Aurreko Albisteak

ARARTEKOAK AGERRALDIA EGIN DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN COVID-19AK EGOITZETAN IZAN DAUEN ERAGINAREN INGURUKO TXOSTENAREN BARRI EMOTEKO

  • Manu Lezertuak, “COVID-19aren pandemiak Euskadiko adinekoentzako egoitza-zentroetan izan dauen eragina” txostena azaltzeko Bizkaiko Batzar Nagusiek egindako deiari erantzun deutso. Txosten hori 2021eko zemendian aurkeztu zan jente aurrean.

  • Analisian egiaztau danez, birusa egoitza handietan zabaldu zan errazago, beharginek txikietan baino “mobikortasun handiagoa” eukielako, baina ez dau zentroa titulartasun publikokoa edo pribadukoa izateagaz erlazionautako “ezelango loturarik” topau kutsatzeetan

(Bilbon, 2022ko martiaren 21ean). Manu Lezertua Arartekoak Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzordearen deiari erantzun deutso gaur. Batzordeak, EH Bilduk proponiduta, otsailaren 3an onartu eban agerraldia eskatzea, “COVID-19aren pandemiak Euskadiko adinekoentzako egoitza-zentroetan izan dauen eragina” izeneko txostena azaltzeko. Txostena zemendiaren 9an aurkeztu zan jente aurrean. Batzar Nagusietako talde guztiek bozkatu eben arartekoa Bizkaiko Batzar Nagusietara etortearen alde, abstenidu egin zan Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak izan ezik. Helburua, txostenaren datuak Bizkaiko egoitza-sarera estrapoletea zan.

Gaur goizean egindako bilkuran, Manu Lezertuak eta txostena egitearen arduraduna eta bere taldeko kidea dan Inmaculada de Miguelek azterlan hori zehaztu deutsee Batzar Nagusietako taldeei. Bertan, txertaketa-aldia hasi arte (2020ko martitik eta 2021eko urtarrilera, hain zuzen be) zentroetan kutsatzeak bultzatu ebezan faktore erabagigarrienak aztertu ditue, eta 20.000 persona inguru artatzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako ia 300 zentroetan izandako esperientzia horretatik sortutako ikaskuntzak nabarmendu ditue.

Pandemiak egoitzetan izan dauen eraginaren eta adinekoen arretaren inguruko kexa indibidual kopuru garrantzitsuaren ondorioz, 2020ko garagarrilean daborduko Arartekoak komenigarritzat jo eban ikerketa bat egitea, “kutsatzeko edo hilteko arriskuaren eta personen, egoitza-establezimenduen eta horreek dagozan testuinguruaren ezaugarriakaz erlazionautako faktore batzuen arteko lotura hobeto ezagutzeko”. Modu berean, egokitzat jo eban osasun-krisian “hartutako prebentzino-neurriak” aztertzea eta eraginkorrenak zeintzuk izan ziran baloretea.

2021eko urtarriletik aurrera egoitza-zentroetan COVID-19agaz erlazionautako kutsatzeak eta heriotzak gertatu ziran testuingurua “nabarmen” aldatu bada be, batez be txertaketa-prozesua martxan jarri ostean, ateratako ondorioak “baliagarriak izan leikez etorkizuneko epidemiei eta pandemiei aurre egiteko”, esan dauenez.

Eusko Jaurlaritzaren, hiru foru-aldundien eta zentroetako ordezkari eta kudeatzaileen informazinoa batzen daben batutako datuetan oinarrituta, pandemiaren lehenengo hamar hilebeteetan, Euskadiko adinekoentzako egoitza-zentroen “% 66,7ak”, hau da, “299 zentrotik 199k”, COVID-19 kasuren bat izan eben. Aldi horretan, “diagnostiko hori eukien 938 erabiltzaile hil ziran”. Egoiliarren % 25a kutsatu egin zan, eta “hiru zentrotik bitan” sartu zan birusa.

