Aurreko Albisteak

"Bisbita platense", Damaris Panen eta Claudia Rebeca Lorenzoren baterako erakusketea

Damaris Panek eta Claudia Rebeca Lorenzok, UPV/EHUko harrobi bikaineko sortzaile gazte bik, geldialdia egin dabe euren etenbako sorkuntza bidaian, euren azkenengo lanak erakusteko Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan. 30 artelanen bitartez osatzen dan proiektu komuna maiatza osoan egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilbo erdialdean daben aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6), goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara, astelehenetik barikura; eta zapatuetan eguerdiko 14:00ak arte. Sarrerea librea izango da.

Erakusketaren komisarioa dan Fito Ramírez-Escudero irakaslearen berbetan, “Bisbita platense” erakusketea bisitetan dauenak zeozer “magikoa, enpatikoa, magnetikoa eta baita animistea be” aurkitu daike. Artista bien lanek “zeozer afektiboa eta emotiboa” transmitidutea gura dabe, “kontzientzia argiaren eta azpi-kontzientziaren, norbanakoak bere buruagaz dauen erlazinoaren eta norbanakoak munduagaz dauen batasunaren arteko zeozer”.

“Bisbita platense” Batzar Nagusiek eta Arte Ederretako Fakultadeak alkarregaz bultzatzen daben erakusketa apustu barria da, joan dan legealdian erakunde biek sustatu eben lankidetzarako programatik sortua. Programa horren bitartez, artista gazteek espazioa izango dabe Bilbo erdialdean euren sorkuntza lanak erakusteko.

Lotutako artxiboak: