez da museoaren eta bere beharginen arteko lan gatazkea”, enpresa horren eta bere beharginen artekoa baino, eta behargin horreek zerbitzuen prestazinorako kontratu baten bitartez egiten dabe behar museoarentzat. Halanda be, Bilbao “arduratuta agertu da”, gatazkaren ondorioak dirala eta.

Euskera eta Kultura saileko arduradunak adierazo dauenez, berak zuzentzen dauen sailaren beharra ez da enpresa pribadu baten eta bere beharginen arteko “lan bitartekaritzea” egitea, eta kontratuan agertzen dan zerbitzua emotea ezinezkoa izan jakon unetik konpainia horrek “ez dauela kobretan” argitu dau. Bilbaok azaldu dauenez, Aldundia “inplikauta dago” gatazka konpontzean, gatazkea hasi zanetik Foru Gobernuko kideen parte hartzea izan daben “hiru bileretan” adierazo dauenez. Bilera horreetan erakundeen ordezkariak, patronatuko kideak, museoaren zuzendaritzak, enpresak eta beharginek hartu dabe parte.

Gatazkaren gaineko eretxiak zabaldu aurretik, enpresari “kontsultetea” eskatu deutse Bilbaok batzarretako taldeei, diputatu andrearen eretxiz enpresak “hobekuntzak” eskini deutsezalako beharginei, aitatutako gatazkea konpondu ahal izateko.

Oposizinotik eskaria egin da Aldundiak enpresaren eta beharginen arteko “bitartekaritza lana” egin daian, Bizkaiko kulturaren “oinarrizko zutabea” eta turistak erakarteko gune garrantzitsua dan museoa zabaldu ahal izateko. Arturo Aldecoak konponbidea lortzeko “estrategiak bilatzeko” eskaria egin deutse erakundeei, eta sinatu behar dan hurrengo kontratuan –2018tik aurrera sinatu beharrekoan– holango egoerarik gertatzeko aukerea “mugatzea” eskatu dau. Holango kontratu motak “barriro planteau behar dira”, eta aztertu egin behar da zeintzuk diran kontratu horreek eurenganatu behar dituen enpresak.

“Beste behin, Aldundiak kanpora ateraten dituan zerbitzuak arazoak emoten ari dira”, esan dau Eduardo Andrések (PP). Bere esanetan, Foru Aldundiak zerbitzua betearazoteko “eginbeharra dau”, turismo “gehien” dagoan garaian ondorio negatiboak ditualako.

Podemosek esan dauenez, grebari esker Museoko beharginek, eta kulturako beharginek, orokorrean, jasaten daben “prekariedadea” ikusgai bilakatu ahal izan da. “Laneko duintasun eta eskubide kontua da”, Elsa Pamparacuatrok esan dauenez, eta diru publikoagaz gertatzen ari danaren gaineko “gogoetea” eskatu dau. Ildo berean, Meritxel Elgezabalen (EH Bildu) eretxiz, egoerea “penagarria”, “prekarioa”, “jasanezina” eta “bidebakoa” da. Lanpostuen subrogazinoa eta soldatatan hobekuntzak eskatzen dituen azpi-kontratautako beharginen erreklamazinoak kontuan izatea eskatu dau. “Hilean 880 euro kobretea ez da duina”, eta gitxiago oraindino diru hori funts publikoetatik badator.

EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak bat etorri dira esatean Aldundia ez dala gai horretan bitartekaritza egiteko ardurea dauen administrazinoa, baina gatazkari konponbidea emoteko bilerak egitea positiboa dala be esan dabe, Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzea egiten ari dan bitartekaritza lanari esfortzuak gehituz.