Txostenak erakusten dauenez, bigarren olatuan zentroek “erresistentzia handiagoa” izan eben kutsaduraren aurrean. Pandemiaren kontrolak “maila guztietako erantzun globala eskatu eban”, osasun-sistemen eta gizarte-zerbitzuen eta egoitza-zentroen arteko lankidetzea antolatzeko. Zentroetako beharginen, erabiltzaileen eta hareen gertuko ingurunearen arteko lankidetzea “ezinbestekoa” izan da hartutako prebentzino-neurriak behar zan moduan ezarteko.

IKASITAKO IKASGAIAK

Arartekoaren analisiak “ikasitako ikasgai” batzuk sartzen ditu. Lehenik eta behin, adierazo dau zentroa dagoan osasun-eremuko intzidentziak kutsatzeko arriskuaren “parte bat” azaltzen dauela, eta zentroetara sartzeko aukerea mugatzea pandemia kontroletako “beste faktore garrantzitsu bat” izan zala. Hilkortasunari jagokonez, egoiliarren ezaugarri pertsonalakaz lotzen da, eta zentroagaz erlazionautako faktoreen garrantzia “oso txikia” da. Zentroen titulartasunak (publikoa edo pribadua, enpresa baten esku edo ez) ez dau eraginik erakusten kutsatzeko edo hilteko arriskuan. Zentroak, zentroen ezaugarriak eta hartutako prebentzino-neurriak, barriz, “oso esanguratsuak” izan dira erabiltzaileen artean COVID-19 kutsatzeko arriskua azaltzeko.

Arartekoak eta Gizarte Harremanetarako bere zuzendariak adierazo dabenez, adostasun “orokorra” dago egoitza handienek “kutsatzeko arrisku handiagoa” sortzen dabela esatean. Zehatzago, De Miguelek “70 plaza baino gehiago” dituenak, edo “solairu bakotxean 23 persona baino gehiago artatzen dituenak” aitatu ditu. Horreetan, birusa harrapetako arriskua “% 13” handiagoa da. Jangela 30 plazatik gorakoa danean be, kutsatzea “oso handia” da. Aldiz, “burbuila taldeak” sortu ebezan egoitzek “% 43” murriztu ebezan kutsatzeak.

Arartekoaren eretxiz, funtsezkoa da etorkizunean egoitza-zentro guztietan datu “homogeneoak” izatea. Modu berean, informazino-sistemak hobetu behar dira gizarte-zerbitzuen eta horreen alkarreragingarritasunaren arloan. Txostenak egiaztetan dau beharrezkoa dala egoitza-zentroei zentro bakotxaren ezaugarrietara egokitutako prebentzinoaren eta infekzino-arriskuen inguruko planak emotea. Zentroen “% 31ak” ez eukan antzerako egoerei, adibidez gripe arruntari, aurre egin ahal izateko alerta- edo prebentzino-sistemarik.

Modu berean, Arartekoaren eretxiz beharrezkoa da egoiliar bakotxaren eta zentro bakotxaren egoera indibiduala ebaluetako eta erregistretako sistemak eukitea, bai eta zentroetako eredu arkitektoniko eta funtzionalaren inguruan hausnartu behar izatea be, kutsatze-arriskuan daukan eragina argitzeko. Horrez gain, bere esanetan, kutsatze-maila altuen aurrean beharginak ordezteko mekanismoak sortu behar dira. Azkenik, komenigarritzat joten dau esku-hartze sozialean etika-batzordeek “parte hartze handiagoa” izatea.

BASAURIKO ETXETIC ZENTROA ETA TUTORETZAPEKO NESKA ADINBAKOAK

Batzordeak Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuaren agerraldiagaz jarraitu dau. Bizkaiko Batzar Nagusietan izan da EH Bilduren ahozko itaun bati erantzuteko. Udalaren esku dagoan Matxitxako kaleko eraikinean egongo dan Basauriko EtxeTIC zentroan “une honetan eguneko zentroetan egiten dan moduan aurrez aurreko arretea eskiniko dan ala ez” jakin gura izan dau.

Diputatuak jakinarazo dauenez, Basauriko Udalak hasi ditu eraikinaren jabetzea aldatzeko eta Aldundiaren esku ixteko tramiteak, hitzarmena sinatu ostean. Asmoa, zentroak aurrez aurreko arretea eta etxean jarraitzen daben eta mendekotasuna daukien personentzako laguntzea “konbinetea” da, EtxeTIC ereduaren bitartez.

