Aurreko Albisteak

Bizkaiak "erdira" murriztu dau bere aztarna ekologikoa hamahiru urtetan

Bilbao

Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak gaur adierazo dauenez, Bizkaiak “erdira” murriztu dau bere aztarna ekologikoa 2000. urtetik 2013ra, Bizkaiko iraunkortasunaren adierazleen sisteman jasotako datuak aitatuz. Talde Mistoak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Aldundiko arduradunak jakinarazo dau ingurumenaren gaineko adierazle hori “biztanle eta urte bakotxeko 2,81 hektarea orokorrekoa” izan zala kalkulautako azkenengo urtean (2013), eta kopuru hori “5,10 hektareakoa” zala 2000. urtean.

Unzuetak azaldu dauenez, aztarna ekologikoa “pertsona bakotxak kontsumitzen dituan baliabideak ekoizteko ekologiaren ikuspegitik produktiboa dan eta pertsona bakotxak sortzen dituan hondakinak xurgatu ahal izateko beharrezkoa dan azalera osoa” da, “azalera hori non dagoan kontuan hartu barik”. Diputatuak azaldu dauenez, balio hori kalkuletako metodologia bera erabili da urtez urte, 2000. urtetik, datuak “konparagarriak” izan daitezan, eta, holan, iraunkortasunaren arloan lurraldeak emon dituan aurrerapausuak neurtu ahal izateko.

Murrizketa hori, Euskadiko Administrazinoek azkenengo hamarkada honetan onetsi dituen “plan eta programa asko eta askori” esker lortu da, plan eta programa horreei esker “ekintza asko” gauzatu ahal izan dalako garapen iraunkorraren bidean aurrera egin ahal izateko, esan dau. Ekimen horreen artean, Unzuetak Euskadiko Landa Garapeneko Plana, Euskadiko Baso Plana, landa garapeneko programak, Bizkaiko nekazaritza-ingurumen programea, Uriko Hondakin Solidoen Kudeaketarako Plana, Bizkaiko Iraunkortasunerako Ekintza programea edo Bizkairako Energia Iraunkorreko Estrategia bera aitatu ditu, ostean udalerrietako hirigintzako planetan islatzen diran Bizkaiko Lurraldeko Sektore Planak ahaztu barik.

Unzuetak azpimarratu dauenez, aztarna ekologikoak 2004. urtetik aurrera erakutsi dauen joerea “gainbeherakoa” izan da, eta jatsiera nabarmenena 2008. eta 2009. urteen artean izan zan, urte horretan murrizketea “hektarea batekoa” izan zalako. Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak esan dauenez, Bizkaian “posible” dala garapen irakunkorra lortzea erakusten dabe datu horreek, baina oraindino “hobekuntzarako bidea luzea dala” gogoratu dau.

Batzarretako taldeek Administrazinoek eta herritarrek egindako “esfortzua” azpimarratu dabe, ingurumen naturalagaz bat etorriko dan lurraldea lortzeko, baina Talde Mistoak eta EH Bildu taldeak kritikau dabenez, aztarna ekologikoa kalkuletako modua parametro “partzialetan” oinarritzen da, eta ez ditu beste aldagai batzuk kontuan hartzen. Horreen artean, Arturo Aldecoak adierazo dauenez, Bizkaiko gizartearen kontsumo mailak “gora egiten jarraitzen dau”. EH Bilduko David Lopategiren eretxiz, Bizkaia “ez da iraunkorra, eta ez da izango”, parametro hori “planeta mailako esparrura lotuta joan behar dalako”. “Gauza zehatzetara jaistea” eskatu dau, eta “ikatzaren merkaduei, frackingari edo azpiegitura handiei laguntzen” oinarritzen diran gaur egungo politikak kritikau ditu.

Podemos Bizkaia taldetik aztarna ekologikoaren murrizketa hori modu iraunkorrean egin dan ala ez galdetu dabe. “Enpresa kutsakorrak ixten badira, adierazlea jaitsi egingo da”, adierazo dau Josean Elgezabalek. Bere esanetan, “oso une garrantzitsua ari gara bizitzen”, berokuntza globala dala eta. “Energiagaz erlazionautako politikak aldatzearen” alde agertu da.

PSE-EE eta EAJ-PNV taldeek, bizkaitarrok Lurraldean izten dogun aztarna ekologikoaren beherako joerea azpimarratu dabe. Zuriñe Argatxa batzordekideak, Aldundiak “kontzientziazino lanak” egiten jarraitzearen aldeko apustua egin dau. Erakunde publikoek eta herritarrek egiten daben “esfortzua ikusten lagunduko daben” datu horreek gehiago zabaltzea eta ezagutuarazotea eskatu dau. Horregaz kontrajarrita, Arturo Aldecoak “zuhurtzia handiagoa” eskatu dau gai horreen gaineko informazinoa emoteko orduan, Bizkaiko gizarteak estadistika horreek erakusten dabena baino eragin “handiagoa” dauelako.

Erantzuteko txandan, Unzuetak herritarrei zuzendutako mezua emon dau, “bertako” produktuak kontsumidu daitezan, helburu bikotxagaz: aitatutako aztarna hori murriztea eta gure ekonomia ekoizlea bultzatzea.


BOLUEKO HEZEGUNEA

Beste alde batetik, Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko batzordeak ez dau onartu Talde Mistoak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena. Proposamen horretan, Bolueko ibarreko eta Larrañazubi eta Bolue erreketako balio naturalak, animaliak eta landarak “modu eraginkorrean babesteko modurik hoberena aztertu daiala” eskatzen jakon Foru Aldundiari, hori dalako Bolueko hezegunearen “biziraupena” bermatzeko modu “eraginkorrena”.

Ekimenak EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako eretxia jaso dau, talde horreen eretxiz hezeguneak “behar besteko babesa” dauelako, hezegune horretan eta bertara doazan beste erreketan dagoan arrain arantzadunaren babesa jasoten dauen plana moduko babeseko hainbat tresnatan jasoten dana kontuan izanda.

Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeak proposamenaren alde agertu dira, azterlanak, hezegunetik gertu dagoan inguruneko egoera “konplexuaren” gaineko “informazino gehiago” emongo leukelako. PP taldea, bere aldetik, abstenidu egin da, proposamenean ez dalako aitatzen errekak gora egiten dauenean uriolak saihesteko neurriak hartzerik.