BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ENPLEO-PLANAREN EBALUAZINOA URRIAREN 31 BAINO LEHEN AURKEZTEKO ESKATU DEUTSIE ALDUNDIARI

- Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak akordiora heldu dira Talde Berezia-PP Bizkaiagaz, Batzar Nagusietan egingo dan 2020-2021 aldirako Enpleoaren Defentsarako Planaren ebaluazinoaren aurkezpena zehazteko.
(Bilbon, 2022ko apirilaren 7an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeek sinatutako erdibideko zuzenketa-eskea onartu dabe gaur. Zuzenketa-eske horretan, Enpleoa Babesteko 2020-2021 Planaren ebaluazino espezifikoa Bizkaiko parlamentuari “urriaren 31 baino lehen” “aurkezteko eta helarazoteko” eskatzen jako Aldundiari. Akordioak, “planaren erronketako batean ezarritakoagaz bat etorrita 2020-2023 Enpleo Planaren kudeaketearen barruan enpleo-politiken ebaluazino integrala sartzeko” atal bat jasoten dau. Desadostasun batzuakaz, Batzar Nagusietako beste talde biek epe hori babestu dabe. EH Bilduk zuzenketa-eskearen alde bozkatu dau eta Elkarrekin Bizkaia abstenidu egin da.
Erdibideko zuzenketa-eskeak Talde Berezia-PP Bizkaiak aurkeztutako arauz besteko proposamena ordeztu dau. Bertan, “enpleo-politika aktibo eraginkorrak martxan jarrita Lanbide sortu zan garaiko helburuak beteteko” eskatzen jakon Eusko Jaurlaritzari, lan-merkaduan bitartekaritza-kasu gehiago lortzeko; kasu horreek “gitxi dira oraindino” Esther Martínez PPko batzordekidearen eretxiz. Puntu hori kentzea eta ebaluazinoa aurkezteko azken datea zehaztea izan dira azken testuaren oinarriak. Talde horrek “hilebete batean” aurkeztea gura eban.
Gorka Beitia batzordekide jeltzalearen eretxiz, “Bizkaian enpleoa sortzeko bultzadea” ekarriko dauen ebaluazino hori urria baino lehen aurkezteko Aldundiari zuzendutako agindua “egokiagoa eta errealistagoa” da, sinatzaileen ustez, eta azterketea “egiten ari dala” baieztu dau, baina “ezinezkoa dala” hasieran planteautako epean amaitzea.
Horri jagokonez, Juan Otermin bozeroale sozialistaren berbetan, plan horren bidez, “Bizkaia norabide onean doa” eta prekariedadearen eta lan-behin-behinekotasunaren kontra burrukatzeko soluzinoak emoten ditu. Gobernu zentrala be horri aurre egiten ari da, lan-erreforma onartu edo Lanbidearteko Gitxieneko Soldatea igon ostean.
Elkarrekin Bizkaitik Israel Escalantek nabarmendu dauenez, sortzen dan enpleoaren kalidadea kantidadea “besteko garrantzitsua” da eta arlo horretan “gehiago egin daiteke”. Zuzenketa-eskeari jagokonez, EH Bilduren moduan, epe jakin bat zehaztearen alde agertu da, baina “faltan bota dau” Eusko Jaurlaritzari Lanbideren bitartekaritza-lana lan-merkaduan bultzatzeko eskatzen eutsan puntua.
DEMAREN BALANTZEA
Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako batzordeak aho batez onartu dau, EH Bilduk proponiduta, María Victoria Riol Rojo DEMAko zuzendariak agerraldia egitea hurrengo saio batean. Azkenean Teresa Laespada foru diputatuagaz batera etorriko da, Aldundiari eusten deutsien taldeek eskatuta. EH Bilduko Iker Rahonak azaldu dauenez, kontua soziedade publiko horren jarduerearen “jarraipena egitea” da.