Aurreko Albisteak

Palestinako enbaxadoreak Gernika bisitau dau

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak Musa Odeh Palestinako enbaxadorea hartu dau Gernikan gaur arratsaldean. Enbaxadoreagaz batera Marwan Burini kontseilaria eta Ayman Saade idazkaria etorri dira. Euskadin egin dauen egonaldi ofizialean, Palestinako ordezkaritzak, euskaldunontzat balio historiko handia dauen Gernikako Batzarretxea bisitau gura izan dau.

Palestinako ordezkaritzak Bizkaiko batzarretxeko eskilaretan bertan jaso dau harrerea, txistuan “Agur Jaunak”, errespetu eta harrera sinboloa, entzuten zan bitartean. Txistulariek eta Batzar Nagusietako presidenteak lagunduta, konbidatuek, Batzarretxearen eta Gernikako Arbolaren esanahiaren gaineko ikus-entzunezko laburra ikusi ostean, Batzarretako egoitzatik ibilpidetxoa egin dabe, Gernikako Arbola Zaharraren eta Haretx gaztearen ondoan argazkiak atera aurretik.

Ahaldun nagusiek eta Lehendakariek euren zina egiten daben leku berean, enbaxadoreak dantzari bikote baten omenaldia jaso dau, ohorezko “aurresku” batekin, eta horren ostean bisita gidaua egin da Batzarretxe barrura (osoko bilkuren aretoa, Beirategiaren aretoa-Museoa, artxibategi-liburutegia). Amaitzeko, Batzarretako presidentearen bulegora joan dira, eta bertan enbaxadoreak “Batzarretxeko Ohorezko Liburuan” sinatu eta mezua idatzi dau.

Batzar Nagusietako presidenteak, euskal eskubide historikoen berezitasuna azaltzen dauen “La Foralidad” liburuaren ale bat oparitu deutso Palestinako ordezkaritzari. Harrera ekitaldian, Maria Uribe Gernikako Alkateordea be egon da.