MAIATZEKO PLAZAKO AMAMEN ALKARTEKO PRESIDENTEAK GERNIKA BISITAU DAU ARGENTINAKO KOLPE MILITARRAREN URTEURRENEAN
- Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak ohore ofizialez hartu dau Estela Barnes de Carlotto Argentinako Maiatzeko Plazako Amamen Alkarteko presidente historikoa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak Euskadin zehar antolatutako biraren barruan.
- Barnes de Carlotto Nortasunaren Batzorde Nazionala zuzentzen dauen alaba Claudiagaz eta 36 urte iraun eban bilaketaren ostean berreskuratu eban bilobeagaz etorri da.
(Gernikan, 2022ko martiaren 24an). 1976ko martiaren 24an, Indar Armatuek Argentinako agintea eskuratu eben, estadu-kolpearen bidez. Gaur, 46 urte geroago, Bizkaiak omenaldi berezia egin deutso Gernikako Batzar Etxean Estela Barnes de Carlotto Maiatzeko Plazako Amamen alkarteko presidenteari. Giza eskubideen aldeko emakume kolektibo horren buru moduan, Argentinako diktaduraren ondorioz desagertutako ehundaka ume txiki, batzuk jaiobarriak, aurkitu eta hareen senideei itzultzea lortu dau. Horreetako bat, bere bilobea, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan egon da.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak 92 urteko Barnes de Carlotto hartu dau Gernikako Batzar Etxean. Bisitan dago Euskadin, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzaren eskutik. Otadui harro agertu da “giza eskubideen aldeko burrukan mundu mailako erreferentea dan emakumea Gernikan hartzeagaitik. Oroimenaren, egiaren eta justiziaren aldeko burrukalari nekaezina, bere bizitza osoan giza eskubideak indar osoz defendidu dituana”.
Oroimena bizirik gordetearen garrantziari jagokonez, Batzar Nagusietako lehendakariak Barnes de Carlottok berak behin baino gehiagotan esan dauena gogorarazo dau, hau da, “oroimena ez dala ezabatu behar; gogoratu egin behar da, hori barriro gertatu ez daiten. Oroimena galtzeak menpeko, katibu egiten gaitu esklabotzaren menpe ixten gaitu, eta horrek diktadurak errepiketako arriskua dakar”.
Ekintzaile argentinarra, gaur egun Nortasunerako Eskubidearen aldeko Batzorde Nazionaleko koordinatzailea dan Claudia Carlotto alabeagaz, eta 36 urte iraun eban eta 2014an amaitu zan bilaketaren ostean ondoren aurkitu eban biloba berreskuratuagaz iritsi da foru-urira, baita giza eskubideen alde burrukan ari diran Argentinako beste ekimen batzuetako ordezkariakaz be. Horren artean dagoz “Teatro por la memoria”, “Fondo Nacional por las Artes” eta “Casa Ana Frank para Argentina y Latinoamérica” izenekoak. Bertan izan dira, baita Ricardo Alfonsin Argentinak Espainian daukan enbaxadorea, eta Monika Hernando Porres Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendaria.
Gernikako Arbolea, Euskal Herriaren bakearen eta askatasunaren sinboloa, hazten dan lekua ezagutzeko bere familiagaz egindako bisita ofiziala, indarkeriaren biktima guztiei eta zauriak ixteko eta nortasuna aldatu jaken senideak berreskuratzeko lanean ari diran personei egindako aintzatespena bihurtu da. Bisitea, 1976ko martiaren 24tik 1976ko abenduaren 24ra bitartean demokrazia lapurtu eban matxinada militarraren egunagaz bat etorrita Argentinan egiten dan “Egiaren eta Justiziaren aldeko Oroimenaren Egunean” egin da, hain zuzen be.