ALDUNDIAK ZUGAZTIETAKO ABELTZAINTZA-ERABILERAK BAIMENDU DITU, 500 MENDIA ONURA PUBLIKOKOTZAT JOTA
- Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak, Amaia Antxustegik, agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta bertan azaldu dau zergaitik aldatu dauen bere sailak Trapagaran, Ortuella eta Abanto-Zierbena artean dagoan espazio horren izaera juridikoa.
- Eukaliptoaren landaketa barrietan lau urteko luzapena ontzat joten dauen Foru Arauaren proiektuari zazpi zuzenketa-eske aurkeztu jakoz, baina Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordeak atzera bota ditu danak.
- Antxustegik adierazo dau bere sailak ez dauela eskaerarik jaso Artzentalesen zortzi errotako haize-parkea egiteko.
(Bilbon, 2022ko martiaren 31n). Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak agerraldia egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta hantxe azaldu dau urtarrilaren 18an Zugaztietako 500 mendiaren onura publikoaren deklarazinoa argitaratu zala Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Figura juridiko hori degradazino-elementuak dituen guneetarako aurreikusita dago foru araudian, baita higadura, sute, lur-jausi edo kutsadura arriskua daben lursailetarako be. Mendiaren izaereari eginiko aldaketa horregaz, “naturgune horren natura-balioak babestu eta degradazinoa saihestu” egin gura da. Hori guztia abeltzaintza intentsiboagaz “bateragarria” izango da.
EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek jakin dabenean espazio publiko hori “onura publikokotzat” jo dala, azalpenak eskatu deutsiez Aldundiari, kontuan harturik lehenago be arazoak izan dirala ingurune horretan bertako abeltzain batzuen eta Aldundiaren artean “larratzeko eskubide historikoak dirala-eta”.
Onura publikoaren deklarazinoa jente-aurrean egon zan 30 egunez ikututako udaletan (Abanto-Zierbena, Ortuella eta Trapagaran), eta horren ondoren, Etxanobek esan dauenez, mendiko artzaintza “antolatu eta arautzeari” ekingo jako, eta lurzoruaren erabilerea laga ahal izango jake “araudia beteten daben abeltzainei”. Horretarako, lurzoruen antolamenduaren inguruko eztabaidak hasiko dira “aurton”, baina hor ez dira lur sail guztiak sartuko, sail “batzuk” ez dabelako beteten onura publikokotzat joteko araudia. Interesdunek 60 eguneko epea izango dabe “iradokizunak edo alternatibak” aurkezteko.
Erantzun bila etorri diran Batzar Nagusietako talde biek onartu egin dabe deklarazinoak “beste espazio bat” zabaldu dauela orain, eta Aldundiak ez dauela “zigor-bidea jarraituko”, Hector Fernandez Elkarrekin Bizkaiko batzordekideak azpimarratu dauenez. EH Bilduko Iratxe Arriolak, barriz, erregulazinoa “positiboa izan leitekela” onartu dau, baina diputatuari galdetu deutso artzaintza-eskubideak errespetauko diran eta ikututako eragileakaz alkarrizketa-mahairik zabalduko ete dan. Diputatuak iragarri dau hartu-emonetan jarriko dirala udalakaz eta inguruko eragileakaz.
KIROL GUNEAK PAGASARRIN
Beste alde batetik, Pagasarrin aisialdirako hiru gune ipintearen kontra agertu da EH Bildu, eta Bilboko Udalaren oneretxia daben instalazino horreen inguruko balorazinoa eskatu deutso Aldundiari. Diputatuak esan dauenez, Aldundiko teknikariek “ontzat” jo zituen “Supersur” dalakoaren konpentsazino-neurriak, eta hain zuzen be neurri horreen artean dagoz egin diran instalazinoak. Bilboko mendi horretara joaten diran mendizaleek, barriz, kritikau egin ditue.
