Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK XIV. ETA XIX. MENDEEN ARTEKO IA 300 DOKUMENTU BATZEN DITUAN ARGITALPENA AURKEZTU DABE

Goio Bañales

  • Goio Bañales historialariaren “Enkarterri. Haren historiarako dokumentuak. 1297-1821” liburuak lanerako eta ezagutzarako tresnea eskintzen deutse aditu, interesau eta ikertzaileei.

(Abellanedan, 2022ko apirilaren 21ean). Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterrietako Museoak eskualdearen eta, orokorrean, Bizkaiaren iragana aztertzen eta ikertzen jarraitzen dau. Gaur, etenbako ezagutza-prozesu horren azkenengo kapitulua emon da ezagutzera, Goio Bañales historialariaren lana zabalduz. XIV. eta XIX. gizaldien arteko 276 dokumentu batu ditu guztira (1297. eta 1821. urteen artekoak); oso lan interesgarria da, eta adituentzako, interesdunentzako eta ikertzaileentzako lan-tresna erabilgarria.

“Enkarterri. Haren historiarako dokumentuak. 1297-1821” izeneko liburua igaz argitaratutako beste liburuki baten jarraipena da, eta moeta guztietako idazkiak batzen ditu 1.362 orrialdetan: aktak, dokumentu historikoak, irudiak, hamarrenak, jurisprudentzia... Irakurleak antxinako uribilduen sorrerea gogorarazoten deuskuen transkripzinoak aurkitu ahal izango ditu, horreen artean Lanestosarena 1287an; XIV. gizaldiko bizimoduak susmau ahal izango ditu 1386an Artzentaleseko eta Santurtziko nekazariek ordaindu behar ebezan hamarrenak irakurtzean; Erdi Aroko ontzigintzara hurbilduko da Martin Ochoa de Larrearen (1480) edo Martin Diaz de Menaren karabelen aitamenakaz; Balmasedako eta San Martingo (1480) gotorlekuak etorriko jakoz gogora; herrien mugei erreparauko deutse, Salcedo (Zalla eta Gueñes), Gordexola eta Okendo artean dagoan 1406ko apeoari esker; gaur egun Kantabrian dagoan Castro Urdiales bere historiaren parte batean Bizkaiko Korrejimenduaren parte izan zala jakingo dau; eta burdinak Enkarterriko ekonomian izan eban garrantzia baieztuko dau, Erdi Arotik XIX. mendera Somorrostroko haranean ibili ziran burdingurdiak ezagutuz.

Hilketak, zalapartak, guduak, erbesteratzeak eta hainbat ika-mika, horreen artean 1486an Ochoa de Ortusaustegui hilteagaitik Diego de Larragorria Gordexolako bizilagunaren kontra ezarritako heriotza-zigorra, Barakaldoko kartzelako kontuak (1489), Ochoa de Salazarri ezarritako kondenea (1489) eta Bañalestarrakaz izandako auziak (1490). 1494an Abantora armauta joan ziran 5.000 edo 6.000 enkarterritarrek sortutako zalapartea eta altxamendua oso nabarmena izan zan.

Garai bateko bideak (1491), Trianoko Goi Mendietako mea-guneak (1491), burdinolak (1492), antxinako bentak (1492) edo Gaztelako urrutiko lekuakaz egiten zan merkataritzea, Medina del Campogaz, adibidez, 1494an hara bidaiatzen eban Galdamesko Ochoa de Gulluri moduko bizilagunak protagonista zirala. Horreek guztiak garai haretako bizimoduaren adibide dira. Garai haretan bizimodua ataratea ez zan beti erreza, 1495ean ikusten dogun moduan. Urte haretan, “aguadutxu”, eta uriola handi batek etxeak, bideak eta zelaiak suntsitu ebazan Cadaguako haran osoan, eta denpora luzez inkomunikauta itxi eban inguru hori guztia.

Holako dokumentu horreek “iragana modu zuzenenean ulertzen laguntzen dabe. Edozeinek kontsultau eta bere lanak egiteko erabil daiken materiala da. Iraganera gerturatzen gaitu, kasu honetan Enkarterriko iraganera, baina baita Bizkaiko eta inguruko lekuetako iraganera be, Arabako Aiala bailarara edo ondoko Castro Urdiales urira”, Javier Barrio Enkarterrietako Museoko zuzendariaren berbetan. Azken batean, “Bizkaiko parte bateko, Enkarterriko, historia osoa. Historia horretan jente arrunta familia handiakaz nahasten da. Lurralde honen historia moldatu eben leinuak, batzuetan txarrerako, beste batzuetan ez hain txarrerako eta inoiz onerako be: Aialatarrak, Salazartarrak, Velascotarrak, Bañalestarrak eta beste hainbeste”.

Lotutako estekak: