Aurreko Albisteak

Bizkaiko gizarte zerbitzuak guneetan banantzearen ganeko "hasierako" proposamenari Eudelek emon behar deutsan erantzunaren zain dago Foru Aldundia

Bilbao

Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako foru diputatu andrea Batzar Nagusietara etorri da gaur barriro, Gizarte Zerbitzuen ganeko abenduaren 5eko 12/2008 Legea onetsi eta gero hasi dan aldaketa prozesuan oinarrituta lurraldean gizarte zerbitzuak zabaltzeko emoten ari diran pausuen barri emoteko. Gizarte Ekintzako batzordean jakinarazi dauenez, Aldundia eta Eudelek ordezkatzen dituan tokiko erakundeak joan dan zezeilaren 26an alkartu ziran. Hitzordu haretan, Foru Aldundiak gizarte zerbitzu hareen “haserako guneen araberako banaketea” bialdu eban idatziz. Sánchez Roblesek esan dauenez, “gaur egun” Udalak ordezkatzen dituan erakundeak ez dau oraindino “behin betiko” dokumentua bialdu.

“Impasse” hori prozesuaren “konplexutasuna” dala eta gertau da, diputatu andreak esan dauenez. Hori dala eta, tokiko erakunde batzuek “hirugarren atzerapena” eskatu behar izan dabe, “behin betiko” guneen araberako banaketea “adosteko”. “Apirilaren 21ean” amaitu zan azkenengo atzerapen hori “Lea Artibaiko eta Durangaldeko mankomunidadeek eta Eako, Dimako, Lemoako, Mañariko, Areatzako eta Markinako Udalek” eskatu eben, beste etoki erakunde batzuen artean.

Diputatu andreak esan dauenez, parentesi horrek ez dau esan gura EAEko Gizarte Zerbitzuen 2016-2019 Plan Estrategikoa kontuan izanda 2016ko abenduaren 25etik–legea indarrean sartu eta zortzi urtera– aurrera behin betiko zabaltzen hasi behar dan eta 2019ra arte luzatuko dan gizarte zerbitzuen kartera barriaren zabaltze prozesuan atzerapenik gertauko danik. “Legea zabaltzeari jagokonez epearen barruan gagoz”, esan dau.

“Erakunde arteko mahaiaren” eraketearen ganean itaunduta, Sánchez Roblesek esan dau hori martxan jartea izango dala gauzatu beharreko hurrengo pausuetako bat, baina horretarako, bere eretxiz komenigarria izango litzateke guneen araberako banaketearen ganeko behin betiko dokumentua eta une honetan aldatzen ari diran Eudeleko gobernu organuen osaketa barria izatea.

Halanda be, Batzarretako talde batzuek euren “ardurea” erakutsi dabe, “epeak ez diralako beteten ari”. “Epe horreek bermatu, edo blindau, egin beharko litzatekez”, esan dau Josu Unanue EH Bilduko bozeroaleak, eta Podemos Bizkaiak “gainditu ezinezko” egunak ezartea komenigarria dan ala ez galdetu dau. PP taldeak, Eduardo Andresen berbetan, “gauzak egiten ari dirala” onartu dau, “baina berandu”.

PSE-EE eta EAJ-PNV bat etorri dira diputatu andreagaz “epe barruan” gagozala eta Udalei euren denporea emon behar jakela esatean. Juan Otermin sozialistaren eretxiz, “korapilo gordianoa” eredu barriaren finantzaketea izango da, eta hori izango da etorkizunean “Eudel barruan zalantzak biztuko dituana”. Jon Sánchez jeltzaleak, bere aldetik, “ahalik eta adostasun handiena” izan behar dauen eredua behar bezala definitzea benetako “erronkea” dala esan dau. Izan be, “jarraikortasunean oinarrituta iraunkorra izango dan” eredua egin gura da, inposizino barik. EAJ-PNVko bozeroaleak alderdi politikoek “idatzita” aurkeztutako proposamenik “ez dala egon” esan dau. Holango proposamenen adibide moduan Bizkaiko Aldundiak Eudeli bialdutakoa aitatu dau.


EGOITZETAN EGITEN ARI DIRAN GREBEN JARRAIPENA

EH Bilduko batzarretako taldeak Isabel Sánchez Roblesen agerraldia eskatu dau Gizarte Ekintzako batzordean, ELAk Bizkaiko egoitzetan deitu dauen eta lehenengo jardunaldia martiaren 17an izan eban –talde horrek esan dauenez deitutako sei jardunaldietatik lehenengoa izan zan egun horretakoa– grebaren jarraipenaren gaineko datuak emoteko.

Egoitzek eurek emondako datuetan oinarrituta, Sánchez Roblesek jakinarazo dau “135 eguneko zentrotan eta egoitzetan” grebara deituta egon ziran “7.100” pertsonatik “230 pertsonak” egin ebela grebea egun horretan. Jardunaldia “normaltasunez” gauzatu zan osasun eta erizaintzako zerbitzuetan, eta grebea nabarmenagoa izan zan laguntzako beharginen artean.

Diputatu andreak esan dauenez, greba egunak “arazo txikiak” eragin ebazan “behar gehieneko” orduetan, hau da, gosariak, bazkariak eta afariak emoten diran orduetan. Ordu horreetarako ezarri ziran gitxieneko zerbitzuak “%60koak” izan ziran. Ganerako “ohiko” orduetarako gitxieneko zerbitzuak “%50ekoak” izan ziran. Aldundiak ez eban erabiltzaileen senideen “ezelango kexarik” jaso. Hori dala eta, Ikuskaritza sekzinoak ez eban “zehapen espedienterik” zabaldu behar izan.

Sánchez Roblesek adierazo dauenez, egoitzetako arreta zuzeneko beharginen egoerea “negoziazino kolektiboaren barruan dagoan arazoa” da, eta Aldundiak “ez dau prozesu horretan parte hartu behar”. Ganera, Bizkaiko egoitzetako plazen “%50 baino ez dagoz” kontzertauta.

David Lopategi EH Bilduko batzordekidea ez da bat etorri “ikuspegi” horregaz. Bere eretxiz, Aldundiak “leku garrantzitsua” beteten dau, bere kontratuen pleguetan “negoziazino horretan zerikusia daben baldintzak” ezarten diralako. “Ez jakuz bidezkoak iruditzen batez be emakumeek beteten daben eta egoera txarrean dagoan sektore horretako lan baldintzak”, esan dau. Koalizino abertzaleko batzordekideak “gitxieneko lan baldintzak errespetetea” eskatu dau. Hori dala eta, bere eretxiz, Aldundia “ezin da albokara” jarri holango egoeren aurrean.

Sánchez Roblesek adierazo dauenez, “badaki laneko giroa oso garrantzitsua dala kalidadeko zerbitzua eskintzeko”, baina barriro azpimarratu dau enpresen eta beharginen arteko laneko erlazinoak administrazinoa “tartean sartu barik” egin behar dirala.