Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK JARDUERA EKONOMIKOA BULTZATZEKO 2 MILIOI EUROKO LAGUNTZAK IRAGARRI DITU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN OSOKO BATZARREAN

  • Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak urtebeteko gabealdiak iragarri ditu Elkargiren eta Seed Capitalen maileguak ordaintzeko, baita merkataritzako bonu barriak eta lurraldea hornitzeko kateak erakarteko proiektu bat be.

(Gernikan, 2022ko apirilaren 27an). Bizkaiko Foru Aldundiak igazko diruzaintzako soberakinetatik urtengo daben neurri ekonomiko barriak iragarri ditu gaur Gernikako Batzar Etxean egindako kontroleko saioan. Ekonomia Sustatzeko Sailak “2 milioi euro” erabiliko ditu lau ekimen martxan jarteko: merkataritzarako bonuen kanpainea (milioi bat), hornikuntza- eta ekoizpen-kateak lurraldera ekartea aztertzeko programa barria (800.000 euro), Elkargigaz lankidetza-hitzarmen barria enpresentzako maileguen gabealdia luzatzeko gastuak estaltzeko eta Seed Capital Bizkaiaren Bizkaia Aurrera mikrokredituen gabealdia luzatzea.

Neurri barriak Talde Berezia-PP Bizkaiaren itaun batean iragarri dira. Itaun horretan Covid-19ak, Ukrainako gerrak eta inflazinoak sortutako krisia Bizkaiko ekonomian sortzen ari dan efektu “hilgarria” arintzeko neurriak eskatu dira. Esther Martínez batzarkideak salatu dauenez, Aldundiak ez deutse “jaramonik egiten” Bizkaiko ekonomiari buruzko alertei, izan be BPGari, enpresak lurraldera heltzeari, biztanleria galtzeari eta industriako enpleoaren murrizketari buruzko beheranzko adierazleak dagoz. Datu horreek gero eta txarragoak ari dira izaten aspalditik, eta, haren eretxiz, arazo ekonomikoak “ez dira koiunturazkoak, egiturazkoak baino”. Popularrentzat, beharrezkoa da “espiritu erreformistea” aktibetea, Bizkaiaren desaktibazino ekonomikoa iraultzeko neurriak ezarrita, bai eta “aukerak handitzeko eta talentuaren arretarako ez ezik, talentu-sortzaileentzako bilgune izateko be”.

“Ez dago jarrera apatikorik. Arduratuta eta lanpetuta gagoz pandemia eta gerra baten ondorioei aurre egiteko baldintzarik onenak sortzeko”, erantzun dau Ainara Basurkok, eta orain dala hilebete batzuk Aldundiak ezarritako neurriak printzipio bitan oinarritzen dirala azaldu dau: enpresen egoerearen azterketa “errealistan” eta “erakundeen arteko koordinazinoan”, neurriak “eraginkorrak” izan daitezan.

Basurkok azken hilebeteetan administrazinoek martxan jarri dituen neurrien errepasoa egin dau. Besteak beste, apirilaren 12an Aldundiak iragarritako 270 milioiak, diruzaintzako gerakinetatik ateratakoak, proiektu estrategikoak gauzatzeko erabiliko dira (metroa Galdakaora luzatzea, Leioako Avanzada estaltzea, bide berdeak eta foru-egoitzak edo harrera-etxeak eregitea gizarte-bazterketa saihesteko). Modu berean, bere sailaren lanari balioa emon deutso; izan be, aurrekontuaren “% 80” enpresa-sarerako proiektu “estrategikoen” palanka moduan erabilten dau, ez epe laburrerako bakarrik, baita “epe luzera begira” be.

Ahozko erantzun-eske batean, Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak zergak bajetako eskatu deutso Aldundiari, “egiturazko” arazo horreei aurre egiteko, baina Ahaldun Nagusiak berak ukatu egin dau hori. Unai Rementeriak “zuhurtziaz jokatu behar dala azpimarratu dau, eta gehiago oraindino holango ziurbakotasun ekonomikoko egoeran”. Lehenengo hiruhilekoko datuek ez dabe esaten lurraldea PPk marraztutako egiturazko krisi-egoeran dagoanik: BPGren hazkundea % 5etik gorakoa da edo langabezia digitu biren azpira bajau da. Rementeriak esan dauenez, presaka jokatu ezkero “huts egin daiteke” eta Esther Martinez kritikau dau bere taldeak zergak bajatzea proponidu dauelako, eta aldi berean inbertsino publikoko gastua handitzea be. Ganera, Alberto Núñez Feijoó liderrak eskatzen dauen gauza bera hemen planteetan ete dan argitzeko eskatu dau, harek eskatutakoen artean ez dago-eta “PFEZaren tarifa deflaktetea”, Martinezek iradoki dauen moduan.

