Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkaritza batek metroaren 3. lineako lanak bisitau ditu

Gaur goizean, Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko eta Garraio, Mugikortasun eta Lurralde Kohesiorako Batzordeko ordezkari batzuek Metro Bilbaoren 3. lineako lanak bisitau ditue, Bizkaiko Foru Aldundiak konbidauta.

Mahaiko kideen artean, ordezkari honeek izan dira bisitan: Begoña Gil, lehen presidenteordea, eta Joseba Gezuraga, bigarren presidenteordea. Batzarkideen artean, barriz, honeek: Jon Andoni Atutxa, Unai Lerma eta Oscar Arana (EAJ-PNV); Zigor Isuskiza (EH-Bildu); Iñaki Jerónimo eta Joaquín Colmenero (PSE-EE); Nuria Atienza (Podemos); eta Jesús Isasi (PP).

Batzarkideen taldeagaz batera Antonio Aiz Garraio Sailburuordea eta Vicente Reyes Garraioen foru diputatua egon dira.

José Luis Sabas ETSko zuzendari nagusiaren azalpen tekniko baten ostean, ordezkariek aukera izan dabe lanak lekuan bertan ikusteko eta proiektuaren aurrerapenak egiaztetako; aurreikusten danez, lanak 2017. urtearen hasieran amaituko dira. Eusko Jaurlaritzako eta Aldundiko ordezkariekin batera, linearen ibilpidea bisitau dabe, Txurdinagako ahotik Alde Zaharreko, Etxebarriko eta Otxarkoagako tuneleraino.

Metroaren 3. linea Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzauta dago, zati bardinetan (279 milioi euro); 5.885 metroko luzera dau, eta sei geltoki honeek izango ditu: Etxebarriko San Antonio, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Alde Zaharra, Uribarri eta Matiko. Geltoki danak Norman Fosterrek metroaren 1. eta 2. lineetarako diseinautako geltokien tipologia berekoak izango dira (Etxebarrikoa eta Alde Zaharrekoa izan ezik).

Gaur egun, obra zibila amaituta dago, Alde Zaharrean izan ezik, eta trenbidea, instalazinoak, eskilara mekanikoak, seinaleak eta kanpoko urbanizazinoak muntatzen ari dira.