OHZ-IBIaren eta katastroaren Foru Arau proiektuen Batzarretako izapidetzeak aurrera jarraituko dau Batzar Nagusietan, gaur batzordean aldaketa batzuk adostu ostean

Proiektu biak, batzarretako taldeen ia ehun zuzenketa-eskegaz helduko dira Bizkaiko Batzarretara. OHZ-IBIaren ganeko arauari jagokonez, 43 zuzenketa-eske partzial aurkeztu dira (EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek batera aurkeztutako 2, EH Bilduren 13, Podemos Bizkaiaren 15 eta PP taldearen 13). Katastroaren ganeko proiektua aldatzeko ahalegina 48 zuzenketa-eskeren bitartez bideratu da gaur (EH Bilduren 5, Podemos Bizkaiaren 15 eta PP taldearen 28).
Amaitzeko, Katastroaren ganeko arau proiektuak jaso ditu aldaketa gehien, 9 zuzenketa-eske onartu diralako. Horreetatik sei EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen zuzenketa-eske transakzionalak izan dira, bi PP taldeak sinatu ditu eta bat Podemos Bizkaiak. Ondasun Higiezinen Zergaren ganeko erespenak bost aldaketa jasoko ditu, EAJ-PNV eta PSE-EE (baterako 2), EH Bildu (2) eta Podemos Bizkaia (1) taldeen zuzenketa eske batzuk onartu diralako.
GAINKARGUA ETXEBIZITZA HUTSAK DIRALA ETA
Halanda be, onartu diran aldaketen artean, EAJ-PNV eta PSE-EEk batera aurkeztu daben zuzenketa-eske bati esker OHZ-IBIan jaso dan eta arau proiektuaren 10. artikulua aldatzen dauena azpimarratu behar da. Atal barri bat sartzen da, udalek zergaren kuota likidoaren “%50 arteko” gainkargua “eskatzeko” eskubidea izan daien, “zergadunaren edo alogeran emonda edo erabilera lagata beste pertsona batzuen bizilekua ez diran” higiezinen kasuan.
“Ahalmen” horren helburuetako bat “etxebizitza hutsak azaleratzea” da, jagokon udalerriko erroldan xedatzen dana kontuan izanda, adierazo dau Janire Bijueska batzordekideak. Aldaketa hori EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen aldeko botoakaz eta batzarretako gainerako taldeen abstentzinoagaz onartu da. EH Bilduk, bere abstentzinoa azaltzeko orduan, “aurrerapausua” dala esan dau, talde horrek gainkargua “%150era” ailegetea planteau dauen arren.
ONARTU EZ DIRAN ZUZENKETA ESKEAK
Zuzenketa-eskeen azalpenean eta eztabaidan, batzarretako taldeak hainbat gai azpimarratu ditue, eta guztiak be atzera bota ditue EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek, horreetatik sei izan ezik. Katastroaren ganeko arau proiektuan, PP taldeak eskaria egin dau, informazinoa “egoitza elektroniko barri” baten bitartez emon daiten, eta EH Bilduk udalakaz “ulertzeko guneak zabaltzea” eskatu dau, balioen ponentzia onartzeko orduan “akordioak” lortu ahal izateko. Talde berak, katastroa eguneratzeko beharrak egiteko orduan kanpoko azpi-kontratazinoa saihestea be eskatu dau. Podemos Bizkaia taldeak, bere aldetik, Aldundiaren eta udalen arteko lankidetza “aktiboa” sartzea, ondasunak baloretako orduan “iraunkortasuneko erespideak” kontuan hartzea eta “adimen eta ikusmen urritasuna daben” pertsonek informazinoa jaso daien “irisgarritasuna” hobatzea eskatu dau.
OHZ-IBIaren kasuan, foru arauan familia ugarientzat orain arte jaso dana moduko hobariak udalen eskuetan egotearen kontra agertu dira popularrak. PPk ez dau lortu aldeko behar beste boto langabezian dagozan pertsonentzako, “alargunentzako” edo herri lanen eraginak jasoten dituen saltokietarako salbuespenak gehitzeko. Podemos Bizkaia familia ugariei emoten jaken hobarian “muga bat” ezartearen alde agertu da, etxebizitzaren katastroko balioa kontuan izanda –“250.000 euro arte”– Euskadiko familia ugarien alkartetik, Hirukidetik, heldu dan herritarren alegazinoaren parte bat jasoz.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek, euren aldetik, baztertu egin dabe holango “derrigorrezko” hobari moetak sartzeko aukerea, eta Udal bakotxak, talde horreentzako laguntzak diru-laguntzen bidez emoteko aukerea izatearen alde agertu dira, udal “batzuk” daborduko egiten daben moduan, Alexia Castelo sozialistak adierazo dauenez. EH Bilduk eskaria egin dau, hobari horreek “borondatezkoak” izan daitezan eta bizikidetzako unidadearen errentea eta kide kopurua kontuan izanda neurtu daitezan.
Ondasun Higiezinen Zergaren aldaketen ganeko eztabaidan, Podemos Bizkaia eta EH Bidu taldeek, une honetan eleizaren ondasunei apliketan jaken salbuespena sartu dabe. Talde biak OHZ-IBIa apliketearen agertu dira, emoitza moduan jaso diran eta Konkordatuan edo beste akordio batzuetan agertzen ez diran etxebizitzen kasuan, gitxienez.
Beste alde batetik, Foru Gobernua eusten daben taldeek ez deutsie aterik itxi, gaurtik osoko bilkurea egiten dan arte, arauan beste salbuespen batzuk sartzeko aukereari, landa izaerea daukien ondasun higiezinentzat, nekazaritzako jardueran hasten diran 40 urtetik beherakoei zuzenduta EH Bildu taldeak planteau dauena modukoa, besteak beste. Koalizino abertzaleak 15 urteko salbuespena planteetan dau.
Horrez gain, batzordeak ez ditu onartu Podemos Bizkaia taldearen hainbat ekimen, babes ofizialeko etxebizitzei apliketan jakezan salbuespenak handitzeko, gaur egungo 3 urteetatik 6 urtera pasetako edo DSBE-RGI izenekoa jasoten dabenek OHZ-IBIa ordaindu behar ez daien. Ganera, “%100eko” hobaria eskatu dabe 100.000 eurotik beherako katastro balioa daben etxebizitzentzat.
ALDUNDIAREN AZALPENA
Gaurko saioan, Bizkaiko Foru Aldundiak, beste doikuntza “tekniko” batzuen artean Bizkaiko tributuen sistemako bost zerga aldatzeko foru arau proiektuaren barri emon deutse batzarretako taldeei. Zerga horreen artean dagoz Errentaren gainekoa, Soziedadeen gainekoa, Ekonomiako Jardueren gainekoa, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentauen gainekoa, eta Uri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zergea.