Aurreko Albisteak

Munduko kooperatiba talde handieneko zuzendaritza taldeko kideek Gernikako Batzarretxea bisitau dabe

na Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak Japanese Consumers Cooperative Uni0n (JCCU) taldeko, mundu osoko kooperatiba handieneko, zuzendaritza taldea jaso dau gaur goizean. Japoniako ordezkaritzaren buru, Toshiaki Wada Zuzendari Nagusia izan da.

Japoniako erakundea aste osoan egongo da Euskadin bisita ofizialean, gure enpresa egiturea, Euskadiko kooperatiba eredua eta euskal kultura zuzenean ezagutzeko. Taldeko zuzendari nagusiaz gain, Nazinoartekotze zuzendaria, Hiroshimako ordezkaritzako zuzendaria, elikadura saileko zuzendaria, ikerketa arduraduna eta taldeak Genevako ILO kooperatiban dauen ordezkaria be etorri dira.

Japoniako ordezkaritzagaz batera, Origamiak egitasmoaren barruan abuztuan Hiroshimara joan ziran Gernikako umeak be etorri dira. Alkarregaz Bizkaiko batzarretako egoitzaren barruti nagusiak bisitau ditue, Ana Otaduik lagunduta. Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak bere gogoa adierazo dau, denpora gitxi barru Gernikako Arbolaren kimu bat Hiroshiman hazi daiten, une honetan edo laster, gerrek eragindako sarraskiaren enblema diran beste leku batzuetan egiten dauen moduan, Gurseko kontzentrazino eremuan, Bordele askatzeko burrukatu ziran Gernika bataloiko gudariak hil ziran lekuan edo Auschwitz sarraski gunean, besteak beste.

Batzar Nagusietako Presidenteak bere interesa erakutsi dau gure Haretxaren leinuak bere sustraiak Hiroshiman zabaldu daizan “1945eko bonba atomikoa bota eta urte betera loratzeko gai izan zan Ginkgo biloba sagradutik gertu hazteko”. “Eta Ginkgo bilobaren kimu bat hemen, Gernikan, haztea be gurako geunke”, esan dau.

Japanese Consumers Cooperative Union, Japoniako kontsumitzaileen kooperatiba taldea da. Sektore askotako 571 kooperatibak osatzen dabe: Elikadura (supermerkaduak eta etxeetara elikagaiak eroaten dituenak), Osasuna (ospitaleak, pertsona nagusien egoitzak eta etxeetan eskintzen dan laguntzea), Unibersidadeak, Aseguruak, Turismoa eta etxebizitza kooperatibak. 27 milioi kide eta 115.000 behargin ditu, eta urteko fakturazino osoa 25.000 milioi eurokoa da.