Aurreko Albisteak

AMAITU DA GEREDIAGAN BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EUREN EGOITZAK EZAGUTZEN EMOTEKO ANTOLATU DABEN "BATZARRETIK BATZARRERA" BISITA PROGRAMEA

  • Azken bisitari-taldeak gaur egin dau ibilbide gidaua Bilboko eta Gerediagako parlamentu egoitzetatik.

  • Hiru egunetan Bizkaiko parlamentuak ia erabat bete du bere “ate edegien”.

(Bilbon eta Gerediagan, 2022ko bagilaren 19an). Bizkaiko Batzar Nagusiek arrakastaz amaitu dabe gaur BATZARRETIK BATZARRERA bisita-programearen bigarren edizinoa. Programa horren azken helmugea Gerediagako Batzar Etxea izan da gaur, Bilboko administrazino-egoitzea abiapuntu hartuta. Ekimen kultural horren bidez, Bizkaiko Batzar Nagusiak lurraldean parlamentarismoaren iragana eta oraina transmitiduten saiatzen ari dira, bere lau egoitzetan gidautako ibilbideak eginez: Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga. Maiatzaren 29an (Abellaneda), bagilaren 12an (Gernika) eta gaur (Gerediaga) egindako hiru jardunaldietan, Bizkaiko parlamentuak ia erabat bete du bere “ate edegien”.

Betiko moduan, ibilbidea Batzar Nagusien Bilboko administrazino-egoitzean hasi da (Hurtado de Amezaga, 6). Foru parlamentuaren ohiko jarduerea egiten dan eraikineko gela nagusiak ezagutu ostean, “Ate Edegiak” programako azken bisitari-taldea autobusez joan da Gerediagara (Abadiño), orain Gerediagako Batzar Etxea eta garai batean Durangoko Merindadeko Batzarrak batzen ziran lekua dan Gerediagako San Salvador eta San Clemente baseliza zaharraren historian murgiltzeko.

Bizkaiko botere legegilearen erdigunera egindako bisitak, foru erakundea Bizkaiko herritarrei edegiteko proiektu globalagoaren parte dira. Proiektuaren helburua Europako erakunde parlamentario zaharrenetakoa danari balioa emotea da. Gaur egun, oraindino be, politikaren, gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren ikuspegietatik aktibo garrantzitsua da Bizkaiko gizartearentzat; izan be, tenplu horreetan herritarren egunerokoan eragina daukien erabagi garrantzitsuak hartzen dira gaur egun be. Lurraldean zehar dabilen eta Galdakaon dagoan erakusketa ibiltariak idea hori azpimarratzen dau.

Gerediagara egin dan bisitan Durangaldeko Batzarren berezitasunetan sakondu da. Zina egiteko Gerediagako San Salbador eta San Klemente baseleiza ezagutzeko aukera parebakoa izan da; izan be, jentearentzat itxita egon ohi da. Horren aurrean, borobilean jarritako hamabi harri handiko moltsoa dago. Horreetako bakotxak Durangoko Merindadeko eleizateen ordezkari lez joaten ziran fededunen eserleku funtzinoa beteten eban.