Jatako zabortegiak zaborrak jasoko ditu TMBko grebak eta Artigas irazgatx egiteko beharrek irauten daben bitartean

Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andrea Batzar Nagusietara etorri da gaur goizean, Artigaseko Tratamendu Mekaniko Biologikoko (TMB) plantako beharginen greba deialdiak indarrean dirauen bitartean lurraldeko uriko hondakinen kudeaketearen “modus operandi” deritxona azaltzeko. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, Arraiz mendian dagoan plantan tratau ez diran zaborrak Jatako zabortegira eroango dira. Zabortegi horrek ordezkatzen dau Artigasekoa, Bizkaian dagoan holango instalazino bakar moduan. Grebeaz aparte, Jatak hondakinak jasoten jarraituko dau, Artigas irazgatx egiteko beharrak amaitu arte. Behar horreen aurrekontua “4.847.000 eurokoa” da, eta amaitzeko epea “37 astekoa”.
Unzuetak gogoratu dauenez, joan dan “zezeilaren 8tik”, ordura arte Artigasera eroaten ziran zaborrak ari da jasoten Jata, hau da, Bizkaian birziklatu edo errebalorizau ezin diran zaborrak. TMBko beharginek apirilaren 4an hasi eben mugarik bako grebea, eta egun horretatik aurrera Arraizen lantzen ez diran hondakinak be jasoten ditu. Diputatu andreak azaldu dauenez, “horrek arazoak sortu ditu” lurraldeko hondakinen kudeaketa prozesuaren “ohiko funtzionamenduan”.
Hori dala eta, Aldundiak “kontroleko neurri bereziak” ezarri behar izan ditu Jatan, TMB plantan tratau ezin dan hondakin kopuru gehigarria dala eta. Holan, Jatako kudeaketea “erabateko normaltasunagaz” egiten ari dala adierazo dau Unzuetak, baina “zabortegiaren perimetroa denpora guztian libre dagoala bermatuko dauen garbiketa zerbitzu intentsiboa” eta “etenbako zainketea” ezarri dirala esan dau.
Hartu diran neurrien artean, Unzuetak beste batzuk be aitatu ditu: “hondakinak atoan lurrez estaltzea, inguruko biztanleentzat kaltegarriak izango litzatekezan usain posibleak sortzeko aukerea ahalik eta gehien murrizteko; lurrez estaldutako guneak plastikoakaz estaltzea, eroritako euri urak drainau ahal izateko, ahalik eta lixibiau gitxien sortzen ahaleginduz; gasa xurgatzeko tximiniak handitzea, gasa behar dan moduan ateraten dala bermatzeko; hilero ur eta lixibiau laginak hartzea; eta ataza horreek guztiak gauzatu ahal izateko beharrezkoak diran giza eta material baliabideak hornitzea”.
Egoera horrez aparte, diputatu andreak azaldu dauenez, Aldundiak aurrera jarraitzen dau indarrean dagoan Lurraldeko Hondakinen Kudeaketa Planean jasotakoan oinarritutako bere estrategiagaz. Horrez gain, TMBren emakidea dauen enpresako lan gatazkea “ahalbait arinen” konpontzea gurako leukela be esan dau. Bitartean, aukereaz baliauta, aldeei deia egin deutse, “jarrerak hurbildu daiezan”, herritarrak eta Aldundiak “kaltetuta gagozalako”.
Diputatu andreak emondako azalpenen ostean, ekimena proponidu dauen Arturo Aldecoa Talde Mistoko batzordekideak, zabortegi aktiboak izan beharra azpimarratu dau, hondakinak “asegurauta” egon daitezan grebak eragindakoak edo, iraganean, Q sukarraren agerraldia zala eta TMB itxi beharretik sortu ziranak moduko “arazoak” sortzen diranean.
Eduardo Andrések (PP), bere aldetik greba dala eta Jatara heltzen diran hondakinak “hirukoiztu” egin dirala esan dau, eta TMBko geldialdi horrek Bizkaiko birziklapen indizeetan izango dituan ondorioen ganeko informazinoa eskatu dau.
Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek esan dabe penagarria dala Aldundiak “beste alde batera begiratzea” beharginek tratamenduko planta kudeetan dauen enpresagaz dituen gatazketan. Talde morearen ordezkaria dan Josean Elgezabalek beharginen errebindikazinoak gogoratu ditu, hau da, beharginen artetik “%50” gaixotu egin dirala “betirako ondorioakaz”, “soldata batzuk 400 eurotara ez dirala ailegetan”, edo lantaldea “behar baino txikiagoa” dala, beste batzuen artean.
PSE-EE eta EAJ-PNV taldeek adierazo dabenez, errespetau egiten dabe beharginek grebarako daben eskubidea, eta eskaria egin deutsie Aldundiari, gitxieneko zerbitzuak beteten dirala kontrolau daian.
ZALLOBENTAKO HARROBIA
Talde mistoak, daborduko itxita dagoan Zallobentako harrobia, 2014an Eusko Jaurlaritzak onartu eban berreskuratze planaren ostean paisajearen alderditik berreskuratzeko egiten ari diran beharren ganean galdetu ostean, Unzuetak adierazo dau “une honetan” deuseztatu egin dala hormigoi plantea eta ganerako instalazinoak, eta “betelanak” egiten ari dirala. Foru Aldundiak “ez ditu ezagutzen” lan horreek egiteko behar diran epeak.
Eginbeharreko horreen espedientea eta kontrola Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dagoan arren, Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, Aldundia, Urkiolako Parkeko patronatuko kide danez, adi egongo da, harrobia paisajearen aldetik berreskuratzeko eginbeharreko horreek egin behar dan guztia egiten dabela zaintzeko. Dana dala, argi itzi behar da paisajea “inoiz” ez dala geldituko “ustiapena hasi orduko” egoan moduan.
Arturo Aldecoak esan dauenez, penagarria da, araudia bete arren, orokorrean, leku horreek, berreskuratze prozesuak amaitu ostean, ez dirala “ezta urrundik be” euren jatorrizko itxurara gerturatzen. “Beste pausu bat emotea falta jaku” berreskuratze “eragingarriagoa” lortzeko. “Ezinezkoa da” espazio horreek eraldatu ostean “Gabonetako zugatx lerrokada bat izatera mugatzea”, esan dau.