Aurreko Albisteak

Gernikako Arbolaren kimu bat landatuko da Urduñan, Ruzabaleko Batzarraren 500 urteak ospatzeko

Ruzabaleko Batzarrak bere Ordenantzen onespenaren V. mendeurrena ospatu dau gaur. Belandiako, Lendoñobeitiko, Lendoñogoitiko eta Mendeikako kontzejuek osatzen ditue biztanleen parte hartze zabalagaz euren erakundeak kontserbau eta euren ondasunak defendidu dituen Bizkaiko lau erakunde txiki bakarrak. Gertakizun hori ospatzeko, Euskadiko erakunde nagusiek Gernikako Arbolaren kimu bat landatu dabe gaur eguerdian.

Ruzabaleko batzarra antxina-antxinatik egiten zan lekuan, Batzarraren tontorrean, San Migeleko zelaian (Mendeika), egingo dan ekitaldi sinbolikora Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua, Ana Otadui Batzar Nagusietako Presidentea, Idoia Aginako Urduñako alkatea eta lau kontzejuetako alkateak joan dira, beste batzuen artean.

José Ignacio Salazar historialariak emondako azalpenen ostean, agintariak palakada sinbolikoak emon ditue, Gernikako Arbolaren kimuak bere sustraiak lau kontzejuen erdigune historikoan zabaldu daizan. Jon Ander Orue, Mercedes Elejalde, Josu Goti eta Julián Elejalde, Belandiako, Lendoñobeitiko, Lendoñogoitiko eta Mendeikako alkate moduan, izango dira lehenengo lur palakadak bota dituenak, Lehendakariak txandea zabaldu ostean.

Kimua landatzeak “haretxaren indarra, gure historiaren berezitasuna eta gure Herriaren askatasuna” sinbolizetan ditu, aitatu dau Lehendakariak, eta horren ostean azpimarratu dau “gure arbasoak alkartzen ziran leku berean” gaur egin dan ekitaldiaren bidez “gure historia berezia eta gure nortasuna, kulturea eta tradizinoa” autortzen dala, “topaleku dan leku honetan, alkarregaz gure Herriarentzat hobea izango dan etorkizuna eregiten jarraitzeko, demokrazian eta askatasunean”.

Ospakizun “historikoan”, Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak Ruzabaleko lau herrixketako biztanleek euren iragana dala eta daukien “harrotasuna” sentidu dau. “Ahal dozuen guztietan gogoratzen dozue Ruzabaleko ordenantzak Bizkaiko Foru Barriaren aurrekoak dirala, baina nik tradizino hori errealidade bilakatzen jarraitzera animau gura zaituet”, esan dau, eta horren ostean, ezer itxaron barik egindako beharra eskertu dau. Gaurtik aurrera, San Migeleko zelai honetan, Ruzabaleko Haretx indartsuaren gerizpearen babesean, Gernikako Arbolaren kimu barria haziko da. “Holan sinbolizauko dogu Bizkaiko lur honeen nortasuna eta holan berresten dogu gure erakundeetatik gure eskubide historikoak eguneratuz etorkizun komuna eregiten jarraitzeko bertako biztanleek daukien borondatea”.

Metro biko altuerea dauen haretx gaztea, 1516ko maiatzaren 4an, haretx zahar baten ondoan, bere ohiturak onesteko, Ruzabaleko erkidegoa alkartu zan leku berean haziko da. Kimuaren ondoan, bertan bizi diran neskatu batek eta heldu batek, Ruzabaleko batzarraren historiaren ganeko azalpen laburra jasoko dauen gertakizunaren ospakizuneko plakea desestaliko dabe (ikusi erantsitako argazkia).

Horren ostean, bertaratutako guztiak, Batzarraren artxiboa gordeten dauen Belandiako eleizara joan dira. Urduñako kontzeju horreetako erkidegoak Antxinako kutxa batean gorde ditu bere dokumentuak mende luzeetan. Tenpluan, Ruzabaleko batzarraren 500. urteurrenaren ospakizunaren aktea sinatu da, eta Ana Otadui Batzar Nagusietako Presidenteak, mundu osoan zabalduta dagoan askatasunaren, bakearen eta demokrazioaren euskal sinboloa dan Gernikako Arbolaren kimuaren nortasuna egiaztetan dauen ziurtagiria entregau dau.