Aurreko Albisteak

Bizkaiko Ogasunak informazino "eskari formala" egin deutso Tributuen Agentziari, "Panamako Paperak" dirala eta

Gernika

Bizkaiko Batzar Nagusiek kontroleko hileroko ohiko osoko bilkurea egin dabe gaur goizean. José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak bertan adierazo dauenez, bere sailak “eskari formala” egin deutso daborduko Estaduko Tributuen Agentziari, kazetarien ikerketa dala eta argitaratu diran “Panamako paperetan” inplikauta egon daitekezan Bizkaiko zergadunen ganeko informazinoa jasoteko.

"Orain arte", dokumentu horreetan “ez da agertu” Ameriketako herrialde haretan, dirua ezkutetako edo zergarik ez ordaintzeko “offshore” enpresarik daukan Bizkaiko pertsona fisikorik edo juridikorik. Iruarrizagak azaldu dauenez, foru agentziek Estaduagaz dituen hitzarmenetan oinarrituta, Estaduko agentzia fiskalari jagoko beste herrialde batzuei informazinoa eskatzea. Hori dala eta, Bizkaian diligentziak zabaldu aurretik beharrezkoa da Tributuen Agentziaren “paper ofizialak” eukitea.

Bizkaiko Ogasunaren arduradunak holan erantzun deutse Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek egindako erantzun-eske biri. Bertan, talde biek, euren zergak gure Lurraldean ordaintzen dituen eta ogasunari iruzurra egiten ari daitekezan zergadunen kasuak argitzeko Bizkaitik martxan jarri diran ekintzen ganeko informazinoa eskatu dabe. Iruarrizagak adierazo dauenez, hori alde batera itzita, argitaratzen dan informazinoa aztertzen jarraituko dabe, “egin beharreko erregularizazinoak egiteko”.


UDAL LEGEA “OSO POSITIBOA ETA EGOKIA”

Joan dan apirilaren 7an Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Toki Erakundeen Legea onartu eban. Hori dala eta, Podemos Bizkaia taldeak horren ganeko balorazinoa eskatu deutso gaur Foru Aldundiari. Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak berak bere poztasuna adierazi dau EAJ-PNV eta EH Bilduren artean lortutako akordioarengaitik. Alderdi horreek “gehiengo zabala” hartzen dabe Eusko Legebiltzarrean.

Bere onarpena “oso positiboa eta egokia” da, herrialdea “egituretako” eta, batez be, udalerriek “aginte kota altuagoak” lortzeko balioko dauelako, “forutasunaren erdigune ikugarria” errespetetea posible eginez eta “herritarrei eskintzen jaken zerbitzua hobetzeko” helburuagaz.

Rementeriak azpimarratu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartze “aktiboa” izan dau legea egiteko orduan, Euskadiko Udal Kontseiluak deitutako sei bileren bitartez, batez be. Bilera horreetara Eusko Jaurlaritzako, beste Aldundi bietako eta Euskadiko udaletako kideakaz joan ziran. Legeak proponiduten dituan aldaketen artean, Finantzen Euskal Kontseiluan udalek “ahotsa eta botoa” izango dabela azpimarratu dau Rementeriak.

Podemos Bizkaiaren eretxiz positiboa da udalerriek kontseilu horretan parte hartzea, baina bere ustetan ez leukie egin beharko Eudelen aterkinaren babespean bakarrik. Udalen eta herritarren partaidetzarako metodo “zuzenagoak” eta “zabalagoak” behar dira, adierazo dau Asun Merinero batzarkideak. Halanda be, talde horrek “arduragaz” ikusten dau “finantzen arloko zainketea” Aldundiak bere esku izatea. Rementeriak adierazo dauenez, zainketa hori “legeak agintzen dauelako” egiten da holan. Estaduan Gobernu zentralak egiten dau, eta Euskadin, “gure berezitasuna dala eta”, Aldundiek eta Batzar Nagusiek egiten dabe.


