BATUZEK 9.300 ZERGADUNEN BORONDATEZKO ATXIKIPENA LORTU DAU
- Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, bere sailak 2021ean iruzurraren kontra egindako jarduketen balantzea egiteko
- Daborduko berreskuratu da Bizkaian igaz azaleratutako 322 milioi euroko iruzur fiskalaren % 80a
(Bilbon, 2022ko apirilaren 7an). Ohikoa danez, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak iruzur fiskalaren kontrako burrukaren emaitzen balantzea egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan. Jarduketa horreei esker 2021ean “322 milioi euro” azaleratu ziran, eta horreetatik “% 80a” daborduko sartu da Ogasunean (258 milioi). Ogasun eta Finantzetako batzordean Batzar Nagusietako taldeen aurrean egindako berbaldian, Iruarrizagak zergadunak Batuzera, hau da, jarduera ekonomikoak gauzatzen dituen zergadunentzako kontrol eta laguntza sistema integralera, atxikitzearen inguruko datuak be emon ditu. Orain arte, “9.300 zergadun” atxiki dira euren borondatez, igazko abenduan hasi eta joan dan barikuan “hirugarren leihoa” edegi eban inskripzino-epearen barruan. Aurtengo lehenengo hiruhilekoan sistema horregaz “5,5 milioi” eragiketa egin dira.
Iruarrizagak azpimarratu gura izan dau, baita be, 2021eko abenduaren 31n Ticket Bairen baldintzak beteten dituen “385 software” izena emonda egozala Bizkaian, eta martirako euskal ogasun guztietan “800” aplikazino egozala. Batuz sistemea Bizkaiko Ogasuna murgilduta dagoan digitalizazino-prozesuaren parte da. Prozesu horrek, besteak beste, “informazino gehiago” lortzeko aukera emoten dau, eta, ondorioz, baita “iruzur fiskala detektetako eta erregularizetako gaitasuna” be. Diputatuak zehaztu dauenez, 2021ean Batuzen inguruko “31 dibulgazino-jardunaldi” egin ziran, eta jardunaldi horreetara 4.093 persona gerturatu ziran.
Iruzurrari jagokonez, Foru Ogasunak 2021ean gauzatutako jarduketek 322 milioi euro azaleratu ditue. Horretarako, Bizkaiko ogasuneko zerbitzuek “530.000 jarduketa” zenbatu ebezan Iruzurraren kontra Burrukatzeko Planaren barruan, prebentzinoaren, informazinoa lortzearen, erregularizazinoaren eta kobrantzaren arloetan. Iruarrizagak adibide bategaz azaldu dauenez, iruzur egitea “ez da doakoa”; izan be, “iruzurtutako 1.000 euroko, 1.300 euro ordaintzen dira”, zehapenak, interesak eta errekarguak gehituta.
Foru Ogasuneko zerbitzuek gauzatutako prebentzino-, informazino- eta erregularizazino-jarduketek mota guztietako zergadunak eta jarduketa-eremuak barne hartu ebezan 2021ean. 2017 eta 2020 artean aurkitutako iruzurraren eta ezarritako zehapenen “% 94a” berreskuratu dau Ogasunak, eta 2021ean, barriz, “% 80a”.
Igazko emaitzaren heren bat Soziedadeen gaineko Zergan egindako kontrol- eta egiaztapen-jarduketen bidez lortu da. BEZa, atxikipenak eta Errentaren ganeko Zerga izan dira emaitzarik handienak emon dituen ganerako tributuak. Ganera, Ogasunak ustezko hamabi delitu fiskal helarazo deutsaz fiskaltzari. Azken horreek, guztira 9,8 milioi euroko iruzurra egin dabe, ustez.
322 milioi euroko azkenengo emaitzatik, Foru Ogasunak daborduko 258 milioi jaso ditu. Azaleratutako guztizkotik, 245 milioi euro zergen ordainketan ordaindu bako zenbatekoei jagokez, eta 77 milioi, barriz, euren betebeharrak bete ez dituen zergadunek euren zerga-egoerea erregularizetako ordaindu beharreko interesei eta zehapenei.
BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK
Batzar Nagusietako taldeak bat etorri dira Iruarrizagaz iruzur fiskalaren kontrako burrukea hobetzeko Ogasunaren helburuan, iruzur egiteak zerbitzu publikoak eta herritarrei baliabideak “ostutea” dakarrelako. Zehatzago, Esther Martinezek (Talde Berezia-PP Bizkaia taldea) 12 delitu fiskalen inguruan galdetu dau, guztiak 2021. urtekoak diran ala ez jakiteko.
Elkarrekin Bizkaiako Hector Medranok, bestalde, balorazinoa eskatu deutso diputatuari, “jarduketa gehiago eta errendimendu gitxiago” dagozalako. “Deigarria” da BEZaren kasuan 2021ean “59 milioi” euro azaleratu zirala eta urte bi lehenago, barriz, “363 milioi” euro. Alderdi moreko batzordekideak Fiskaltzaren aurrean salaketa “gitxiago” jarri dirala azpimarratu dau.
Arantza Urkaregik (EH Bildu) adierazo dauenez, aurton diputatuaren agerraldian informazino “gitxiago” emon da. Haren eretxiz, aurtengo “barritasuna” berreskuratze-mailea da, eta, horregaitik, iruzurraren % 80 berreskuratzeko“zer tresna mota” erabili dan azaldu daiala eskatu deutso Iruarrizagari. Beste urte batzuetan jakinarazoten zan “% 60 eta % 70 bitarteko” ehunekoa baino “handiagoa” da. Azkenik, Batuzen “atzerapenak” hainbeste iruzur ez azaleratzean eraginik izan ete dauen galdetu dau.
Beste alde batetik, Aldundiari eusten deutsien taldeek zergak ez ordaintzeak “herritar guztiei iruzur egiten deutsela” nabarmendu dabe. Horregaitik, “modu positiboan” balorau ditue Ogasunak euren betebeharrak beteten ez dituenen eta ganerako herritarrakazko alkartasunik erakusten ez dabenen kontra bideratutako ahaleginak. Azaleratutako emaitzea “azpimarragarria” da, baita gauzatutako jarduketen kopurua be, 2018an erregistrau ziran 496.000 jarduketen ganetik, Iruarrizagaren berbetan. “Hori da jarraitu beharreko bidea”, esan dau José Alberto Álvarez Castrejónek.
Iruarrizagak PPri argitu deutsonez delitu fiskaleko 12 kasuak 2021. urtekoak dira, eta Elkarrekin Bizkaiaren ordezkariak emondako datuei jagokenez “ezin dala hiruko araua aplikau” esan dau, hau da, ezin da esan zenbat eta jarduketa gehiago egin, orduan eta iruzur handiagoa azaleratzen danik. “Ez dago korrelazinorik jarduketa kopuruaren eta azaleratutako zenbatekoen artean”, adierazo dau. Azkenik, eta EH Bilduri erantzunez, Iruarrizagak baieztu egin dau Batuzek zergadunek “euren zerga-betebeharrak hobeto betetea” ekarriko dauela, baina “gehienek” betebehar horreek “zuzen” beteten dituela berretsi dau. Hobetu gura izan ezkero, mezu bat herritarrei: “eskatu beti tiketa edo erosketa-faktura”.