Beste alde batetik, Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak Gizarte Ekintzako foru diputatuaren agerraldia eskatu dau, Fiskaltza ikertzen ari dan Bizkaiko Foru Aldundiaren “tutoretzapeko neska adinbakoen ustezko prostituzino kasuak” azaltzeko. Ikerketea hainbat salaketaren ostean etorri da, tartean, guraso batzuenak. Aldundiak hartuko dituan neurrien inguruan interesa erakusteaz gain, popularrek “azken bost urteetan zentro horreetatik tutoretzapeko zenbat adinbakok iges egin daben” jakin gura izan dabe, eta foru-protokoloetan “zer ari dan huts egiten” galdetu dabe.

Sergio Murillok jakinarazo dauenez, Aldundiak berak jakinarazo eutsazan ministerio fiskalari ikertzeko modukoak izan eitekezan “zenbait gertakari”. Ez dau datu gehiago emon gura izan; izan be, “ikerketea edegita dago”. Ganera, adinbakoen barri emon behar danean “neurriz eta zuhurtziaz jokatzeko deia” egin dau, “jente aurrean agertzeak sortutako kaltea handitu egin daikelako”.

Sailak “justifikau bako absentziak” deitzen deutsonari jagokonez, Murillok azaldu dau Ertzaintzagaz protokoloa aktibetan dala adinbako bat programautako hitzordu batera joaten ez dan bakotxean, eta absentzia hori salatu egiten da adinbakoa 24 ordutan agertzen ez bada. 2021ean, Aldundiak justifikau bako “1.186” absentzia-kasuren barri emon eutson polizia autonomikoari, eta, kasu horreetatik, “356” salaketa moduan formalizau ziran. Horreek, “salaketa asko batzen dituan oso talde txiki bati” jagokoz, Murillok azaldu dauenez. Absentzien “% 70a” 24 ordu baino lehen ebazten da, salaketarik jarri barik. Murillok jakinarazo dau, ganera, igazko urtearen itxieran “2.397 adinbakoren inguruko beste horrenbeste babes-espediente egozala edegita”, eta horreetatik “1.091ek zaintza- edo tutoretza-neurri bat eukiela”.

Murillok berretsi egin dau Bizkaian adinbakoen babesbakotasun-arazoa dagoala, eta Aldundiaren zeregina organu espezifiko batek eztabaidatu, aztertu eta ebatzi ostean babes-neurriak ezartea dala. Murillok ez ditu komunikabideetan argitaratutako kasu partikularrak aitatu gura izan, baina bai sailean “orokorrean” egiten dan lan “profesionala”. “Guri jagoku tresna psikologiko, sozial eta hezitzaileen bitartez babes-neurriak garatzea”. Delitu-zantzuak dagozanean, gertaeren barri “atoan” emoten jako Fiskaltzari.

Esther Martinez Talde Berezia-PP Bizkaia taldeko batzordekideak adierazo dauenez, “kasu bakarra be porrota da”, eta, “beharbada, baliabide gehiago jarri beharko dira” adinbako horreek babesteko. Aldundia adinbakoak babesteko “behar dan guztia egiten ari ete dan” galdetu dau. Bere eretxiz, datuetan oinarrituta, “hobetzeko tarte handia dago”.

Batzar Nagusietako ganerako taldeek ez dabe saio edegi batean eztabaidatu behar ez litzateken gai “sentsiblearen” inguruko “eztabaida antzuetan parte hartu gura izan”, Izaskun Duque EH Bilduko ordezkariak kritikau dauenez. Modu berean, Berta Campo ordezkari sozialistak “zuhurtziaz eta diskrezinoz jokatzeko deia” egin dau, Murillok berak eskatu dauen moduan; izan be, gai “konplexua eta delikadua” da, eta ez dogu adinbako horreek “estigmatizetan lagundu behar”. PPk gizarte-politikak defenditutea kritikau ostean, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak adierazo dau “ez dagoala baliabiderik” babesik bako ume horreek bizitza-proiektua aukera-bardintasunean aurrera eroan daien. Jeltzaleek diputatuak emondako informazino “zehatza” eskertu besterik ez dabe egin.