BERMEOKO UDALETXEAREN BERREGITEA

2017. urtera arte "gitxienez", Bermeok ez dau izango 2013an sute batek kiskali eban Udaletxea berregiteko laguntzarik, Ibone Bengoetxea Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako diputatu andreak gaur zehaztu dauenez. EH Bildu taldeak egin dauen galderari erantzunez, “2016an ez dago horretarako partidarik, eta 2017an euren egoitzetan arazoak dituen Udaletarako holangorik egotekotan, Bermeora bideratzen dan ala ez ikusi beharko da”, esan dau.

Bengoetxeak ezeztu egin dau egungo Gobernuak “konpromisorik” dauenik kostaldeko udalerriagaz. Meritxel Elgezabal EH Bilduko batzarkideak, barriz, konpromiso hori badagoala esan dau, eta, ganera, “ahalik eta arinen” dirua emoteko eskaria egin dau, “babes bereziko kultur ondasun” moduan sailkatuta dagoan eraikina barriztetako eta udalak eskini beharreko zerbitzuen “funtzionaltasuna berreskuratzeko”.


PERTSONEN KONTRATAZINOA ALDUNDIAREN ESKU DAGOZAN ENPRESETAN

Beste alde batetik, Ibone Bengoetxearen berbetan, EAJ-PNV alderdiaren, eta Aldundiaren esku dagozan enpresa publikoetan beharginak kontratetearen artean “lotura politikoak” egotearen ganean PP taldeak egin dituan salaketak “maltzurrak” eta froga bakoak dira. Javier Ruiz PP taldeak Batzarretan dauen bozeroaleak ziurtatu dau “identifikau daitekezan loturak” dagozala egin diran azken kontratuen arteko batzuen eta EAJ-PNV alderdiaren artean.

Ruizek esan dauenez, 2015eko bagiletik 2016ko zezeilera bitartean “225 kontratazino” egin dira Aldundiaren esku dagozan enpresa publikoetan –GUFE kontau barik–, eta horreetatik “88k” jarraitzen dabe, eta kasuen “%20an” “lotura politikoak” dagoz, kontratu horreetan agertzen diran pertsona asko Bizkaiko hainbat udalerritako EAJ-PNV taldearen hauteskunde zerrendetan agertzen diralako, “eta batzuk baita PSEren zerrendetan be”. Bere eretxiz, Aldundiak erespide “arbitralak eta oso subjektiboak” jarraitzen ditu.

Ruizi emondako erantzunean, Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako diputatu andreak PP taldeko batzarkideari ez deutsola “erantzungo” esan dau, bere eretxiz, haren berbek “asmo argia” dabelako “esan guzurra, zeozer geratuko da eta”. Bengoetxeak adierazo dauenez, kontratautako pertsonek izan daikiezan joera politiko desbardinak “adierazgarriak” izan daitekez, eta herritarrek hautestontzietan adierazoten dabena islatu daikie. “Beharbada hori izango da gustetan ez jatzuna”, esan deutso Ruizi.


300 ENPLEGU SESTAON

Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko diputatu jaunak, bere aldetik, bere sailak, Ezkerraldeko udalerri horretako udalagaz batera, enpresa industrigune bat bultzatzeko erdibana parte hartzen dauen Sestao Bai soziedadearen balantze “positiboa” egin dau. Aldundiak egin dauen ekarpen ekonomikoa azaldu ostean, soziedade horrek, “300 enplegu zuzen” sortuko dituen enpresa jarduera bi martxan jartea bideratu dauela esan dau Pradalesek.

Diputatuak azaldu dauenez, “100” pertsonarentzako lana sortuko dauen Lantegi Batuaken lantegia eta “kalidadeko industriako 200 enplegu” sortuko dituan ITPren beste instalazino bat eraikuntza fasean dagoz. Pradalesek adierazo dauenez, oraindino badago erabili daitekean lurra, eta “ekimen gehiago bertara eroateko beharrean ari gara”.

