Laespadak ziurtatu dauenez, Ondarroako "inor" ez da egon "gizarte arloko babes barik"

Kamiñalden mendi hegalaren zati bat goitik behera jausi ostean Aldundiak gauzatu dauen beharra defendidu dau Laespadak. Bertan Aldundiko hiru sailetako –“Administrazino Publikoa, Nekazaritza eta Gizarte Ekintza”– hainbat zerbitzuk hartu eben parte. Egindako beharren artean, “kaleratze, laguntza tekniko eta garbiketa beharrak, bizitzeko zentroak eta elikagaiak kaltetuen esku jartea eta laguntza psikologikoa” aitatu ditu diputatuak.
Euskadiko Gizarte Zerbitzuen ganeko 12/2008 Legearen barruan gizarte arloko larrialdien aurreko koordinazino organua ezarteari jagokonez, Laespadak baieztu dauenez, hori sortzeko “beharrak egiten ari dira”, beste administrazino batzuekaz “alkarlanean”. Aldundiak interesa dau organu barri hori “gaur egungo larrialdietako foru zerbitzuetan oinarrituta egon daian”. Zerbitzu horreen artean genero indarkeriagaz erlazionautako larrialdi egoerei erantzuteko funtzionetan dauena aitatu dau. Ganera, daborduko “existiduten” diran esperientzietan oinarrituko da. Esperientzia horreen artean Bilboko Gizarte arloko Larrialdien Udal Zerbitzuarena (SMUS) edo 2005ean Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu ebana dagoz.
Oposizinoko taldeek, gizarte arloko larrialdien organu hori “ahalik eta arinen” sortu daiala eskatu deutse Aldundiari, legeak adierazoten dauen epe osoa bete arte itxaron behar izan barik –legea indarrean sartu eta zortzi urteko epea–, hau da, aurtongo abenduaren 25era arte itxaron barik. EH Bilduk salatu dauenez, oraindino etxebizitzarik bako “40 familia baino gehiago” dagoz Ondarroan. Laespadak, Alokabidek dituan gaiztasunak aitatu ditu hori azaltzeko. “Ez da erraza inguru horretan 176 etxebizitza aurkitzea”, adierazo dau. PP taldearen galdera bati erantzunez, Laespadak esan dau inguru horretako foru etxebizitza “guztiak”, familiei bizilekuak aurkitzeko beharrean ari dan Eusko Jaurlaritzaren erakunde horren esku jarri dirala.
BIZKAIKO GIZARTE ZERBITZUAK GUNEETAN BANANTZEA
Aurreko astean Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako foru diputatu andreak adierazo eban moduan, Gizarte Zerbitzuen Mapea egiteko prozesuaren barruan Erakunde arteko mahai “parekidea”, Eudelek Lurraldeko gizarte zerbitzuen guneen araberako banaketearen ganeko behin betiko dokumentua aurkeztu eta Euskadiko udalerrien alkarte horrek bere zuzendaritza organuen aldaketa prozesua definidu eta gero sortuko da, gogoratu dau barriro Laespadak.
Oposizinoko taldeen aldetik organu hori martxan jartean izandako “atzerapena” dala eta jasotako kritiken ostean, lurraldeko gizarte zerbitzuen errealidade “osoa” bermatzeko “itxarotea” beharrezkoa dala ,eta prozesu horretan udalek orain zehaztu behar daben guneen araberako banaketea “funtsezkoa” dala adierazo dau Laespadak, gizarte zerbitzuak eskintzeko orduan “bakotxa nogaz alkartuko dan” jakiteko. “Ezin doguz zerbitzuak transferitu udalak horretarako prest egon arte”, esan dau.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek azpimarratu dabenez, epea ez da oraindino bukatu, abenduan amaituko da. Oso garrantzitsua da “adostasuna” lortzea, eta arlo horretan “prisak ez dira bape onak”, esan dau Alexia Castelo batzordekide sozialistak. Aldundiak “egin beharrekoa egin dau”, Eudeli haserako guneen araberako banaketearen ganeko proposamena bialduta, eta orain “ondo zehaztu” behar da, gehitu dau Maria Esther Furundarena jeltzaleak.