KALIDADEKO ENPLEOA

Batzarkide bakotxa joakon jarlekuan jarrita dagoala egin da osoko batzarra, aspaldiko partez. Batzarraren gai-zerrendako beste puntu batean, Elkarrekin Bizkaiako Israel Escalante Mesónek, 2017an onartu zan Araudia betez gizarte- eta ingurumen-klausulak beteten diran ala ez Aldundiak zelan kontroletan dauen galdetu deutso Elixabete Etxanobe Landajuela Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuari. Alderdi moreko batzarkideak sektore publikoan “azpi-kontratazinoa orokorra izatean” jarri dau arretea, hori ez datorrelako bat Aldundiaren “lehentasunezko” ardatzetako bategaz, hau da, kalidadeko lanpostuak sortzeagaz, Escalanteren berbetan.

Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, kontrol-mekanismo “nagusia” kontratuen administrazino-klausulen agiria da, alderdiek derrigorrez bete beharrekoa, eta bertan ezarten dira beharginen lan-baldintzak eta -eskubideak, bai eta bardintasunari, desgaitasunari, hitzarmenak beteteari edo, beharrezkoa izan ezkero, beharginak subrogatzeko betebeharrari buruzko kontuak be. Eta Aldundiak kontrol “bikotxa” ezarten dauela ohartarazo dau, kontratua sustatu dauen foru sailaren eta Foru Gobernuaren Kontratazino Zerbitzuaren bitartez.

Enpleo baldintza duinak beteteari jagokonez, Aldundiak eskura dituan tresna biren bitartez “bete egiten dau” konpromiso hori: Enpleo publikoa eta kontratazino publikoa. Legegintzaldi honetan, Aldundiak, “3.332 klausula sozial ezarri ditu 355 kontratutan”, hau da, batez beste “12 klausula kontratu bakotxeko”. 2021ean bakarrik, Foru Gobernuak 11 Esparru Akordio sinatu ebazan.

TASA EFEKTIBOA SOZIEDADEETAN

Beste itaun batean, Arantza Urkaregi EH Bilduko batzarkideak Soziedadeen ganeko Zergan gitxieneko tasa efektiboa zelan ezarri eta bermatuko dan galdetu deutso Aldundiari, Ekonomiaren Lankidetzarako eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) urrian 136 herrialdek 2023tik aurrera 750 milioi euro baino gehiago fakturetan dituen enpresei Soziedadeen ganeko Zergan % 15eko gitxieneko tasea ezarteko konpromisoa lortu ostean. Urkaregik Amazonen adibidea jarri dau: iaz 51.300 milioi euro fakturau ebazan Europan, eta ez eban euro bakar bat be ordaindu zergetan.

Bizkaiko gitxieneko tasa altuagoa da (% 17), baina Urkaregiren berbetan “ez da beteten”. 2019ko ekitaldian Soziedadeen ganeko Zergan aurkeztutako “ia 35.000 aitorpenetatik”, 4.254 aitorpenen tasa efektiboa % 15etik beherakoa izan zan. Datu horretan, “kenkariak baino errazoi gehiago dagoz”, Urkaregiren eretxiz. Urkaregik “enpresen diru-sarreren araberako gitxieneko tasa bat eskatu dau”, eta ez kuota likido zergagarriaren araberakoa.