Halanda be, Josean Elgezabal Podemos Bizkaia taldeko ordezkariarentzat, balantzea “urria” da. “Hamar urte baino gehiagotan” inbertidu diran “30 milioi euroek” erakusten dabe eregitako metro karratu bakotxak “230.000 euroko” inbertsinoa eskatu dauela, eta lur horreek saltzeko prezioa “metro karratu bakotxeko 150 eurokoa” izan da. Pradales harrituta geratu da baten batek inbertsino publikoa “zalantzan jarten dauelako” enpresen jarduerea erakarteko.


EGOKITUTAKO TAXI KOPURUA HANDITZEKO INSTRUKZINOA

Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio diputatu jaunak Osoko bilkuran adierazo dauenez, instrukzino bat onartu zan “atzo”, egokitutako taxi kopurua handitzeko, mobikortasun urria daben pertsonen herri arteko garraiorako.

Aldundiko arduradunak, Batzarretako PSE-EE taldeak egin dauen erantzun-eskeari erantzunez azaldu dauenez, instrukzinoak argi berdea emoten deutse halan gura daben taxilariei, mobikortasun urria daben pertsonen herri arteko garraio zerbitzua eskintzeko eskaria aurkeztu daien, gidaria kontauta bederatzi leku arteko ibilgailu homologatuakaz.

Aldundiko arduradunaren berbetan, une honetan “1.016 taxi lizentzia” dagoz Bilbon eta Bizkaiko udalerri nagusietan, baina horreen artean “bederatzi plaza posibleetara egokitutako 25 taxi baino ez dagoz”, legeak aholkatzen dauena “gitxienez 65 egotea” dan arren.

Beste alde batetik, Reyesek EH Bildu taldeak egindako galdera bati ere erantzun deutso. Bertan, EH Bilduk, Giza (65 urte gorakoentzat), Gazte edo Hileko txartelak erosteko balio dauen Barik txartel pertsonalizauaren salmentea eta kudeaketea herrialdean zehar zabaltzeko aukerari buruzko interesa erakutsi dau. Diputatuak azaldu dauenez, Bilbo metropolitarrean gestino horreek egiteko “8 bulego” dagoz, eta bulego horreek txartel horren erabiltzaile (“%31”, zirkulazinoan dagozan “1.308.722” barik txarteletatik) “gehienak” hartzen ditue. Reyesek zehaztu dauenez, ez da beharrezkoa txartelaren titularra joatea.

Ibilpide gehienak Bilbotik igaroten diran arren, Zigor Isuskiza EH Bilduko batzarkideak eskaria egin dau, Aldundiaren eskualdeetako bulegoak baliau daitezan zerbitzu hori emoteko, badagozalako Bizkaiko uriburura gerturatu barik euren eskualdeetan bidaiatzen daben “Karrantzako edo Ondarroako” erabiltzaileak. Egoera horrek “erabiltzaile askorengan eraginik ez dauen arren”, Reyesek proposamena ontzat hartu dau eta bere sailak egiten dituan “hobekuntzarako azterketen barruan buelta bat emongo deutsiela” esan dau.

“EL PALANKARI” ESTATUAREN DESAGERKETEA

Desagertuta dagoan “El Palankari” estatuaren bilaketearen ganean Talde Mistoak egindako itaunari erantzunez, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputatu andreak esan dauenez, bere sailak hasitako ikerketa prozesua itxi egin da, estatua horren nondik norakoaren ganeko emaitzarik lortu barik. “Adi jarraituko dogu”, 70eko hamarkadan Gernikako Batzarretxearen kanpoaldean egon zan estatua handiaren inguruan “aztarna barriak sortzen badira”.

Aldundiko arduradunak iragarri dauenez, bere sailak salaketea aurkeztuko dau, etorkizunean agertzen bada be, “merkataritzako trafikoan agertu ez daiten”, baina, “nire ustez, ikerketa asko egiten badoguz be, estatua ez da agertuko”, esan dau.


JAVIER GARCÍA OLAZABAL GOGORATUZ

Osoko bilkuraren amaieran, joan dan legealdian PSE-EE taldeko batzarkide izan zan eta domeka honetan hil dan Javier García Olazabal gogoratu dabe Batzar Nagusiek. Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak bere “doluminak” agertu deutsaz talde sozialistari eta bere familiari. “Goian bego”.