Otsoa "ez dago desagertzeko arriskuan" aditu batek adierazo dauenez

Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako batzordean egindako agerraldi batean, Espainiako Estaduan “otsoa ez dagoala desagertzeko arriskuan” adierazo dau Mario Saenz de Buruaga Recursos Naturales S.L. enpresako zuzendariak. Hainbat administrazino publikori aholkuak emoten “21 urte” daroazan arlo horretako adituak eta aholkulariak zehaztu dauenez, une honetan espezie horren existentzia Andaluzian baino ez dago mehatxatuta. Azkenengo erroldak erakusten dauenez, une honetan “297 talde” dagoz, horreetako bat Bizkaian.
Aditua EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek eskatuta joan da Bizkaiko Batzarretara, otsoak gure lurraldean dauen presentziaren ganean berak dituan datuen barri emoteko, animalia basati horrek, “kudeaketarako eta kontserbazinorako estadu mailako estrategia dauen bakarrak”, joan dan neguan Karrantzako abereei hainbat eraso egin ostean. Hori dala eta, Aldundiak ehizaldi “bi” baimendu ebazan, urtarrilaren 22an eta 24an, eta ehizaldi horreetan “hiru” otso hil ziran.
Saénz de Buruagaren berbetan, eta bere enpresak Euskadiko hiru administrazinorentzako (Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia) egindako txosten bitan oinarrituta, Bizkaian “talde bat” dagoala ikusi da, Burgosegaz eta Kantabriagaz konpartituta “bost otso gitxienez”. Talde hori “foto-tranparen” teknika erabilita egiaztau ahal izan da, Ordunte eta Armañón inguruetan.
Berak adierazo dauenez otsoagaz erlazionautako gairen bat dala eta parlamentu batean agertzen dan bosgarren aldia dauen (Araban eta Madrilen be egon da) adituak autortu dauenez, espezie horrek, abereen ustiapenak dagozan lekuetatik igaroten danean sortzen dauen arazoa “oso konplexua da”, eta “ez dago konponbide errazik”. Otsoen erasoen ganeko “1.500 peritatze” egin dituan enpresaren arduradunaren eretxiz, Bizkaiko Foru Aldundiak egiten dauen kudeaketea “egokia” da, eta “ezin da askoz gehiagorik egin”, eta horren ostean, “mundura danok gauza bera egitera gatozala” esan dau.
Sáenz de Buruaga bat etorri da Batzarretako taldeakaz, otsoaren presentziaren eta abere ustiapenen artean “orekeari” eustea beharrezkoa dala esatean, eta gaur egun indarrean dagozan prebentzino politikei eustearen alde agertu da, espeziearen kontrola ehizaldien bitartez, mastinak erosteko laguntzak emonez, edo aurretik peritatu diran hildako abereengaitiko laguntza zuzenen bidez abeltzainei laguntza zuzenak emotea, edo aseguruak ordaindu ahal izateko laguntza ekonomikoa bideratzea moduko beste laguntza batzuen bitartez.
Adituak kritikau egin dau babes maila indartzearen alde agertzen diran talde ekologista eta alderdi politiko batzuen jarrerea, bere eretxiz neurri horrek ez dauelako ezelango erlazinorik espeziea berreskuratzeagaz. “Akatsa da”, esan dau, eta horren ostean hainbat adibide jarri ditu. Portugalen, hirurogeta hamarreko hamarkadatik babestuta dagoan espeziea da, eta bere presentziak “%20 egin dau behera”. Gaztela-Leonen, barriz, “ehizatu daitekean” animalia da, eta “otsoaren presentziak %20 egin dau gora”.
Estadu osoan “urtero ia 5 milioi euroko kostua dauen arren” animalia aniztasunean orekeari eusteko otsoak daukan garrantzia azpimarratu dau adituak. Kantaurialdean, otsoaren janariaren “%75 eta %80” artean orkatzetan edo basurdeetan oinarritzen da. “Eskerrak animalia horreen kontra gogor ekiten dauela”, esan dau, animalia horreen ugalketa kontroletako dauen garrantzia irudikatuz. Bere menuaren ganerakoa –“%20a”–, abereak izango litzatekez.
“BOSGARREN” EDUKIONTZIA
Horren ostean etorri dan agerraldi batean, Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andreak EH Bilduri erantzun deutso, frakzino organikoaren gaikako bilketarako edukiontzia ezarteko Udaletara eta Mankomunidadeetara bideratu diran diru-laguntzen ganean. Talde horrek esan dauenez, lehia sinple prozeduraren bidez emondako laguntza horreek, zoritxarrez, “atara eta denpora gitxira” amaitu dira. Talde horren eretxiz, horrek argi eta garbi erakusten dau 2016ko aurrekontuetan horretara bideratu diran “1.090.000 euroak” “ez dirala nahikoak izan”.
Aldundiko arduradunak gogoratu dauenez, diruz lagundu daitekezan hiru elementu dagoz: edukiontziak, boltsak, baldeak eta giltzak eskuratzeko pakete bat; autokonpostagailuak eta birringailuak erosteko beste bat; eta herritarren informazino planak gauzatzeko azkenengo laguntzea.
Diru-laguntzen zenbatekoak kontuan izanda, aitatutako materiala eskuratzeko gehieneko laguntzak 50.000 eurokoak edo 80.000koak ziran, udalerriak 20.000 biztanle baino gitxiago edo gehiago izatea kontuan izanda. Informazinorako ekintzei jagokenez, gehienez 25.000 eurokoak ziran udalerri txikienentzat eta 60.000 eurokoak 20.000 biztanle baino gehiagokoentzat.
Aurrekontuetan jasotako milioi bat euro horreetatik, Aldundiak Udaletara eta Mankomunidadeetara bideratu ditu "990.000 euro", eta beste "100.000 euro" pertsona juridikoetara. Guztira, “16 udalerrik eta 7 mankomunidadek” lortu ditue laguntzak eta, orain arte, diru-laguntza jaso barik “5 udal eta mankomunidade 2” geratu dira, hau da, "Muskizeko, Balmasedako, Foruko, Mungiako eta Basauriko Udalak", eta "Lea-Artibaiko eta Durangaldeko mankomunidadeak".
Unzuetak adierazo dauenez, hurrengo deialdirako laguntza batzuk baztertzea aztertzen dabilz, “urtero %100ean ez dirala ordaintzen ikusten dogulako, boltsak, adibidez”, eta lehiaketaren alde egiteko aukerea be aztertzen dabil bere saila. 2017. urteko aurrekontuen ganean itaunduta, oraindino egin barik dagozan arren “aurtongo deialdiari jagokozan aitamen tekniko egokiak aurreikusiko dirala” adierazo dau Unzuetak.
ZUGATZEN KONTROL BAKO MOZKETEA TRIANON
Podemos Bizkaiak egindako itaunari erantzunez, Abantoko udalerrian konniferoz eta bertako espeziez osatutako baso bat baimen barik mozteagaitik zezeilean enpresa bati zabaldu jakozan inkoazino espediente biren ganean ez dagoala barrikuntzarik esan dau Unzuetak. “Interesautako aldeen alegazinoak jasoteko zain gagoz”, adierazo dau, “abuztuan” amaituko dan izapidetzeetarako epealdiaren barruan. Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, bere sailak dakienez “ez da zigor izaerarik dauen diligentziarik zabaldu”.