Aurreko Albisteak

Foru Aldundiak luzatu egingo dau zarataren aurreko babesa A-8 autobidean Zorrotzako kurben parean

Bilbao

Bizkaiko Foru aldundiak Zorrotzako kurbetatik igarotean A-8 autobidean dagozan pantaila akustikoak beste “128” metrotan luzatzea erabagi dau, Bilboko auzo horretan pertsona nagusientzako egoitzea zabaldu behar dalako. Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako diputatuak, EH Bilduk Batzar Nagusietan egin dauen erantzun-eske bati erantzunez iragarri dau hori. Neurri horrek, autobidetik datozan trafikoaren zaratak “murrizteko” Azpiegiturak erakundearen eta Bilboko Udalaren artean sinatu zan hitzarmena beteko dau.

Administrazinoko “azkenengo izapideetan” dagoan proiektu hori “bagil honen erdialdean” gauzatzen hasiko da. Une honetan A-8 autobidearen puntu horretan dagoan babesa “orain arteko tipologia eta ezaugarri berberakaz” luzatuko da. Babesaren luzapen hori “egoitzea martxan jarri orduko” egongo da prest.


TURISMOAGAZ ERLAZIONAUTAKO EKIMENAK

Beste alde batetik, Pradalesek Bilbao-Bizkaia Action Group sortu dala jakinarazo eta bere sailetik turismoaren arloan martxan jarri diran dinamizazino ekintzen barri emon dau, Bizkaiko Talde Popularrak eskatuta.

Holan, diputatu jaunak Bilbao-Bizkaia jomugea, Smart Tourism Destination (Turismo Adimentsuko Jomugea) moduan definidu dan kontzeptu horretako “nazinoarteko erreferente” gisa lekutzeak dauen garrantzia azpimarratu dau eta, horretarako, Foru Aldundiak bizipeneko turismoko hainbat ekimen jarri dituala martxan esan dau. Ekimen horreek informazinoaren teknologia barriek eskaintzen dituen bozgorailu aukerakaz lotu ditu, sare sozialakaz zerikusia daukan guztiari jagokonez.

Horreen artean, Pradalesek turismorako hainbat pakete sortu dirala esan dau, Gaztelugatxeko San Joanetik egingo dan ibilpidea itsasontziz, ur-azpiko esperientzia barne; Balmasedan egingo dan ekintza gastronomikoa, putxerakaz; Bermeon euskal pilotaz eta itsasoaz gozetako aukerea; “egun batez” artzain izatea Urkiolan; Plentzian dagoan ur azpiko upeltegira egingo dan bisita gidaua; edo Ezkerraldeko eta Meategi Inguruko meatzaritza mendietatik egingo diran ibilpideak, beste batzuen artean.

Proposamen barri horreen gaineko informazinoa emon aurretik, turismoak gure lurraldean izan dauen bilakaera “bikaina” erakusten daben datu batzuk gogoratu ditu Pradalesek. Lehenengo lau hilebeteetan "348.269" pertsona sartu ziran gure lurraldean, eta "629.941" gau igaro ebezan, hau da, igoerak %12,1ekoa eta %13koa izan dira, hurrenez hurren. Landa inguruetako ostatuetan, hazkunde horreek askoz nabarmenagoak izan ziran: %31,5ekoa eta %25,2koa, hurrenez hurren.

Pradalesek nazinoarteko turismoaren kuotea azpimarratu dau modu berezian, %16,26 egin dauelako gora. Estadu barruko turismoak be “hazkunde nabarmena izan dau”, %11,39 igon dalako.

Nazinoarteko merkaduen artean, Pradalesek sustapeneko ekintzak egin diran herrialdeak azpimarratu ditu: Finlandia (bertatik heldu dan pertsona kopurua %6,66 gehiago izan da); Herbehereak (%47,5), Alemania (%32,96) edo Latinoamerikako herrialdeak (%23,6).

Horrez gain, “gure jomugak dauen osasun bikaina” azpimarratu dau Aldundiak, zifrei eta egotaldiei jagokenez, daborduko gau bitik gertu dagoalako. Gainera, eragin ekonomikoaren azkenengo datuak erakusten dauenez, turismoaren sektoreak "1.725 milioi euroko” ekarpena egiten dau, hau da, BPGren “%5,1”.

Albiste on horreen artean, diputatuaren berbetan azpimarratzekoa da turista bakotxaren batez besteko gastua, 2015ean "456,10 eurokoa" izan zan eta. Bilboko hotelek be bilakaera positiboa izan eben euren logelen errentagarritasunari jagokonez. 2012ko batez besteko prezioa “72,1 eurokoa” izan bazan, urte bi geroago “96 eurora” igon zan, eta 2015ean prezio hori “100 eurora” heldu zan.


