LIBURU BAT ETA ENKARTERRIETAKO MUSEOKO ERAKUSKETEA GEHITU JAKOZ BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN "LANTEGIETAKO EMAKUMEAK" PROIEKTUARI
- Bizkaiko Batzar Nagusien Enkarterrietako Museoak liburu eta erakusketa barri bat aurkeztu ditu, “Lantegietako Emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika” izenekoak. Hareen bidez, Enkarterriko kultura-zentro horrek ikusgaitasuna emon gura deutso gizaldi eta erdian zehar Bizkaiko industrializazinoan emakumeak bete dauen zeregin garrantzitsu eta ahaztuari.
- Enkarterrietako museoak azken urtean egin dauen “Lantegietako Proiektuak askotariko materiala berreskuratu dau, eta horri esker Cadagua ibaiko lantegietako argazkiak, produktuak, laneko jantziak eta industriako makinak ikusi ahal izango dira. Bertan lan egindako emakumeen lekukotzak entzuteko aukerea be egon da.
- Erakusketea doban ikusi daiteke eta urte amaierara arte egongo da zabalik Enkarterrietako Museoan (Abellaneda-Sopuerta). Erakusketa horregaz jarraipena emoten jako gai berari buruz bihar arte zabalik egongo dan erakusketa txikiagoari. Beste erakusketa hori (“50etako emakume langileak. Landa eta lantegi artean” izenekoa) Bilbon dago, Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan, eta bihar amaituko da.
(Bilbon, 2022ko apirilaren 12an). Bizkaiko Batzar Nagusiek “Lantegietako Emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika” izeneko erakusketea aurkeztu dabe gaur Bilbon. Urtea amaitu arte egongo da zabalik Enkarterrietako Museoan. Horren dosi txiki bat lau astez egon da ikusgai Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko Erakusketa Aretoan. Erakusketea Enkarterrietako Museoaren Lantegietako emakumeak proiektuaren bigarren fasearen barruan dago, eta Bizkaiko industrian emakumeek bete eben leku garrantzitsua nabarmenduko dau. Enkarterrietako Museoak erakusketearen izenburu bereko liburua be argitaratu dau Javier ·Barrio egilearen eskutik. Liburu horren aurkezpena be gaur egin da. Industria-munduko protagonistak gizonezkoak bakarrik izan ziralako ustea ustela dala frogatzen dau liburuan jasotakoak.
Erakusketeak eta liburuak autormena egiten deutsee gizaldi eta erdi baino gehiagoz (XIX. gizaldiaren erdialdetik XX. gizaldiaren amaierara arte) herrialdeko industrializazinoan leku garrantzitsua bete eben Bizkaiko emakume guztiei. Erakusketako materiala Enkarterriko 11 lantegitako argazkiz, ilustrazinoz, produktuz eta makinaz osatuta dago, lantegiok gaur egun desagertuta dagozan arren. Euskadiko eskualde industrializatuenetakoa zan, eta lantegi horreetan emakumezkoek protagonismo handia eukien. Ehundaka lantegi, tailer eta industriagune edegi ziran urteetan Cadagua ibarreko udalerrietan. Erakusketan honeek agertzen dira: La Papelera, Lacabex Hermanos, Plaza Hermanos, Antonio Serrano y Plomos (lauak Zallan), La Encartada, Manufacturas Rodet y fábrica de Muebles (Balmaseda), Garsa (Gordexola), La Conchita (Sodupe) eta Rica Hermanos (Alonsotegi). Horreetan milaka emakume langilek egin eben behar. Lantegi batzuetan, emakumeak izan ziran beharginen gehiengoa.
