Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BAT EGIN DABE KORRIKEAGAZ GERNIKAN

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak AEKk euskerearen alde antolatzen dauen lasterketaren 22. edizinoko kilometroetako bat egin dau Bizkaiko parlamentua ordeztuz.

(Gernikan, 2022ko apirilaren 7an). Bizkaiko Batzar Nagusiek Korrikeagaz bat egin dabe eguen honetan. Lasterketea Bizkaian ibili da gaur. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak AEKk antolatzen dauen euskerearen aldeko lasterketa herrikoiaren lekukoa hartu dau Gernikako Batzar Etxearen inguruan. Aurtengoa lasterketaren 22. edizinoa da, eta “HitzEkin” leloa daroa.

Lasterketak geldialdi txikia egin dau Gernikako Batzar Etxeko eskilaratatik gertu arratsaldeko 16:00ak aldera. Gernikako Arbolatik metro gitxira, Otaduik, Jesús Lekerikabeaskoa, Bea Ilardia, Zigor Izuzkiza, Emilio Lobato, Héctor Fernández eta Mikel Bagan batzarkideakaz batera, besteak beste, barriro ekin deutso ibilbideari, foru erakundeak Busturialdeko herrian erositako kilometroaren zati bat egiteko.

Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak azpimarratu dauenez “euskerea gure herriaren ondarea da eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari nagusia nazan aldetik, keinu txiki honegaz milioi bat bizkaitar baino gehiago ordezten dituan erakundearen babesa erakutsi gura deutsat. Herritar guztiak animau gura dodaz euskerearen erabileran hitzetatik ekintzetara pasau daitezan”.