BILBAO-BIZKAIA ACTION GROUP

Bilbao-Bizkaia Action Group (BBAG) “kontsultarako” erakundearen sorreraren gainean galdetuta, Bizkaian turismoaren arloan dagoan alkarte egitura guztia batzen dauen gogoeta publiko-pribadurako taldea dala adierazo dau Pradalesek, eta bere helburua jomugearen dinamizazinoaren, produktuak merkaturatzearen eta jomugea sustetearen gaineko gaien inguruan behar egitea dala.

BBAG osatzen daben organuak Batzar Nagusia, Presidentzia, Presidenteordetzea eta Idazkaritzea dira. Osoko bilkurak 28 kide ditu, eta bertan Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Bilboko, Barakaldoko eta Getxoko Udaletako, EUDELeko, BGPko, Merkatzaritza Ganberako, Bilbao-Airreko, Portuko Agintaritzako eta sektoreagaz zerikusia daben alkarteetako kideak dagoz, beste batzuen artean.

Pradalesek jakinarazo dauenez, osokoa hiru hilebetez behin alkartuko da. Joan dan apirilaren 7an egin zan lehenengo bileran, daborduko eratuta dagozan azpi-taldeetan edo ponentzietan behar egiteko eskaria egin jaken partaideei: normalizazinoa eta balioan jartea; sustapena; eta prestakuntzea.

Batzarretako taldeek galdetuta, diputatu jaunak esan dau erakunde horrek ez dituala ordezkatuko foru eta udal administrazinoek aurrera eroaten dituen ekimenak, erakunde publikoek turismoa sustetako aurrera eroaten dituen laneko ildoak “aberasteko eta ebaluetako” balioko dauela baino. 2016ean partidea "30.000 eurokoa" izango da, eta adituen laguntza tekniko beharretara bideratuko da.


BIDESAREA PLANA

Talde Mistoak eskatutako beste agerraldi batean, 2016-2017 epealdirako Bidesarea planean aurreikusita dagozan “19 proiektuak” zein unetan dagozan zehaztu dau Pradalesek. Planaren aurrekontua “51,4 milioi eurokoa” da, eta “eskualde guztietan” eroango da aurrera, errepideetako segurtasuna eta lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko.

Une honetan obrak egiten ari diran errepideakaz hasiz, Pradalesek honeek aitatu ditu: Durangon BI-623 errepidea hobetzeko egiten ari diran eta “ia bukatuta dagozan” beharrak; Derioko lotunearen egokitzapena; “garagarrilean amaituko dan” Santo Domingo gaineko sarbideen eta espaloien berrantolakuntzea; BI-3602 errepidearen hobekuntzea Zallan “zemendian amaituko dana”; BI-2121 errepidea egonkortzeko beharrak Morgan (garagarrilaren amaierarako); Urberuaga-Markina errepidearen hobekuntzea (bagilaren bukaerarako); La Arenako Zubiaren konponketea, aurreikuspenak beteten badira 2017ko udabarrian amaituko dana; eta Busturialdean dagozan Gorozikako kurbak (abuzturako).

Oraindino hasi barik dagozan zatien artean honeek dagoz: “abuztutik aurrera egiten hasiko dan” Larraskituko lotunearen hobekuntzea; 2016ko “udazkenean” hasiko diran Usansoloko sarbideak berrantolatzeko beharrak; Arriandi-Bernako (Iurreta-Amorebieta) sarbideak berrantolatzeko lanak, “2016ko bukaerarako”; edo BI-633 errepidearen hobekuntzak Uberuaga-Plazakola-Berriatuan, BI-2636 errepidea Etxebarrian eta BI-631 errepidea (Trobikarako sarbidea), hiruak be “urte honen bukaeran” hasiko diranak.

Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Sailak 2017an hasiko ditu Lemoan eta Zeanurin N-240 errepidea hobetzeko lanak; Aparcabisa eta Max Centerreko zuzengunearen arteko bidea; Santo Domingo gaineko gasolindegien arteko trazaua zuzentzeko beharrak; BI-630 Balmaseda-Zalla errepidea hobetzeko lanak; eta Askatasun Bidearen luzapenaren eta Bermeoko saihesbideagaz izango dauen lotunearen eregintzea. Azkenengo hobekuntza lan horrek “gehienez be” 2,5 milioi euroko aurrekontua dauka, eta Udalagaz adostu ahal izango da.


ZEBRABIDEAK ARGITZEA

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordearen eguneko gai-zerrendan Bizkaiko Talde popularrak aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bat be jaso da, oinezkoentzako igarobide “adimentsuak” instaletako Aldundiak probak egin daizan, Cambrils udalerrian dagoana modukoak. Bertan, gauez oinezko bat hurbiltzen dan bakotxean igarobidea argitu egiten da. Idea ez da onartu, kontrako 9 boto (EAJ-PNV eta PSE-EE), 5 abstentzino (EH Bildu eta Podemos Bizkaia) eta aldeko boto 2 (PP eta Talde Mistoa) izan ditualako.