Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BEZ ZERGEAREN MURRIZKETEA HANDITU DABE ALDI BATERAKO ARGINDARRAREN FAKTURAN ETA OSASUN-MATERIALAREN EROSKETAN

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek, lurralde erkidean jasoten dan moduan energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren ganeko zergea aldi baterako kentzea be sartzen dauen Foru Aldundiak aurkeztutako 1/2022 Foru Dekretu Arauemoilea onartu dabe.

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez eskatu deutsie Aldundiari 2023an arnasa hartzeko programea indartzeko eta urtean zaintzaileentzako “30 egun natural arteko” atsedenaldi bi sartzeko.

  • Batzar Nagusiek sektore publikoan bardintasun politikak indartzeko eta “zeharka” zabaltzeko eskatu deutsie Aldundiari.

  • Bizkaiko parlamentuko osoko batzarrak ez ditu onartu basozainek mendiko erreskateetan eta bilaketetan parte hartzearen (Elkarrekin Bizkaiaren ekimena), AP-68ko bidesaria merketzeko laguntzen (Talde Berezia-PP Bizkaia taldea) eta immatrikulatutako ondasunak berreskuratzearen (EH Bildu) inguruan oposizinoak aurkeztutako mozino bi eta arauz besteko proposamen bat.

(Gernikan, 2022ko martiaren 23an). Gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako ohiko osokoak onartu egin dau Foru Dekretu Arauemailearen bidez aldatu egiten dan Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Araua, inportazioei eta hornidura batzuei lotutako aldi baterako salbuespenei dagokienez, COVID-19aren pandemiari erantzuteko, eta tributu-arloko neurri jakin batzuk luzatzen diran balio erantsiaren gaineko zergan eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergan.

Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia taldeetako aldeko botoakaz eta EH Bilduren eta Talde Berezia-PP Bizkaiaren abstentzinoagaz onartu dan dekretuak foru-araudia araubide komuneko lurraldean indarrean dagoanera egokitzea ekarriko dau. Hortaz, zerga-arloko hainbat aldaketa kontuan hartuta, Bizkaian energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren ganeko zergea etenda geratzen da 2022ko ekitaldiko lehenengo hiruhilekoan, elektrizidade-ekoizleek “kostu operatiboetako bat murriztuta kontsumitzaileentzat onuragarriak izango diran prezio lehiakorragoak eskini ahal izan daiezan”, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak irakurri dauen arauzko testuak jasoten dauenez.

Modu berean, 2022ko apirilaren 30era arte, % 10eko tasa murriztua apliketan jarraituko da elektrizidadearen fakturan 10 kW-ko potentzia-termino finkoa gainditzen ez daben kontratuetarako, hau da, etxe eta denda txiki gehienetarako, handizkako merkaduaren hileko batez besteko prezioa 45 €/ MWh-tik gorakoa danean.

Osasun-materialaren kasuan, aldaketak esan gura dau 2022ko bagilaren 30era arte zerga-tasaren ehuneko 4 aplikauko jakola erabili eta botateko musuko kirurgikoak erosteari. Egun horretara arte, zero taseagaz jarraituko da COVID-19ari aurre egiteko osasun-materialaren barruko entregei, inportazinoei eta erkidego barruko erosketei jagoken BEZn, hartzaileak erakunde publikoak, irabazi-asmorik bakoak eta ospitaleak badira.

Beste alde batetik, Estaduko aurtengo aurrekontuetan egindako aldaketakaz bat etorrita, Bizkaiak ekitaldi osorako luzatu ditu nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren erregimen sinplifikaua eta erregimen berezia apliketako mugak.

AHO BATEKO AKORDIOAK: BARDINTASUN-POLITIKEN ZEHARKAKOTASUNA ETA ARNASALDI-PROGRAMEA ZABALTZEA

Beste alde batetik, osoko batzarrak Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek sinatutako aldibaterako zuzenketa-eskea onartu dau, bere bardintasun-politikak indartzeko eta neurri horreek “zeharka” foru sektore publikoan zabaltzeko eta integretako eskatzeko Aldundiari. Aho bateko adostasuna jaso dauen eta jatorria EH Bilduren mozino batean izan dauen zuzenketa-eske horrek, Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako VI. Foru Planaren Urteko Memorian sail bakotxaren ekintzen eta parte-hartzearen barri emoteko beste agindu bat gehitzen dau.

Modu berean, Aldundiari eusten deutsien talde biek oposizinoko beste talde bategaz, kasu honetan Elkarrekin Bizkaiagaz, talde horren mozino baten ordezko testu bat adostu dabe, arnasaldi programan aurrera egiten jarraitzeko, “urtean 30 egun naturalerainoko aldi baterako egoitza-zerbitzu bi” ezarriz, holan zaintzaileen atsedena “bermatzeko”. Hiru taldeek adostu eta Batzar Nagusiek aho batez onartu daben aldibaterako zuzenketa-eskeak, dagoan eskaintzea zabaltzeko “beharrezko” neurriak planteau daizala eta 2023ko Bizkaiko aurrekontuetan egin daiala eskatzen deutso Aldundiari. Akordiotik kanpo geratzen da Familia Inguruneko Zaintzarako Prestazino Ekonomikoa aldi baterako egotaldi horreekaz bateragarri izateko eskaria; aukera hori alderdi moreak planteetan eban, eta EH Bilduk be babestu dau.

Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak adierazo dauenez, akordio horrek “aurrerapen asko dakarz”. Beste batzuen artean, tratu-diskriminazinoaren kontrako burrukea eta programan sartzean dagoan aldea aitatu ditu, bai eta atseden-egunak “bikoizteko” eta hobekuntza hori gauzatzeko eskuragarri eta beharrezkoak diran baliabideen inguruko “diagnostikoa” egiteko aukerea be. EH Bildu, bere aldetik, azterketa “sakonagoa” egitearen alde agertu da; izan be, onuradun izan daitekezan persona guztien “% 1,13k baino” ez ditue atsedenaldiak hartu 2021ean, hau da, “243” personak.

LARRIALDI-PROTOKOLOA, AP-68 ETA IMMATRIKULATUTAKO ONDASUNAK

Kontrara, Bizkaiko Batzar Nagusien osoko batzarrak atzera bota ditu gai honeetan aldaketak sartzeko oposizinoak aurkeztutako mozino bi eta arauz besteko proposamen bat: larrialdi-protokoloak mendiko bilaketak eta erreskateak egiten diranean, AP-68ko bidesariarentzako laguntzak, eta immatrikulatutako ondasunak berreskuratzeko ekintzak.

Lehenik eta behin, Elkarrekin Bizkaiak, “kostu barik” izango leukien hainbat hobekuntza proponidu ditu, Bizkaiko Basozaintzak mendiko bilaketetan eta erreskateetan parte hartu daian; izan be, orain “ez dira kontuan hartzen”, Xabier Benito Ziluaga batzarkideak adierazo dauenez. Ingurua ondo ezagutzen dabenez, Mendi Zerbitzuari atxikitako “80 profesionalek” modu aktiboan hartu leikie parte Eusko Jaurlaritzak koordinetan dituan larrialdi-egoeretan. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe ekimena onartu; izan be, talde horreen esanetan, 112 zenbakiaren bidez koordinetan dan sistemak, “ondo funtzionetan dau”, eta “erespide teknikoetan” oinarritzen da. “Garrantzitsuena baliabideak behar diranean mobilizetea da”, erantzun deutso Jesús María Ortiz Zaballa sozialistak.

Beste alde batetik, Aldundiak ez dau bidesarien politikan aldaketak egitera behartuta ikusiko bere burua. Aldundiari eusten deutsien taldeen kontrako 32 botoei esker, oposizinoaren aldeko 16 botoakaz (Talde Berezia-PP Bizkaia, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) Osoko batzarrak atzera bota dau popularrek egindako proposamena, “sei hilebeteko epean”, AP-68 autobidearen erabiltzaileentzako bidesaria murrizteko diru-laguntzak ezarri daitezan, bidesaria ordaindu behar dan foru-titulartasuneko beste hiru errepideetan (AP-8, HSM-VSM eta Artxandako Tunelak) ezarten diran diru-laguntzen zenbateko berberakaz. Bizkaitarrek arabarrek baino 1.518 euro gehiago ordaintzen ditue urtean, Eduardo Andrade popularren bozeroaleak azaldu dauenez.

Aldundiari eusten deutsien taldeek kritikau egin dabe PP izatea, autobidearen emakida pribadua “aldebakarrez” 2026ra arte luzatu ebana, hain zuzen be, proposamena aurkeztu dauena. Izan be, erabagi horrek atzeratu egin dau Aldundia autobidearen kudeaketaz arduratu ahal izatea. Halanda be, Foru Gobernua “beharrean ari da” bidesaria ordaindu behar dauen errepide hori be gastu-mugaren sistemaz baliau daiten, 2020ko zezeileko Batzar Nagusien agindua betez. Arabako Foru Aldundiagaz hitzarmena adostu ondoren, “hurrengo pausua” enpresaren aldetik “inbertsinoak” behar dituan “oso ekipamendu teknologiko konplexua” ezartea “bideragarria” dan ala ez aztertzea da, ohartarazo dau Irene Edesa Gómez jeltzaleak, proposamena egin dauen taldeak onartu ez dauen eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztu daben zuzenketa-eskean oinarrituta.

Amaiera bera izan dau EH Bilduk defendidutako arauz besteko proposamen batek, Elkarrekin Bizkaia taldearen babesa baino ez dauelako jaso. Proposamen horretan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan immatrikulatutako ondasunen inbentarioa egiteko eskatzen jakon Aldundiari, ondasun horreen egoerea eta inmatrikulazino-epea adierazota. Eleizak immatrikulatutako ondasunen jaubetzea defendiduteko eta berreskuratzeko “hainbat lan” hastea eskatzen jakon Aldundiari. Jeltzaleek eta sozialistek “pausuz pausu” eta modu “seguruan” joatea defendidu dabe, eta hori dala Eusko Legebiltzarra legebiltzarreko ekimenen bidez egiten ari dana. Azkenengo eskaerea, Gobernu zentralari, edozein partikularrek modu “desegokian” immatrikulau jakon jaubetzea itzultzeko eskubidea erabili daian “egin beharreko lege-aldaketak aztertu daizala” eskatzea zan.