Aurreko Albisteak

Web-gune barriztua, edukinez hornituagoa eta erabilterraza

Batzar Nagusien web-gune barriaren itxurea

Batzar Nagusien web-gune barriaren itxurea

Bizkaiko Batzar Nagusiek aurrera egiten dabe informazinoaren teknologia barriakaz, web-gune barria martxan jarri dabe-ta. Beraz, www.jjggbizkaia.eus helbidera sartzen diran internautek era erraz-errazean aurkituko dabe Foru Erakunde historiko honen jardunbideari buruzko edukin gehiago.

Web-gunea zentzumenezko ezintasunen bat daukienentzat guztiz erabilterraz izan daitela gura izan dabe Batzar Nagusiek. Beraz, zabalik daukazun orrialdeak nazino arteko mailan erabilterraztasunaren inguruan ezarritako arauak zehatz-mehatz beteten ditu.

Web-gune barriaren diseinua erraza da, eta modernoa era berean; edukin guziak esku-eskura dagoz euskeraz zein gazteleraz. Jende guztiarentzat dago pentsatuta, bardin ohiko zerbitzuak ikusteko sarri sartzen diran herritarrentzat zein munduko edozein lekutatik sartzen dan edonorentzat. Hori dala-ta, hainbat eta hainbat edukin ingelesez eta frantsesez be ikusi leitekez.

Informazinoa hiru atal nagusitan dago eratuta. Lehenengoan, Erakundeari berari buruzko betiko argipideak agertzen dira: egoitzak, antolakuntza, foru-araupidea, aldizkari ofizialak eta Batzar Nagusien osakerea, oraingoa eta antxinakoa. Bilbon, Gernikan, Abellanedan eta Gerediagan ditugun egoitzei buruzkoak be hortxe agertzen dira, eta hortxe dagoz be Enkarterrietako Museoari buruzko argipideak —Bizkaiko Batzar Nagusien ardurapekoa da-ta Museo hori— eta Gernikako Arbolari buruzkoak, euskal herritarren ezaugarririk unibertsalena da-ta.

Web-gunearen erdialdean gaurkotasunagaitik eta gizarte-interesagaitik azpimarragarri izan daitekezan urtean zeharko albisteak ikusi leitekez. Atal honek Deiadarra dau izenburutzat eta politika-jardunbidetik aldenduago dagozan albisteen boletina da. Eta hirugarren atalean Batzordeen eta Batzar Nagusien batzarren informazinoa jasoten da, baita hedabideentzat eta enpresa hornitzaileentzat pentsatutako kanpoko beste zerbitzu batzuk be.

Edukin guztiok goitik behera egituratu dira, menu arina eta erraza atonduta eta diseinu minimalista eta modernoa erabilita. Era berean, Bizkaiko Batzar Nagusien irudi historikoa eta erakunde-irudia zaindu gura izan ditugu.

Web-gune barriak aukera asko eskaintzen ditu, esaterako Gernikako Batzarretxean egiten diran Batzar Nagusiak zuzen-zuzenean ikusteko modua, edo Batzar Nagusien egoitzak eta lekurik adierazgarrienak era birtualean bisitatzea, Osoko Batzarretan edo Batzordekoetan eztabaidatutakoak irakurri ahal izateko batzar-egunkariak eskuratzea edo Bizkaiko Batzar Nagusiakaz hartuemona izateko aurkerea emoten dauan “bat egin gurekin” atala.