Aldundiak euskal industria ondarea babesteko plan "orokorra" egiteko lehenengo hartu emonak jarriko ditu martxan
Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldi batean, Lorea Bibao Euskera eta Kulturako diputatu andreak Batzarrei jakinarazo deutsenez, bere sailak, “hemendik udara” Euskadiko beste administrazino batzuekaz (Eusko Jaurlaritzagaz eta beste Aldundiakaz) lehenengo hartu emonak martxan jarteko asmoa dau, industria ondarea berreskuratzearen arloan jarduketa publikoak bideratu behar dituen “erespide orokorrak” erabagiteko.
“Zeozer egin gura dogu industria ondareagaz”, adierazo dau Bilbaok batzarretako taldeen aurrean Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kulturako batzordean, Euskadiko erakundeek izan behar dituen lehentasunak erabagiteko, itsasoko ondarearen kasuan egiten ari danaren “antzera”.
OROIMEN HISTORIKOA
Talde Mistoak Euskera eta Kulturako diputatu andrearen agerraldia eskatu dau, "Bizkaia Goazen 2030" Planaren barruan Bizkaiko oroimen historikoa kontserbetako egitasmoa azaldu daian. Egitasmo horren aurrekontua “4 milioi eurokoa” da, Arturo Aldecoa batzordekideak gogoratu dauenez.
Bilbaok adierazo dauenez, Aldundiak egitasmo hori “ikuspegi orokorretik” landuko dau, “gure oroimen historikoa” aurkitzen ahalegintzeko eta “gure bizitza ibilpidearen oroimen kolektiboa barrindartzeko jendearen interesa bizteko”, gogoratu dau.
Lan horri “garai desbardinetatik” ekingo jako, lurraldean dagozan kultur guneak eta espazioak erabiliz. Horreen artean Arrolako Oppiduma, Tribisburu, itsasoko ondarea, Pobaleko Museoa, La Encartada, Euskal Museoa edo Bakearen Museoa aitatu ditu. Helburua espazio horreei “txingarrak ateratea” eta “balioan jartea” da, hiru ardatzen inguruan gauzatuko diran “egitasmo barriakaz”: “ikerketea”, “erabarritzea” eta “hedapena”.
Bilbaok zehaztu dauenez, “udaren bukaeran” Aldundiak eginda izango dau daborduko, “belaunaldi barrientzat gure iragana ulertzea errazagoa izateko bidera eroango gaituen” egitasmoa gauzatzeko “estrategia orokorra”. Une horretatik aurrera zehaztuko dira lurraldeko kultur espazioetan gauzatu beharreko “jarduketak”. Behar hori, oroimen historikoaren arloan ari diran Euskadiko ganerako administrazinoen, unibersidadeen eta alkarteen “eskutik” egingo da.
EUSKAL MUSEOA HANDITZEA
Talde Mistoak eskatuta, diputatu andreak Bilboko Euskal Museoak izango dituan aldaketak be aitatu ditu. Aldaketa horreek be "Bizkaia Goazen 2030" planaren barruan dagoz. Bilbaok museo gune horren kontserbazinorako eta goitik beherako erabarritzerako faseak azaldu ditu. Daborduko bi gauza garrantzitsu eginda dagoz: “Erakundeen arteko akordioa” (Udala eta Foru Aldundia) eta Mikeldiaren erabarritzea.
Une honetan, erakundeak materialen depositua definitzen ari dira. Espazio barri hori non egon behar dan eta bisitentzat zabalik egon daitekean ala ez. Horretan ari dira une honetan teknikariak beharrean. Halanda be, Bilbaok adierazo dau bere ustez egokiagoa izango litzatekela kokalekua museotik “aparte” egotea. Dana dala, diputatuak esan dau une honetan Bilboko gotzaintzagaz berbetan ari dirala, Museoak Joan Santuen Eleizako “lokalak” erabili daizan.
Bilbaok adierazo dauenez, daborduko erabagita dagoana klaustroa “estaltzea” da, museoaren kultur ekimenak hedatzeko lekua, “euskal kulturaren topaleku” izan daiten. Idea hori ez dator bat Txusa Padrones EH Bilduko batzordekideak adierazotakoagaz. Bere eretxiz, klaustroak leku “irekia” izaten jarraitu behar dau, iraganean “batutasunerako” lekua izateko egin zalako. “Beharbada arkitekturako beste teknika batzuk begiratu beharko litzatekez”, esan dau.
Aldundiko arduradunak esan dauenez, legealdi honetan bukaerea emon behar jake “museo” proiektuari, “museo eta arkitektura” proiektuari eta proiektu “funtzionalari”, ordena horretan, “euskal kulturaren erreferentziazko museoa” sortu ahal izateko. Museo hori, erabiltzaileak Euskadiko beste kultur gune batzuetara “banatzeko” lekua be izan beharko litzateke. EH Bilduk eskaria egin dau “parte hartzeko mekanismoak” sortu daitezan, Batzarretako taldeek euren ekarpenak egin ahal daiezan proiektuak egiteko prozesuan.
“SAREAREN” LAGUNTZINOAK
Aldundiko arduradunak udal antzokien “Sarea” programazinoari emondako diru laguntzinoen ganeko azalpenak emon ditu Podemos Bizkaia taldeak eskatuta. Bilbaoren berbetan, laguntzino horren helburua Bizkaian titulartasun publikokoak diran antzokietan gauzatzen diran programazino eszenikoak laguntzea eta indartzea da, antzerki, dantza eta musika arloetan.
2015ean laguntzino horreek Bizkaiko “24” antzoki publikotara heldu ziran, eta banandu zan kopurua “600.000 eurokoa” izan zan, aurreko urtean “25” antzokiren artean banandu ziran 611.059 euroak baino apur bat gitxiago. Alde hori, Sopelako udalak galdutako laguntzinoa dala eta azaltzen da, eskaria epez kanpo aurkeztu ebalako. Diputatu andreak adierazo dauenez, gertakari hori “penagarria” izan da.
Bilbaok adierazo dauenez, Udalak oso ondo hartu dabe diru laguntzinoak emoteko linea hori. “Ez da ezelango kexarik egon”, esan dau. Hori dala eta, Aldundiak aurrera jarraituko dau ekimen horregaz.
KANTU LEHIAKETEA ETETEA
Beste alde batetik, Lorea Bilbaok, Pedro María Unanue Bilbao-Bizkaia Nazinoarteko Kantu Lehiaketarako finantzaketea “etetea” aitatu dau. Laguntzino hori kendu egin da lehiaketak “ez ditualako beteten aurreikusitako helburuak”, hau da, Bizkaian “abeslari liriko barriak lortzea”, azaldu dau.
Urte birik behin egiten dan kultur ekimen horren edizino bakotxak Foru Aldundiaren “250.000 euroko” laguntzinoa jaso dau. “Inbertsino hori ez dator bat jasoten ari garen datuakaz”, esan dau. 2012an “bizkaitar bik” hartu eben parte lehiaketan, eta 2014an “bakarrak”.
Bilbaok jakinarazo dauenez, datorren urtean proposamen barria aurkeztuko da, lehiaketaren helburuari eutsiz. Hasera batean lehiaketaren helburua abeslari lirikoak sustatzea zan. Dana dala, egitasmo barria “ez dala zertan lehiaketea izan behar” adierazo dau Bilbaok.