Bizkaiak eskaria egin deutso Gobernu zentralari, errefuxiatuak hartzeko izapideak "arindu" daizan

Mikel Isasi talde moreko batzordekideak kritikau egin dau Espainiako Gobernuak “ez dituala konpromisoak beteten”, Europako Batasunagaz lortutako akordioan adierazoten danez Espainiako Estaduak jaso behar dituan “15.000” errefuxiatuak “ia banan-banan” heltzen ari diralako. Gobernu zentralaren jardunbidea Kanadako Gobernuarenagaz alderatu dau. Kanadak, “hiru hilebetetan”, aireko operatiboa antolatu dau, bere lurretara “25.000 errefuxiatu” eroateko. “Borondate politiko” kontua da. Espainiako estadua “atzean dago errefuxiatuen aldeko alkartasunari jagokonez”. Baina, ironiagaz esan dauenez, azkenean pertsona bakotxeko “250.000 euroko” isuna ezarten bada, “behar bada prisa gehiago hartuko dau”.
Talde Mistoa eta PP, proposamenaren alde agertu ez diran eta botoa emoteko orduan abstenidu egin diran talde bakarrak, bat etorri dira gerratik iges doazan milaka pertsonak Europako ateetan bizitzen ari diran egoerea “negargarria” dala esateko orduan. Eskaria egin dabe, “hartutako konpromisoak bete daitezan”, baina “beharrezkoak diran bermeak ezarriz” Europako Batasuneko sarreren kontrolean, jendea hartzeko ahalmena ez dalako “mugabakoa”.
Arturo Aldecoaren eretxiz, Podemos Bizkaiaren jarrerea “demagogikoa” da. Kritikau egin dau “jende horrek beste herrialde musulman aberats batzuetara joatea planteau be ez egitea” eta horren ordez Europara etortea erabagitea, bertan “betiko” geratzeko itxaropenez. Talde Mistoko batzordekidearen eretxiz, beste taldeek Espainia ez dala solidarioa esatea ez da zuzena, gaur egun bertan bizi diranen “%14 baino gehiago” etorkinak diranean. Kopuru hori, Alemania, Erresuma Batua edo Frantzia moduan euren eskuzabaltasuna aldarrikatzen daben beste herrialde batzuen oso gainetik dago”. Aldecoaren eretxiz, “ateak edozein modutara zabaltzea hondamendia” izango litzateke, gizartean horren aurrean oso erreakzino “arriskutsua” sortu daitekelako, beste arrazoi batzuen artean.
Javier Ruiz PPko bozeroalearen eretxiz, Europako Batasunaren erantzuna “ez da egokia”, eta bere berbetan, Espainiako gobernua, “arina eta dinamikoa” ez dan eremu orokorrean “harrapauta” dago. “Atzerapen” hori azaltzeko orduan, asiloa eskatu dauen pertsona “kopurua handia” eta Europa benetako “zirrikitua” bilakatuko ez dauen harrerako prozedurea bermatzeko “denpora urria” aitatu ditu. Erregistretako prozesuan izandako “geldialdia” dala eta arazoa Grezian eta Italian dagoala esan ostean, Europak inmigrazino eta asilo arloko politika “komuna” diseinau behar dauela autortu dau. Errefuxiatuen egoerea hobetzeko “3.000 milioi euroko” aurrekontua bideratu izana azpimarratu dau Ruizek.
PSE-EE taldeak, bere aldetik, jokoan dauena “giza eskubideen defentsea” dala uste dau, eta bat etorri da proposamena aurkeztu dauen taldeagaz, jardunean dagoan Rajoyren gobernuak izapideak “arindu” egin behar dituala esatean. Carlos Totorika bozeroale sozialistak parean jarri ditu Siriako errefuxiatuen egoerea eta gerra zibilaren ostean edo Francoren diktaduran Espainiatik urten behar izan eben pertsonen egoerea. Bere taldeak beste eskari batzuk gehitzeko arauz besteko proposamena aurkeztu dauela iragarri ostean, Europak, “500 europar bakotxak” errefuxiatu bat jasoteko moduko “arazo ekonomikorik” “ez daukala” adierazo dau, hau da, Bizkaiko udalerri bakotxean “familia bi”, batez-beste.