José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak “oso positibotzat” jo dau ELGAn lortutako akordioa, “politikoa eta juridikoki loteslea ez dana”. Bizkaiko Ogasuneko arduradunaren eretxiz, EBren barruan modu “koordinauan” egokitu behar da “disimetriak saihesteko”, baina “ez gagoz planteamentu arauemoile bat egiteko unean”, “ez daukagulako behar besteko zehaztapenik”, hori urte honetarako aurreikusita egoan arren. Batzordeko kide diren herrialde guztiek aurretik aho batez onartu beharko leukie azken proposamena. Kenkariei jagokenez, Iruarrizagak adierazo dauenez, 2013ko zerga-berrikuspenaren ostean, epe ertainera egindako inbertsino “estrategikoak” baino ez dira geratu.

ERREKALDEKO SAIHESBIDEA ETA SARRATUKO GELTOKI INTERMODALA

Bilboko HAPO onartu ostean, Aldundiak Errekaldeko saihesbidea eregiteko proiektua idazten hasteko emongo dituan pausuez galdetu dau EH Bilduk. Imanol Pradales Azpiegituretako foru diputatuak ez dau mugarri barririk aurreratu Bizkaiko parlamentuan jakinarazo eban plan “posibilistaren” barruan. “Ahal dan neurrian egingo da aurrera”, esan dau. Raul Mendezek, barriz, “lehentasunezkoa” izan daitela eskatu dau, aurreikusitako plana kontuan izanda, “ia 8 urteko” denpora tartea aurreikusten dalako obraren fase biak gauzatzeko.

EH Bilduk egindako erantzun-eskeetan, Sarratuko geltokia metroaren 2. linearako “zuzeneko konexinoa” eukiko dauen geltoki intermodala izan daiten emondako pausoei buruzko erantzuna eskatu da, Basauriko Udalaren osoko bilkurak mozino batean eskatu dauenaren ildotik. Kasu horretan, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak erantzun dauenez, ETS “egikaritze-proiektuan pausuak emoten ari da Sarratuk ahalik eta intermodalidade handiena izan daian”, basauritarrak eta Bizkaiko enparauko herritarrak kontuan hartuta.

UDALKUTXA FUNTSA

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaia arduratuta agertu da lurraldeko udalerriak “gitxiegi finantzauta dagozalako”. Hori dala eta, Udalkutxaren banaketea zelangoa izango dan aztertzeko udalakaz batera sortutako batzorde mistoan izango dauen jarrerea aurreratzeko eskatu deutso Aldundiari.

Elixabete Etxanobe Landajuela Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak Aldundia “ez dala proposamen jakin batetik abiatzen” esan dau. Udalerriakaz eta, ostean, Bizkaiko Batzar Nagusiakaz “ahalik eta akordio handiena” lortzeko azterlana egitea espero dau, Toki Ogasunei buruzko egungo Foru Araua ordeztuko dauen esparru juridiko barria izateko. Talde moreak bere ekarpenak egin ahal izateko espazio bat edegitea eskatu dau. Besteak beste, funtsa “hobeto hornituta” egotea proponidu dau Eneritz de Madariaga talde horretako bozeroaleak. Aldundiak “ez dauka funts horrek zelangoa izan behar dauen jakiteko abiapunturik”, erantzun deutso Etxanobek.

HONDAKIN-URAK

EH Bilduk barriro ekarri dau osoko batzarrera Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo udalerriek euren hondakin-urak behar dan moduan ez tratetearen gaia, eta horren inguruko azalpenak eskatu deutsaz Aldundiari. Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko foru diputatuak aurreratu dauenez, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak azterlan “zehatza” egin dau. Azterlan horrek Arrakundiaga-Zollorako ebazpen bat eta hiru jarduketa bateratzen ditu: hodi biltzaile orokor bat Gastaka-Bekoatik Bakiolaraino, Nerbioi ibaiaren ondoan dagozan nukleoetako urak hartzeko; hegoaldeko auzoetako urak aurrerantzean eregiko dan araztegira bideratzeko beste kolektore bat; eta hirugarren neurria araztegi trinkoen instalazinoa izango da, kanalizazino horreek heltzen ez diran lekuetarako. Soluzino horrek “21 milioi eurotik gorako” kostua dau, eta Arakaldok be Partzuergoan sartzea eskatzea erabagiko baleu kopuru hori “aprobetxau ahal izango litzateke”. Erakunde horrekin bat egiteko deia egin deutse bi udalerriei, eta hori ez jako gustau EH Bilduko Zigor Isuskizari, “txantaje” moduan ikusi dauelako.