Aurreko Albisteak

GARDENTASUNAREN ETA HERRITARREN PARTE-HARTZEAREN ARDATZEN INGURUAN EMON DIRAN AURRERAPAUSUAK AZALDU DITU ALDUNDIAK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

Bilbao

  • Elixabete Etxanobe Landajuela Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak agerraldia egin dau, Aldundiak gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen arloan egindako aurrerapenen barri emoteko.

(Bilbon, 2022ko apirilaren 11n). Bizkaiko Foru Aldundiak Legegintzaldi honetan Gardentasunaren eta Herritarren Partaidetzaren inguruan emoten ari diran pausuak azaldu deutsez gaur Batzar Nagusietako taldeei Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean. Gardentasunari jagokonez, Aldundiaren webgunean egin dana laburbildu dau, eta, ostean, informazinoa eskuratzeko eskubidearen inguruan gardentasun-planean jasoten diran ardatzak azaldu ditu. Herritarren parte-hartzeari jagokonez, hori ahalbidetzeko neurrien eta baliabideen barri emon dau.

Elixabete Etxanobe Landajuela Diputatuak, Elkarrekin Bizkaia IUk eskatuta, zehatz-mehatz azaldu ditu batzordean gardentasunaren arloan Legegintzaldi honetan Gardentasunaren Foru Planaren ardatzetan oinarrituta emondako aurrerapausuak. Gardentasunaren inguruko aurreko Foru Planaren inflexino-puntuetako 2 nabarmendu ditu, Bizkaia Gardena eta Open Data Bizkaia atariak. Gardentasunari jagokonez, publizidade aktiboan egindako hobekuntzak aitatu ditu, horreen artean informazinoaren eukien eta egituraren inguruan egin diranak, eskuragarriagoak eta ulergarriagoak izan daitezan. Informazino publikoa eskuratzeko eskubidean emondako pausuei jagokenez, herritarrei eskeinitako zerbitzuen inguruko prozedurak hobeto ulertzeko emondako pausuak aitatu ditu, eta lengoaia argiko programari jagokonez, 60 euki egokitu dirala nabarmendu dau, horreen artean, errentaren kanpainari buruzkoa.

Ganera, Aldundia Open Data Bizkaia sustatzeko egiten ari dan lana be aitatu dau diputatuak, Open Data barriro erabilteko lankidetza-sarea sortzeko informazinoa enpresen, unibersidadeen, herritarren eta beste eragile batzuen eskura jarteko helburuagaz.

Herritarren parte-hartzeari jagokonez, Elixabete Etxanobe Landajuelak adierazo dau estrategiak eta planak ezinbesteko tresnak dirala, baina eragileen eta herritarren parte-hartzea barne hartu behar dituala. Gauzatutako ekintzen artean, herritarrei zuzendutako parte-hartze orokorreko xedapenen plana nabarmendu dau.

Datu horreek emon ostean, diputatuak adierazo dau Aldundiak ezagutzen dauela informazinoaren eskuragarritasunean dagoan arrakala digitala, lanean ari dirala horren eragina jasaten daben kolektiboak identifiketako, eta horreetakoren bategaz be lan egin dabela, adinekoen kolektiboagaz, besteak beste. Modu berean, adierazo dau Covid19ren eraginaren ondorioz ezin izan dirala aurreikusitako 14 ekintzetatik 3 gauzatu, baina epe laburrean amaituko dirala.

Batzar Nagusietako talde sozialistak eta jeltzaleak positibotzat jo dabe Aldundia arlo horretan egiten ari dan ahalegina. Halanda be, oposizinoko taldeek adierazo dabenez, informazinoa eskuratzeko orduan orokorrean mugak dagoz, eta bitarteko digitalen ordez beste bitarteko batzuk kontuan hartzea proponidu dabe, herritarrengana modu zuzenagoan ailegetako.

ELEIZEAREN ONDASUN IMMATRIKULAUAK

Batzordean, Bizkaian Eleiza Katolikoak immatrikulautako ondasunen aurrean Aldundiak emondako pausuak be aztertu dira, Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia Taldeko Israel Escalante Mesonek eskatuta. Diputatuak azaldu dauenez, ondasunen inguruko zerrenda bi dagoz, publikoak dira eta kontrastau daitekez. Holan, udal bakotxak horreek barrikusi eta erreklamazinoak aurkeztu ahal izango ditu, egoki eretxi ezkero. Ganera, behin baino gehiagotan esan dau Aldundia Udalen esanetara dagoala erreklamazinoak egiteko beharrezko aholkularitzea emoteko. Orain arte udalen aldetik ez dala kontsultarik jaso ganeratu dau.

Azkenik, batzordean 6 agerraldi-eskaera bozkatu dira, horreetako hiru Aldundiaren esku dagozan erakundeen ingurukoak, Zugaztel, Lantik eta Biscaytik, eta beste 3 diputatuak berak sailen politiketan eragina daukien gaiak azaltzeko egindako agerraldiaren ingurukoak, eta guztiak aho batez onartu dira.