Aurreko Albisteak

Otadui Gernikako bonbardaketaren biktimen aldeko omenaldian egon da gaur

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, Gernikako bonbardaketaren biktimen omenaldi ekitaldietan hartu dau parte gaur arratsaldean, 79 urte beteten diran egunean. Ekitaldian, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramalea eta José María Gorroño Gernikako alkateak be hartu dabe parte. Daborduko ohikoa dan lore eskaintzea egin da, "Agur jaunak" entzun da eta aurreskua dantzatu da 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketetan hildakoen ohorez.

Bertan egon diranen artean, Euskadin bisitan dagoan Janusz Chwierut Poloniako Oswiecin (Auschwitz) uriko alkatea be azpimarratu behar da. Joan dan zapatuan Gernikako Batzarretxean egon zan, Gernikagaz alkartasunezko loturea estutzeko. Chwierutek eta Otaduik azpimarratu ebenez, datorren urtean Gernikako Arbolaren kimu bat landatuko da Auschwitzeko agintariek nazien kontzentrazino eta sarraski eremuaren ondoan eregiko daben Herrien Adiskidetzerako Parkean. Parke horren “lehenengo harria” izatea gura da, adierazo eban Otaduik.

Zalloko hilerriko ekitaldia, bonbardaketa izan zan orduan Gernikako eleizetako kanpaiek jo ostean egin da. Lau minutuz, herriko biztanleek isilunea gorde dabe biktimen oroimenez. Gauean, herritarrek biktimak omentzen jarraituko dabe, herriko kaleetan kandelakaz egingo dan prozesinoan.