EH Bilduk azpimarratu dauenez, onartu dan ekimena “une egokian etorri da”, Europako Eguna dan honetan, eta Europako Batasuna, “gizakiengan oinarrituta egon beharrean ekonomian oinarrituta dagoan” ereduan egituratzen dan unean. Podemos eta Euskal Sozialistak taldeakaz batera, David Lopategik kritikau egin dau inmigrazinoa eta “bildurretik eta gerratik iges egiten daben” errefuxiatuen egoerea “nahastuz” Aldecoak erakutsi dauen jarrerea, eta ez dau onartu bidezkoa danik asilo eskari “piloa” dala eta pertsonen eskubideak kentzea. Zergatia gatazka belikoa bada, “mundu osoan eurak egoki ikusten daben moduan mobiduteko eskubidea dabe”, esan dau.
Jon Sánchez EAJ/PNV taldeak batzordean dauen bozeroaleak konpromisoak beteteko eskatu deutso Gobernu zentralari, eta horren ostean Euskadiko erakundeen eta gizarte arloko alkarteen konpromisoak azpimarratu ditu. “Danori jagoku Europan giza arloko arimea eta giharrak mobidutea” esan dau. Bere esanetan, Europako Batasunak “erronkak” ditu aurrean, presinoa “gero eta handiagoa” izango dalako, eta bildur da, errefuxiatuen krisia dala eta “bere balioen hierarkian desbardina” izango dan Europa sortuko ete dan. Horregatik, eskaria egin dau hainbat printzipio bete daitezan: “gizatasuna” errefuxiatuak jasotzeko orduan; “alkartasuna” Estaduek jagokezan kuotak bete daiezan; eta “erantzukizuna” hori “apurka-apurka eta modu orekatuan” egin daiten.
MENDEBALDEKO SAHARA
Beste alde batetik, Batzar Nagusiek, Mendebaldeko Saharako gatazka historikoari konponbidea aurkitzeko aukerea bilatzearen alde agertu dira, ezelango zirrikitu barik, oraingo honetan. EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek alkarregaz aurkeztu daben arauz besteko proposamenak ateak zabaldu ditu, azkenean, Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordeak, proposamena aurkeztu daben talde biakaz adostu dan EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen osoko zuzenketa-eskea onetsi daian. Zuzenketa-eske horrek, Eusko Legebiltzarreko alderdi “guztiek” onartutako adierazpen instituzionala jasoten dau.
Testu horretan, Bizkaiak herri sahararraren askatasunagaz dauen konpromisoa adierazo da barriro be. Hori dala eta, testuan esaten da Fronte Polisarioa dala herri sahararraren ordezkari “bidezkoa eta bakarra”, eta holan onartzen dabela NBEk eta nazinoarteko erkidegoak, eta gogoratzen da Mendebaldeko Sahara, “Marokoko erresumaren barruan inoiz egon ez dan eta Nazinoarteko Zuzenbidearen esanetara dagoan lurralde ez autonomoa” dala. Batzar Nagusiek, beraz, Mendebaldeko Sahararen “legez kanpoko okupazinoa amaitzea” eta Saharako herriak autodeterminazinorako dauen eskubidea gauzatzea exijidu dabe.
Zuzenketa eskean eskaria egiten jako Espainiako Gobernuari, Fronte Polisarioak Espainian dauen ordezkaritzari estatus diplomatikoa emon deion eta Marokori giza eskubideak errespetau daizala exijitu deion, beste eskari batzuen artean.
SESTAOKO BANDEREA
Beste alde batetik, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak Sestaoko Udaleko osoko bilkuraren akordioa eroan dau batzordera. Bertan, Ezkerraldeko udalerri horretako banderaren formea, tamainua eta koloreak jasoten dira. Banderea “laukizuzena izango da, 2:3 proportzinokoa, eta zerrenda horizontal bardin bi izango ditu, berdea goikoa eta baltza behekoa”, azaldu dau.
Alexia Castelo batzordekideak adierazo dauenez, Foru Aldundiak Batzar Nagusietan aurkeztu dauen azkenengo dokumentuan, “erdian, Sestaoko Kontzejuko armak eroateko aukerea” sartu da. Hasieran hori ez zan aurreikusi Udaleko osoko bilkuraren akordioan. Bengoetxeak zehaztu dauenez, akaberako testuan sartzen dan aukerea da, baina, egitekotan, hori Udalak berak erabagiko dauela argitu dau.
Batzordeak onartu egin dau banderea, EAJ-PNV, PP eta Talde Mistoaren aldeko botoakaz eta EH Bildu, Podemos Bizkaia eta PSE-EE taldeen abstentzinoagaz. Geroago egingo dan Osoko Bilkura batek behin betiko berretsi beharko dau Sestaoko banderea.