Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO LEHENDAKARIAK UKRAINAKO ENBAXADAKO ORDEZKARITZEA HARTU DAU GERNIKAKO BONBARDAKETAREN 85. URTEURRENEAN

  • Eusko Jaurlaritzak konbidauta Euskadin zehar egiten ari dan bisitaren barruan, Ana Otadui Biterik Sergii Solovey enbaxadako lehenengo idazkariari lagundu deutso foru-egoitzak eta Gernikako Arbolea, Bakearen sinbolo unibersala, ezagutzeko ibilaldian.

(Gernikan, 2022ko apirilaren 26an). Sergii Solovey Ukrainak Espainiako Estaduan dauen enbaxadako lehenengo idazkaria Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariagaz alkartu da gaur Gernikako Batzar Etxean, Euskadik Errusiaren inbasinoa dala-eta Ukrainako herriari alkartasuna adierazoteko asmoz. Ordezkari diplomatikoagaz batera, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzea etorri da, Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia buru zala, baita Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendaria be; eurekaz batera Euskadi-Ukraina alkarteko kideak.

Bizkaiko parlamentua eta Gernikako Arbolea ezagutzeko bisitea Gernikako bonbardaketaren 85. urteurreneko ekitaldien barruan egon da. Gerra ekintza horrek ehundaka hildako itxi ebazan Gernikan. Urtero lez, Bizkaiko parlamentura joan baino lehen, biktima horreen omenezko lora eskaintzea egin da Zalloko hilerrian, Iñigo Urkullu lehendakaria, Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea, Josu Erkoreka, Idoia Mendia eta Beatriz Artolazabal sailburuak eta sarraski haren lekuko izandako batzuk bertan zirala.

Sergii Solovey Ukrainako enbaxadako lehenengo idazkaria be hitzordu horretara joan da, Enbaxadoreak, agenda-arazoak dirala eta, ezin izan deutsalako erantzun Lehendakariak egin eutson konbiteari. Konbite horren arrazoia izan zan Volodímir Zelenski Ukrainako presidenteak apirilaren 5ean Diputatuen Kongresuan Gernikaren bonbaketari buruz egindako aitamena, Errusiak Ukrainari egindako erasoagaz alderatu ebana. “Emoten dau 1937ko apirilean gagozala”, esan eban Zelenskik.

Nazien Armadako Condor Leginoko hegazkinek, faxista italiarren laguntzeagaz, 1937ko apirilaren 26an bonbardau eben Gernika, Espainiako Gerra Zibilean, eta ehundaka zibil hil ebezan. Oroitzapen hori oso bizirik egon da Ana Otadui Batzar Nagusietako lehendakariak Eusko Jaurlaritzako ordezkariakaz eta Ukrainako enbaxadako lehenengo idazkariagaz izan dauen bileran.