Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKO BILKURAK EUKALIPTOA LANDATZEKO DEBEKUA LAU URTEZ LUZATZEA ONARTU DAU

  • Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeen aldeko botoakaz Bizkaiko parlamentuak 2025eko abenduaren 31ra arte zugatz-espezie hori landatzeko debekua onartu dau.
  • Aldundiari eusten deutsien Batzar Nagusietako talde biek eta Elkarrekin Bizkaiak testuan sektorea konpentsetako neurriak sartzea adostu dabe.
  • Uri Lurren Balio Gehikuntzaren ganeko Zergaren inguruko Bizkaiko araudia aldatzeko EH Bilduk aurkeztutako foru arau proposamena aintzat hartzea onartu dau Bizkaiko parlamentuak.
  • Gizarte Ekintza Sailak martxan jarri dauen egoitzetako bizikidetza-unidadeen inguruan ebaluazino-txostena egitea be onartu da.
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek Guatemalan gertatutakoaren inguruko Erakunde-Adierazpena irakurrita ekin deutsie ohiko osoko bilkurari. Adierazpen horretan, giza eskubideen defendatzaileen kontrako kriminalizazinoa eta estigmatizazinoa bertan behera itzi daizala eskatzen jako Guatemalako Gobernuari, modu berezian, komunikazino-eskubidearen defendatzaileen kontrakoak, eta persona horreei alkartasuna adierazoten deutse.

(Gernikan, 2022ko apirilaren 13an). Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak Mendiei eta babespeko naturguneen administrazioari buruzko ekainaren 2ko 3/1994 Foru Araua aldatzea onartu dau gaur Gernikan, Bizkaian eukaliptoak landatzeko debekua lau urtez luzatzeko, 2025eko abenduaren 31ra arte. Foru Aldundiaren araudia aldatzeko planteamenduak Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia batzarkide-taldeen babesa izan dau.

Aldundiari eusten deutsien taldeen eta Elkarrekin Bizkaiaren arteko akordioak baso-eredu jasangarrirantz joan gura daben mendien jaubeak konpentsetako neurriak sartu ditu. Erdibideko zuzenketa-eskeak debekuaren luzapena babestu daben Bizkaiko parlamentuko taldeen babesa izan dau.

Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasuneko eta Natura Inguruneko foru diputatuak azaldu dauenez, baso-politikea diseinetako lehenengo pausua da; izan be, “foru arau osoa lantzen ari gara”, eta datozan urteetan ezarriko dan basogintzako politikak dimentsino anitzekoa izan beharko dau, landa-garapena bultzatzea, produkzino-sektorea mantentzea eta enpleoa sortzea bultzatzeko helburua dauen ikuspegi sozioekonomikoa integratuz, eta, beste alde batetik, ingurumenaren kontserbazinoa bultzatuz, basoko espezieen arteko orekaren bidez.

Debekua luzatuta, Eukaliptoaren hedapena geldiarazo gura da Bizkaian, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen orekea zaintzeko baso-antolaketarako tresnak onartu eta araudia egokitzen dan bitartean, esaterako, Mendiei buruzko Foru Arau barria atara arte. Diputatuak azaldu dauenez, arauaren aldaketea “aurretiazko Kontsulta Publikoko prozesuaren ostean egin da. Prozesu horretan sektoreko hainbat erakundek, ekoizlek, ingurumen-kolektibok, komunidade zientifikoak eta teknikoak eta norbanakoek parte hartu dabe, eta horreen guztien eta herritarren eretxiak jaso dira”.

Arau-aldaketak banda marroiak pinuan eragin dauen gaixotasunak areagotu dauen espezie hori zabaltzeko prozesua geldiarazo gura dau; izan be, 2020an Euskal Autonomia Erkidegorako egindako Baso Maparen arabera, “hazkunde bizkorreko konifera horrek hartzen dauen azalerea guztizkoaren % 15,6 da”, diputatuak adierazo dauenez.

Datu horreek emon ostean, diputatuak adierazo dau arau-aldaketea xedapen barri baten bidez egituratuko dala. Xedapen horrek adierazoten dauenez: “aldi baterako neurri legez, 2025eko abenduaren 31ra arte, bakarrik baimenduko da Eucalyptus generoko basobarritzeak egitea barritu nahi dan sailean lehen be zegoan masa genero horretakoa bazan huts-hutsean edo mistoa izanik ha bazan nagusi –% 50 baino gehiago–, eta, beti be, aurreko landaketak egitean indarrean zegoan araudi sektoriala errespetatu bada.” Diputatu andreak ganeratu dau, “xedapen gehigarri hau Osoko Batzar honetan onartu eta egun gitxira sartuko dala indarrean”, eta “erlojuaren kontra aritu dirala, debekuaren luzapena ahalik eta bizkorren sartu daiten indarrean”.

EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak kritikau egin dabe aurkeztutako zuzenketa-eskeen artean bakarra onartu izana eta beste gai batzuei buruz aurkeztu dituen beste asko onartu ez izana. Gai horreen artean egozan, esaterako, debekuaren luzapena zabaltzea, luzapenaren arrazoi “zehatzak”, eukaliptoa espezie inbaditzaile moduan katalogatzea, lurzoru publikoen eta pribaduen arteko tratamendu berezia, edo 2025etik aurrerako etorkizuneko asmoei buruz aurkeztutako zuzenketak. EH Bilduk adierazo dau debekuaren luzapenak “ez dauela urteetatik datorren arazoa konponduko”, baina “tresna egokia” izan daitekeala denpora bitarte horretan arau osoaren ganeko hausnarketea egiteko; foru arau hau onartzeagaz pozik dagozala ganeratu dabe.

Elkarrekin Bizkaiak adierazo dau, euren eretxiz, aurkeztu daben bigarren zuzenketa-eskea “asmo handiagokoa zala”, debekua Baso-plana egin arte luzatzea proposatzen ebalako. Araua onartu dan moduan onartuta, luzapenaren “arrakastea, edo arrakastarik eza”, 4 urte barru ikusiko dala ganeratu dabe.

Aldundiari eusten deutsien taldeek “ona” dan arau baten ganean egin dabe berba, orain arte egindakoa “errespetetan” dauelako eta eukaliptoa zabaltzea “geldiarazoten” eta bertako espezieen azalerea zabaltzearen alde egiten dauelako. Jesus Lekerikabeaskoa Arrillaga bozeroale jeltzaleak adierazo dau “debekuaren luzapena ez dala berez konponbidea, eta ez dala horizonte barik landatu behar”, eta “egoerak okerrera ez egiteko neurria” dala ganeratu dau.

Azkenik, Talde Berezia-PP-Bizkaiak adierazo dauenez, “debekuaren luzapena funtsezkoa zan”, eta “foru arau proiektu ona da, mendiak kontserbetea ahalbidetuko dauelako eta egurraren sektorearen ekoizpen-helburuakaz bateragarria dalako”. Ganera, eztabaidea “interesgarria eta produktiboa” izan dala esan dau.

PLUSBALIOAREN GANEKO ZERGEA URI-LURRETAN

Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkurak 8/1989 Foru Araua aldatzearen inguruko EH Bildu taldearen foru arau proposamena aintzat hartzea onartu dau, Uri-lurren Balio Gehikuntzaren ganeko Zergari buruzkoa. Batzar Nagusietako Talde Berezia-PP Bizkaia taldea izan da ekimenaren kontra agertu dan bakarra, aurka egoteko arrazoitzat agertuz proposamenak udalak kontuan hartzen dituan arren, herritarrak ez dituala kontuan hartzen, “herritarrak eurak izanik zergea ordaindu behar dabenak”. Modu berean, fiskalidadeari jagokonez, beste taldeakaz alderatuta, oso ikuspegi desbardinak dituela adierazo dau Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak, ez dabelako uste administrazino publikoaren kudeaketa txarra herritarrei zergak igotearen bitartez konpondu behar danik.

EH Bilduko Arantza Urkaregi Etxepare batzarkideak 8/1989 Foru Arauan Uri-lurren Balio Gehikuntzaren ganeko Zergaren karga-tasea mugatzen dauen artikulua aldatzea proposatzeko arrazoiak azaldu ditu. Aldaketa horren bidez, udalek, udal-autonomiaren printzipioa aplikauta, zergaren karga-tasea udal bakotxaren ezaugarri espezifikoen arabera aldatu daikie, eta orain dala gitxi onartu dan “7/2021 Foru Dekretu Arauemailearen ondorioz sortutako kaltea konpondu daiteke”, EH Bilduko bozeroalearen esanetan. Ganeratu dau udalei autonomia handiagoa emon behar jakela eta hori bat datorrela Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak taldeak defendiduten dauenagaz; era berean, argitu dau ez dabela udalen diru-sarrerak handitzea planteatzen, horreei eustea baino.

Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia taldeak uste dau zergak higiezinen espekulazinoa “hoztu” daikela, eta udalerrien finantziazino-eskasia konpondu egin behar dala, Xabier Benito Ziluaga batzarkideak adierazo dauenez.

Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak taldeak, proposamena kontuan hartzea babestu dauen arren, adierazo dau alderdia ez datorrela bat EH Bilduk aurkeztu dauen foru arauaren proposamenaren oinarriagaz, ez datorrelako bat haren arrazoi nagusiagaz. Unai Lerma Mentxaka bozeroaleak adierazo dau udalen diru-bilktearen murrizketea ez dagola bakarrik tasa aplikagarriaren menpe, faktore gehiagoren menpe be badagoala; eta aplikau behar dan tasea eztabaidatzeko prest dagozala ganeratu dau, “uste dogulako aukerea emon behar dala tipoei buruz eztabaidatzeko, arauaren goitik beherako barrikuspena heldu arte”. Horri jagokonez, Lerma Mentxaka batzarkideak adierazo dau ez dauela ulertzen Elkarrekin Bizkaia taldeak zelan esan leiken Bizkaiak gehieneko tasea ganerako lurraldeetako batez bestekoaren azpitik daukala.

Azkenik, Batzar Nagusietako Euskal Sozialistak taldeak “positibotzat jo dau foru arauaren proposamena aintzat hartzearen inguruan lortutako adostasuna”, hondino be aurretik “lan handia” dagoala ganeratuz. Zergen harmonizazinoa be aitatu dau “zergen kudeaketa eraginkorragoa lortzeko tresna” moduan.

ADINEKOEN EGOITZAK

EH Bilduk aurkeztu dauen mozino bat onartu dau Ososko Batzarrak, aldeko 42 botogaz. Gizarte Ekintza Sailak martxan jarritako bizikidetza-unidadeei buruz Aldundiak ebaluazino-txostena egitea eskatzen zan mozinoan.

Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak azaldu dauenez, mozinoaren arrazoia egoitzen eredu barriak mendekotasuna daukien persona guztiei (mendekotasuna handia daukienei, adibidez) erantzun ezin izatea da. Egoitzaratuen profila gero eta konplexuagoa da, Izaskun Duque Santacoloma bozeroaleak azaldu dauenez, adibidez, desgaitasun funtzionala daukien personak be artatzen diralako eta horreek premina konplexuagoak dituelako. “Beharbada, lan taldea berrikusi beharko da, eta, horretarako, beharginen ratioak berrikusi beharko dira dekretuan, eta behargin gehiago hartu”, ondorioztatu dau batzarkideak.

Elkarrekin Bizkaia abstenidu egin da, “ez dauelako alderik ikusten aurreko ereduaren eta oraingoaren artean”, baina taldeak txostenaren aldeko interesa agertu dau. “Egoitza eredu barrian gardentasun handiagoa egotea espero dogu”, esan dau Eneritz de Madariaga Martín bozeroaleak.

EUROPAKO FUNTSEN JARRAIPENA ETA EGUNGO EGOERA SOZIOEKONOMIKOAREN ETA POLITIKOAREN AURREAN HARTU BEHARREKO NEURRIAK

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Europako funtsak gauzatzearen kontrolari eta jarraipenari buruz oposizinoko Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak aurkeztu dauen mozinoa, eta, beraz, Aldundiak ez dau Europako funtsen gauzatzea kontroletako eta jarraitzeko organu bat sortzea bultzatuko.

Era berean, ez dira onartu EH Bildu taldeak “egoera sozioekonomikoari aurre egiteko hartu beharreko neurriei buruz” aurkeztutako mozinoa eta Elkarrekin Bizkaia taldeak “Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerreak Bizkaian dituan ondorioak arintzeko Foru Aldundiak abian jarri beharreko neurriei buruz” aurkeztutako mozinoa.

ERAKUNDE-ADIERAZPENA

Guatemalan izandako gertakarien aurrean, Bizkaiko Batzar Nagusiek alkartasuna adierazo deutse adierazpen-askatasunerako eskubidea eta herrien eta justizia sozialaren zerbitzurako komunikazino-eskubidea baliatzen daben herriei, defendatzaileei eta, bereziki, komunikabide komunitario eta alternatiboen komunikatzaileei; era berean Guatemalako Gobernuari eskatu deutsie bertan behera itxi daizala giza eskubideen defendatzaileen eta, bereziki, komunikazinorako eskubidearen defendatzaileen aurkako kriminalizazinoa eta estigmatizazinoa.