Erantsi dau neurriak “egokiak” dirala eta egindako jarduketak “osotasunean balorau behar dirala”; izan be, Pagasarriko Plan Bereziaren barruan, beste jarduketa honeek be aurreikusita dagoz: Elgera errekea hidrologiaren eta basogintzaren ikuspegitik lehengoratzea eta erreka horretan anfibioentzako pozu bat egitea, Peñaskaleko harrobia ingurumenaren aldetik lehengoratzea, bertan behera itxitako euskarri elektrikoak kentzea, baso-eremuak berreskuratzeko jarduketak egitea, beste eukalipto eta zipres eremu batzuk kentzea eta eremu horretatik kanpo egingo diran beste jarduketa batzuk.
PARKE EOLIKOA ARTZENTALES, SOPUERTA, GALDAMES ETA MUSKIZ ARTEAN
Euskal Haizie enpreseak proiektu bat aurkeztu dau Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskizko lurretan 49,6 megawatteko 8 aerosorgailu ipinteko, eta diputatuak proiektu horri buruzko balorazinoa egin dau, Elkarrekin Bizkaiak eginiko eskaereari erantzunez. Diputatuak adierazitakoaren arabera, bere sailak EHAAren eta prentsaren bidez izan dau proiektu horren barri.
Bere sailak eskaerarik edo baimen ofizialik jaso ez dauela esan ostean, Etxanobek “ontzat” jo dau energia deskarbonizetan lagunduko dauen edozein proiektu, beti be ingurumenari buruzko araudia “zorrotz” beteten badau, eta horren inguruan gogoratu dau Aldundia inoiz holango proiektu baten kontra agertu dala; esaterako, halan egin eban Muskizko Maya parke eolikoagaz.
EUKALIPTOAREN LUZAPENA ETA BASO-EREDUAREN INGURUKO EZTABAIDARAKO “TOPAKETEA”
Foru Gobernuari eusten deutsien taldeen (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) kontrako botoakaz, batzordeak baztertu egin ditu aurkeztu diran zazpi zuzenketa-eskeak; Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztu zituan zuzenketa-eske bi, eta EH Bildu taldeak, beste bostak. Mendiei eta Naturgune Babestuen Administrazinoari buruzko bagilaren 2ko 3/1994 Foru Araua aldatzeko Foru Arauari aurkeztu jakozan zuzenketa-eskeok. Foru Arau horrek lau urteko luzapena aurreikusten dau Bizkaian eukaliptoak landatzeko; hau da, 2025eko abenduaren 31ra artekoa.
Jesus Lekerikabeaskoa taldeburu jeltzaleak iragarri dauenez, araua osoko batzarrean behin betiko onartu aurretik, talde moreak aurkeztutako proposamenetako bati erdibideko zuzenketa-eskea egitea proponiduko dabe. Zuzenketa-eske horretan, konpentsazino-neurriak eskatu ziran, “basogintza-eredu jasangarrirako trantsizinoan ikuspegi ekonomikotik erakargarriak diran baso-ibilbide alternatiboak eskainiz”.
Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak arauz besteko proposamen bat aurkeztu dau eta baso-politiken inguruko kongresua antolatzea proponidu dau haren bidez; kongresu horretan, baso-eredurako alternatibak azaldu eta eztabaidatuko dira “zorroztasun teknikoz”, eta baliagarria izango da Mendiei eta Naturgune Babestuen Administrazinoari buruzko bagilaren 2ko 3/1994 Foru Araua eguneratu aurretik informazino gehiago eskuratzeko.
Azkenik, proposamena egin dauen taldeak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eskea onartu dauenez, kongresua “topaketa” bihurtuko da, formula hori, Jesus Ortiz Zaballa sozialisteak defendidu dauenez, “arinagoa” dalako eta antolatzeko “denpora gitxiago” behar dalako. Orain, beraz, “basoen kudeaketa jasangarrirako ereduen inguruko topaketea antolatu eta ezagutuarazo beharko dau” Aldundiak.