Erakusketeak, alde batetik, garai haretako egoera ekonomiko gogorra erakusten dau, eta, bestetik, eskualdeko industria-egiturea. Egitura hori ez zan siderurgian bakarrik zentrau, papera, kaxak, utezko edo espartzuzko zakuak, erretzeko papera, altzariak, txapelak eta hestebeteak be baegozan Enkarterriko ekoizpen-egituran. Ehun argazki zahar baino gehiago dira erakusketearen arimea, XIX. gizaldiaren amaieratik XX. gizaldiko 70-80ko hamarkadara bitartekoak, gehienak eskualdeko emakumezkoek eta hainbat kultur erakundek lagatakoak, azken horreen artean La Encartada fabrika-museoa be badagoala. Argazkien bidez bisitaria industria-giro horretara eroateko espazioa atondu da, eta Aline Soberonen hamaika ilustrazinogaz osatu da, lantegiotan behar egiten eben emakumezkoen irudiakaz.
Erakusketan industriako hainbat pieza be badagoz, interes handikoak, horreen artean altzari tailer baten parte izan ziran XX. gizaldi hasierako hiru makina handi. Makina horreek (La Universal, Tupí eta Desgrosadora) Alberto Mardonesek laga ditu, eta Balmasedako tailerretan mende bat baino luzaroago erabili izan ziran makinen adibide bikainak dira. Horreekaz batera, ekoitzitako pieza xumeak eta kontserbau diran dokumentu apurrak dagoz: Antonio Serranoren Fábrica de Papel de Fumar lantegiko XIX. eta XX. gizaldiko beharginen zerrendak edo Papelera Españolako ikasketa- liburuak.
Cadagua ibaian zehar instalau ziran enpresek merkaduan arrakasta lortu eben objektu eta produktu ugari ekoiztu ebezan. Erakusketan horeetariko batzuk dagoz: 1950eko hamarkadan Plaza Hermanosek arropa lisatzeko egindako plantxak, Zallako tailer handi bateko zenbait etxetresna elektriko —emakumezko askok egiten eben lan hor—, eta beste elementu sinpleago batzuk, baina oso ezagunak, horreen artean “El Elefante” komuneko papera. Bitxia bada be, oraindino hainbat lekutan kontserbau egin da paper hori. Laneko fitxak, laneko jantziak eta Rica eta La Conchita harigintzako elementuak be jasoten dira erakusketan.
MEMORIA HISTORIKOA: BIDEOAK ETA LIBURUA
Lantegietako emakumeak proiektua ikus-entzunezko bigaz osatzen da, ikerketa-prozesuan zehar bildutako lekukotasunak biltzen dituenak. Guztira, hogeta hamar personari esker (gehienak emakumezkoak) Enkarterrietako Museoak aukerea izan dau lantegi horreen funtzionamentuan, bizimoduan eta lan- baldintzetan sakontzeko. Erakusketearen izen bera, “Lantegietako Emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika”, dauen argitalpenean be agertzen dan lan horrek beste ñabardura batzuk emoten ditu, erakusten diran materialetan agertzen ez diranak. Behargin horreek dinoskuenari esker, gugana heldu dira industria horreen antolaketeaz eta garaiko bizi-testuinguruaz berba egiten deuskuen alderdi pertsonalak eta lanekoak. Erakusketan, lau minutuko ikus-entzunezko film labur bitan jasota dagoz emakume horreetariko batzuen berbak.
Ikerketa lan guztia “Lantegietako Emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika” liburuan batu da. Javier Barrio egileak banan-banan zehaztu dau 111 lantegiotako bakotxean emakumezko beharginek beteten eben lekua. Horretarako, testigantzak eta dokumentuak batu ditu; batutakoaren arabera, argi ikusten da emakume guztiok, milakak, zenbaterainiko garrantzia izan eben Bizkaiko lantegietan eta, ondorioz, Bizkaiko ekonomiaren garapenean. Lantegietako Emakumeak lanak apurtu egiten dau sendo erroturik dagoan aurre eretxi bat, ez ziralako gizonezkoak izan industria-munduaren protagonista bakarrak.
ERAKUSKETEA ETA LIBURUA: “Lantegietako Emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika”
Bizkaiko Batzar Nagusietako Enkarterriko Museoa Abellaneda auzoa (Sopuerta)
2022ko apirilaren 13tik urtea amaitu arte.