Aurreko Albisteak

ALDUNDIKO LIBURUTEGIAK 8,8 PUNTUKO BATEZ BESTEKO NOTEA LORTU DAU ERABILTZAILEEN ARTEAN

  • Aldundiak ez dau Ahaldun Nagusiaren Kabineteak eraikin horren hirugarren solairua okupetearen inguruko “erabagirik hartu”.

  • Euskara, Kultura eta Kirol sailak kirolean euskerea sustatzeko BIKEE proiektuaren balantzea egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan

(Bilbon, 2022ko apirilaren 26an). Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak azken eretxi-inkestan batez beste “8,8 puntu” lortu dituan Aldundiko Liburutegiak erabiltzaileei eta beharginei jagokenez dituan ontasunen errepasoa egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan. Asebetetzea, oro har, “bikaina” da, Bilbaoren esanetan. Erabiltzaileen % 98a “oso pozik edo pozik” dago kultura-eskaintzeagaz eta instalazinoakaz. Eta “ia erabiltzaile guztiak” erdiguneko kultura-esparru horretara “itzultzeko prest dagoz”.

Balorazino horreek Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatutako agerraldian emon dira gaur. Bertan, beharginek eta erabiltzaileek Aldundiaren Liburutegiaren egoeraren eta funtzionamentuaren inguruan dituen “kexak” jaso dira. Talde horrek egiaztau dauen azkenengo ardurea hirugarren solairuko espazio bat Aldundiaren administrazino arloko erabilerarako hartzeko aukerea izan da. Hector Medrano batzordekideak azaldu dauenez, “600 sinadura baino gehiago” batu ditue daborduko, Ahaldun Nagusiaren Kabineteko beharginek egoitza hori hartu ez daien.

Gai horri jagokonez, Bilbaok ziurtatu dauenez, ez dago espazio horren okupazinoaren inguruko “erabagirik hartuta”, baina, halangorik balego zentroarentzat eragina “ahalik eta txikiena” izango litzateke. Foru Jauregiko beharginak etorkizunean egin behar diran obra batzuk dirala eta lekualdatu behar diranez, Aldundia “hainbat aukera” aztertzen ari da, baina argi itxi dau beharginen derrigorrezko lekualdatzearen inguruko erabagia “ez dagoala hartuta”. Aldundiak hartu dauen erabagi “bakarra” “beharginek obretako zaratak jasan behar ez izatea da, euren beharra baldintza onenetan egin ahal izateko”.

Bilbaok gogorarazo dauenez, liburutegiaren funtzino nagusia antxinako funtsak kontserbetea da, ikertzaileen eskura jarteko. Bere garaian, ikasteko gelak egokitu ziran, “gure eskumenen artean egon ez arren”, gizartean horretarako preminea egoala onartuta. Alderdi morearen itaunei erantzunez, Bilbaok adierazo dau “ez dagoala biltegiratze-erabilera irregularrik, eta ez dala halangorik egon behar”, eta berak dakienez ez dirala plazak kendu ikasketa-aretoetan.

Balantzeagaz jarraituta, Bilbaok esan dau “500 personak” osatu dabela bisita gidauen programea. Liburutegiak “25 ekintza kultural” egin ditu 2021ean. Funtsen aurrez aurreko kontsultei jagokenez, urtebetean 11.140 postu presentzial eta hemeroteka digitalera 569.000 bisita izan ziran. Inkestea bete daben personek ez dabe hobekuntza-punturik antzeman bertako instalazinoetan, eta, besteak beste, garbitasuna, erosotasuna eta ingurumen-baldintzak nabarmendu ditue balorazinoetan.

BIKEE - BIZKAIAN KIROLA BE EUSKARAZ PROIEKTUA

Euskara, Kultura eta Kirol diputatua EH Bilduk eskatuta be etorri da batzordera, Bizkaiko eskola-kirolean euskerearen erabilereari buruzko azkenengo datuen balantzea egiteko, eta, zehatzago, 2017ko martian Euskera Bizian egindako hausnarketa estrategikoaren barruan sortu zan BIKEE -Bizkaian Kirola Be Euskaraz- programaren balantzea egiteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko kirol-sareagaz lankidetzan, lurraldeko kirol-sisteman parte hartzen daben persona eta erakunde guztien artean “euskerearen erabilerea sustatzeko” pausua emon eban. Lehenengo fasean –2021era arte–, Bizkaiko federazino guztien borondatezko parte-hartzea erakartea izan da lanaren ardatza. Gaur egun, Bizkaiko “39” kirol-federazinok (Bizkaian 44 federazino dagoz guztira) osatzen dabe BIKEE proiektua. 3 urteko epean laguntzak jasoten ditue teknikarien eta beharginen euskalduntzea errazteko. Prozesu horretan, federazino bakotxagaz jarduketa-plan independenteak gauzatu dira. Horreetatik “19” oinarrizko mailan dagoz, “13” bitarteko mailan eta “7” maila aurreratuan, Bilbaok egiaztau dauenez.

Arretea federazinoetan jarri ostean, igaztik Lorea Bilbaok zuzentzen dauen saila buru-belarri aritu da Bizkaiko alkarte eta klubak inpliketan. Holan, Aldundiarentzat beharrean ari dan Artez enpresea hartu-emonetan jarri da Bizkaiko eskualdeetako kirol-erakundeakaz, “bilera teknikoen” bidez. Hobekuntza-prozesu horretan “Jokatu” prestakuntza-programea be sartzen da.

Sailak uste dau kirola “oso esparru egokia” dala gizartean euskerearen erabilerea hobetzeko, “hizkuntza-paisaia ezin hobea” eskaintzen daben “hainbat profiletako” personak batzen ditualako, besteak beste, gazteak, entrenatzaileak, epaileak, enpresak, boluntarioak, komunikabideak…

Bilbaok emondako datuen arabera, kirolarien % 33k erabilten dabe euskerea eta % 63 elebidunak dira. Datu horreen aurrean, % 5ak gaztelania bakarrik erabilten dau. Teknikariei jagokenez, % 80k euskerearen ezagutza “ona edo ia ona” daukie. Entrenatzaileen % 36k erabilten dau, eta ezelango ezagutzarik ez daukienak % 5 baino ez dira.

EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia kritiko agertu dira programeagaz, eskola-kirolean lortu dan euskerearen erabilera mailea dala eta. Zigor Isuskiza Arana ahalduna “kezkatuta” agertu da euskerearen erabilerea “oso urria” dalako eskola-kirolaren “esparru guztietan”. Egoerea “larria” da, eta euskerearen erabilerea eremu ez-formal horreetara zabaldu daiten “sendo” jokatzeko eskatu deutso Aldundiari.

Bilbaok azpimarratu dauenez, euskal erakundeek plan ugari egin ditue, eta BIKEE plan “integrala” da eta eskualde “guztietara” zabaldu da. Itzulerarik garrantzitsuena ez dira lortutako erritmoak, “gailurrera alkarregaz heltzea” baino, “danok soka berean”, eta orain arte, “inor ez da programaren kontra agertu, eta inork ez dau atzerapausurik emon. BIKEEri atxiki jakozan erakundeei jagokenez, danak ari dira aurrera egiten”.