Aurreko Albisteak

Aldundiak "zoladurea, trazaua eta seinaleztapena" hobetuko ditu orain hilebete istripua izan eban kamioi batek A-8 autopistea hamabi orduz itxi eban lekuan

Bilbao

Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen foru diputatua Batzar Nagusietara etorri da gaur goizean, PP taldeak eskatuta, joan dan martiaren 31n A-8 autopistea, Donostiako noranzkoan, hamabi orduz itxi eban kamioi zisterna baten istripua dala eta bere sailak gauzatu dauen jarduketaren zehaztasunak emoteko. Gertakari hori dala eta, Aldundiak, “sei eguneko epean”, 115. kilometro puntuaren “zoladurea, trazaua eta seinaleztapena” hobetu ditu, errepide sareak A8, AP 68 eta BI-631 errepideen arteko loturak marrazten dituan puntuan, Mirafloreseko zubiaren parean.

Batzarretako taldeek istripua gertatu ostean gauzatutako jarduketen ganeko zehaztasun gehiago eskatu eta gero, foru diputatuak esan dau lehenengo inguru horren ganeko azterlana agindu zala, errepidean “segurtasun handiagoa lortzeko” helburuagaz. Horrek, funtsean, “hiru jarduketa” gauzatzean oinarritu dan “hobekuntza funtzionaleko proiektua” ekarri eban. Beste ezer baino lehen, errepideen foru sailak “aldaketa txikia egin dau A-8ko enborrean sartzen dan alboko bidearen errailaren trazauan, AP-8ko adarretik datozan ibilgailuak sartzen diran puntua apur bat aurreratzea lortuz”. Bigarrenez, “galtzada horreen azalerea hobetu” egin da, beste zoladura geruza bat zabalduz eta mikrofresatu berezia aplikauz. Eta, hirugarrenez, errepidearen seinaleak hobetu egin dira “bai horizontalak baita bertikalak be”, azaldu dau Pradalesek.

Bere agerraldian, Aldundiko arduradunak, A-8 autopistako Donostiako noranzkoaren hiru errailak hartzeaz aparte, “arriskutsua ez dan” arren galtzada osotik zabaldu eta autopistaren beste aldeko noranzkoko errail bat be hartu eban “lignosulfonato amoniko likido 22.000 litro” eukazan zisterna kamioia irauli osteko orduen kontakizuna eskini dau. Diputatuak esan dauenez, istripua, “seguruenez”, larregiko abiadurarengaitik gertatu zan, 50 km/h abiadura mugea dauen kurba batean. Zati horrek “trafiko intentsidade handiak” jasaten ditu, “42.700 ibilgailu” egunean. Horreetatik “%7,4” ibilgailu astunak dira ("3.200 kamioi").

Diputatu jaunak kontatu dauenez, martxan jarri zan operatiboan suhiltzaileek, anbulantziek, Ertzaintzak eta errepideetako beharginek hartu eben parte, SOS Deiakek koordinauta. Egin beharreko jarduketak “modu koordinauan” egin ebezan, goizaldeko 04:00ak arte. Une horretan zabaldu ahal izan zan barriro autopistea trafikorako, inguru guztian “lanez betetako” hamabi ordu igaro ostean.

Pradalesek azaldu dauenez, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren hesiak “altxauta” egon ziran operatiboak iraun eban bitartean, eta erabiltzaileren batek ordaindu baeban, ordaindutako zenbatekoa itzultzea “eskatu daikeala” be gehitu dau. Aldundiak martxan jarri eban dobako alternatibeak “964,22 euroko” kostua izan eban. Kamioiaren enpresaren aseguruak hartuko ditu bere gain operatiboak eragin eban kostua eta kaltetutako errepideko elementuek balio izan dabena: “146.486 euroak (BEZ barne)”

PP taldearen itaunei erantzunez, Pradalesek esan dau Aldundia aztertzen ari dala inguru horretan, gidariari “istripu maila altua gertatzen dan gunea” igaroten ari dala jakinarazoten deutsien seinaleak jartea, baina hori teknikariek erabagi behar dabela. Diputatu jaunak zuzendu egin dau popularrek esandakoa, leku berean “urtebetean hiru istripu” gertatu dirala. “Bi puntu berean izan dira, baina hirugarrena ez”, zehaztu dau.