Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek Urduñako geltokiaren irisgarritasuna hobetzea eskatu deutsie Gobernu zentralari

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe gaur, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio batzordean, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztu daben arauz besteko proposamena, Gobernu zentralari eskaria egiteko, Urduñako Renferen geltokiaren “barruko eta kanpoko irisgarritasuna hobetu daian”. Ekimen horretan eskaria egiten da, baita be, “nasatan eta material mobikorrean egin beharreko egokitzapenak egin daitezan, desgaitasuna eta mobikortasun urria daben pertsonak tren unidadeetara sartu ahal daitezan”.

Renfek eta Adifek Bizkaiko Aldirietako beste linea batzuetan barriztete lanak egin dituela eta daborduko Bizkaiko urirako geralekua barriztetako proiektua agindu dabela onartu arren, proposamena aurkeztu daben taldeen eretxiz, Bizkaiko Batzar Nagusiek bat egin behar dabe C-3 linearen azkenengo geltokia “ahalbait arinen” barriztetea eskatu daben beste ahots batzuekaz. Holan, jeltzaleek eta sozialistek eurenganatu egin ditue Urduñako Udaletik, Senadutik edo Arartekoaren bulegotik bertatik egin diran eskariak, “gizartearen aldetik laguntza handia” eta komunikabideetan oihartzuna izan dauen gaian, mobikortasun urria dauen Bizkaiko uri horretako emakume erabiltzaile batek aurkeztu dituan erreklamazinoak dirala eta.

Gainontzeko taldeentzat be, neurria “beharrezkoa eta zuzena da”. Talde Mistoko Arturo Aldecoaren eretxiz, Renfek konpromisoa hartu dau egin beharrekoa egiteko “errazoizko epean”, eta berak uste dauenez, hilebete batzuetan beharrak martxan egongo dira.

Batzarretako PP taldeak gogoratu dauenez, geltokiak barriztetako “daborduko martxan dagoan” plan bat egin dau Adifek, eta, ganera, eskaria egin deutso Madrili, egin beharreko hobakuntzak “ahalbait arinen egin daizan”. Urduñaren kasuan, batzordekide popularrak azaldu dauenez, gaitza da merkantzien trenek eta bidaiarien trenek zirkuletan daben instalazinoak egokitzea.

Podemos Bizkaiak eskatu dauenez, behar horreek egiten diran bitartean, irisgarritasun arloko gabeziak salatu dituan Urduñako erabiltzailea leku batetik bestera joan ahal daiten “alternatibea” bilatu beharko litzateke. “Nahikoa da pertsona bakar batek bere mobikortasuna bermatuta ez eukitea” Administrazinoari hori konpontzeko “neurriak jarri daizala” eskatzeko, adierazo dau Nuria Atienza batzordekideak, eta holango ekimen bat onartu ahal izateko“50.000 edo 100.000 sinadura” batu behar izatea penagarria dala gehitu dau.

EH Bildu be jeltzaleen eta sozialisten proposamenaren alde agertu da, baina Urduñako kasura murriztea deitoratu dau, C1, C2 eta C3 lineetan beste geltoki batzuek be “irisgarritasun arazo larriak” dituelako, “Olabeagakoak edo Basaurikoak”, adibidez, Zigor Izuskizak esan dauenez, eta gogoratu dau bere taldeak proposamen bat planteau ebala, Gobernu zentralari eskaria egiteko, Aldirietako trenen zerbitzua Eusko Jaurlaritzaren esku itzi eian. PP taldeak egin dauen moduan, koalizino abertzaleak bere kexak Gasteizko Jaurlaritzara be zabaldu ditu, Euskotrenen geltoki “batzuen” egoerea be “asko hobatu behar dalako”.


ELGUERORA (TRAPAGA) DOAN BIZKAIBUSEKO ZERBITZUA “NAHIKOA” DA

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu Bizkaibuseko 3331 linearen maiztasuna handitzea eskatuz EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Trapagako Elguero auzorako. Koalizino abertzaleak linea horretako autobus “guztiak” ingurune horretatik pasatzea eskatu dau, gaur egun gertetan dan moduan egunean joaneko bost autobus eta itzulerako beste bost igaro beharrean. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak kontra agertu dira, euren eretxiz eskari mailea “oso urria” dalako, zerbitzu bakotxa, batez beste, “1,5 pertsonak” erabilten dauelako.

EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeak, une honetan Trapagan amaitzen dan linea horren ibilbidea “700 metro” luzatzearen alde agertu dira, horrek beste “5 minutu” bakarrik eskatuko leukelako, gidaritzako beharginen atsedenaldiak kaltetu barik. “Linea luzatzen badogu, erabiltzaile gehiagok erabiliko dabe linea”, azpimarratu dau Zigor Isuskizak. Bere eretxiz, neurri hori mesedegarria izango litzateke, batez be, “175 biztanle” dituan auzo horretako pertsona nagusientzat.

Talde Mistoagaz batera abstenidu egin dan PP taldeak eskaria egin dau, tarteko konponbidea bilatu daiten, taxi zerbitzua edo “txikibusa” ezarriz, Bedian egiten dan moduan.

EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek behin eta barriro esan dabenez, “oso gitxi” izango litzatekez onuradunak, eta bere ordutegien eta maiztasunen diseinua “behar besteko masan” oinarritzen dauen Bizkaibus sistemaren “jasangarritasunari eta errazionaltasunari” eutsi behar jako. Elgueroren kasuan, zerbitzua “nahikoa” da.


URDULIZKO GELTOKIA, 2017KO MARTIAREN BUKAERAN

EH Bilduk planteautako ahozko erantzun-eskeari erantzunez, Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio foru diputatuak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) iturriak aitatuz, Urdulizko metro geltokia lur azpian sartzeko lanak “aurreikusitako epean, 2016. urtearen bukaeran” amaituko dirala esan dau gaur goizean, eta “funtzionamenduari eta puntuan jarteari jagokenez egin behar diran proba guztiak egin eta gero”, Bilboko Metroaren tren zerbitzua “2017ko martiaren bukaeran” helduko dala barriro Urdulizera.

EH Bilduk bere aldetik gogoratu dauenez, “197.000 pertsonari” zerbitzua emongo deutson Urdulizko ospitalea datorren bagilean zabalduko da, osorik ez bada be, eta horrek “ardurea” sortu dau eskualde horretan, ingurune horretako mobikortasunean izango dauen eragina dala eta, Urdulizen batez be, aparkalekuak dirala eta, eta Sopelan ospitalerako bidean dagoan udalerria dalako. “Ikusiko dogu zein dan garraio publikoan izango dauen eragina”, esan dau.

Aldundiko arduradunak esan dauenez, Urdulizen egingo dan Ospitalera daroan errepidea urbanizauta egongo da “garagarrilaren haseran”, ospitalea zabaltzen danerako. “Orain daborduko zabalik dago”, –esan dau– “baina guztiz urbanizauta esan gura dot, behin betiko zoladuragaz, seinaleakaz, etab.”. “Dana dala, ospitalea martxan jarteko aurreikusten diran fase guztiak amaitu orduko, Metroak daborduko normaltasunez funtzionauko dau”, gehitu dau.


BILBOKO LPP

Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio batzordearen beste une batean Vicente Reyesek azaldu dauenez, Foru Aldundia une honetan barrikusten ari dan Lurralde Plan Partzial bakarra Bilbo Metropolitarrekoa da. Horrez gain, barrikuspen horreen faseak be azaldu ditu. “Ez dogu gehiago hasiko”, esan dau. Erantzun hori, une honetan gauzatzen ari diran “Lurralde Plan Partzialak gauzatzeko prozesuen” ganeko ekimena aurkeztu dauen Batzarretako Talde Popularrari zuzenduta egon da.

Aldundiko arduradunak jakinarazo dauenez, orain arte laneko hainbat jardunaldi egin dira –martiaren 10ean eta 11n– Bilbo Metropolitarra osatzen daben 35 udalerrietako alkateakaz, LPPa barrikusteko prozesua azaltzeko, eta hiru kontratu lizitau dira: aurrerapeneko dokumentuaren idazketea; partaidetzarako programa baten idazketea eta gauzatzea; eta aurrerapeneko dokumentuaren Ingurumeneko Ebaluazino Estrategikoaren ganeko beharrak egiteko kontsultoretzea eta laguntzea. Reyesek bere konpromisoa agertu dau, egindako beharren barri “urtero” emon daiten Batzar Nagusien aurrean.