Bizkaiko Batzar Nagusiek Aldundiaren Gardentasunaren Atarian aldaketak sartzearen aldeko apustua egin dabe

Onetsi dan ekimena EH Bildu taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamen batean oinarritu da. Azkenean, talde horrek zuzenketa-eske transakzional bat adostu dau Foru Gobernua babesten daben EAJ-PNV eta PSE-EE taldeakaz. Podemos Bizkaia eta PP abstenidu egin dira. Bukaerako testuan agindua emoten jako Aldundiari, atariaren publizidade aktiboari eskinitako atala “modu librean sartzekoa” izan daiten, “nortasuna egiaztau” behar barik.
Aldaketen artean, hiru taldeek eskaria egin dabe plataformak irisgarritasun unibersala bermatu daian eta apurka-apurka estandar irekietako datuen berrerabilerea sustatu daian, “beharrezkoa danean interoperatibilidadea erraztuz”.
Atariaren eukietarako haserako sarbidea euskeraz izango da, eta puntu horrek PP taldearen ezezko eretxia jaso dau. Dana dala, hizkuntzaren lehenengo aukeraketea trazetako aukerea emongo dau. Horrez gain, “gizonak eta emakumeak ikusgai bilakatuko dituan” hizkuntzea erabiliko da informazinoaren ganeko eukietan eta irudietan.
Zuzenketa-eskeak jasoten dituan bederatzi puntuen artean, gardentasunaren atarira “bizkaia.eus” helbidetik eta sektore publikoko erakundeen webguneetatik sartzeko aukerea egotea jasoten da. Amaitzeko, bidea libre izten da Bizkaiko tokiko erakundeek euren gardentasun atarietara estekak jarri daiezan.
GARRAIOA UPV/EHUKO LEIOAKO CAMPUSERA
Zazpi ordu baino gehiagoz luzatu dan Gernikako saio luzea, PP taldeak aurkeztu dauen gai baten ganeko eztabaideagaz eta bozketeagaz hasi da. Bertan, popularrek, UPV/EHUren Leioako campusera heltzen dan Bizkaibuseko zerbitzurako tarifa “laua” eskatu dabe. Azkenean, talde horrek zuzenketa-eske transakzional bat adostu dau Foru Gobernua babesten daben EAJ-PNV eta PSE-EE taldeakaz, eta Bizkaiko Batzarrek onartu egin dabe, kontrako boto barik eta EH Bilduren absentzinoagaz. Bertan agindua emoten da, egon daitekezan tarifa aldaketa posibleak “Tarifak Bateratzeko Sistemaren beharren barruan landu daitezan”.
Ekimen horretan, agindua emoten jako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio Sailari “Bilboko Udalagaz batera behar egin daian, Termibuseko geralekuan markesina bat instalau daiten”. Kontxi Claver jeltzaleak esan dauenez, daborduko gai horren inguruko “alkarrizketak” egiten ari dira alde biak.
LEMOIZKO ZENTRALAREN LURRAK
Beste alde batetik, EH Bilduk, Lemoizko Zentral Nuklearrak okupetan dauen lurraren ganeko eztabaidea ekarri dau Batzarretara. Oraingo honetan, itaun baten bitartez, Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Lemoizko Udalari eskaria egitea planteau dau, “Zentral Nuklearrak okupetan dituan lurrak berreskuratzeko emon beharreko pausuak emon daiezan”, Onintze Oleaga batzarkideak adierazo dauenez “lur horreek herritarren borondatearen kontra ostu” ziralako. Ekimena Bizkaiko ordezkari guztiek onartu dabe, PPko hiru batzarkideek izan ezik, kontra botau dabelako, euren berbetan “erabagi hori ezertarako balio ez daben zeozer dalako”.
Batzarretako taldeek aldeen arteko “akordioaren” aldeko apustua egin dabe, lurrak Lemoizko udalerriaren esku geratu daitezan, EH Bildu, Podemos eta EAJ-PNV taldeek beren beregi eskatu daben moduan. Dana dala, oso garrantzitsua izango da Espainiako Gobernuak eta Iberdrolak esaten dabena, horreek diralako Basordas hondartza txikiko lurren titularra eta emakidaduna, hurrenez hurren: “82.482” metro karratu lurrean eta beste “10.078” metro karratu itsasoari kendutako azaleran.
Moratoria nuklearra 2015ean amaitu zan, baina lurren emakideak “indarrean” jarraitzen dau, Ignacio Jerónimo PSE-EEko ordezkariak baieztu dauenez. Izan be, epe hori amaitzen danean ezarri dau Jesus Lekerikabeaskoa jeltzaleak “aurrera eroan beharreko prozesu administratiboaren” hasierea, lurrak “Euskadiko administrazino batek” berreskuratu daizan. Dana dala, prozedurea “oso konplexua” izango dala aurreratu dau, lur horreen artean “landa guneetako, industriako eta itsasoari kendutako” lurrak dagozalako.
PP taldearen eretxiz arazo horren konponbidea “ez da erreza izango”, eretxi talde bi dagozalako, “Lemoiz Apurtu” dinoen pankartea astintzen dabenak, alde batetik, eta eurak bezela, “Lemoiz Barriaren” alde dagozanak, bestetik, une honetan bertan dagozan instalazinoak erabili ahal izateko. Mikel Isasik (Podemos Bizkaia) adierazo dauenez, kontsumitzaileek “4.000 milioi euro” ordaindu ditue daborduko euren elektrizidade fakturetan.
ELEIZAREN INMATRIKULAZINOAK BIZKAIAN
Bizkaiko Batzarrek Eleizak egindako ondasunen inmatrikulazinoen ganeko ekimen bi landu ditue osoko bilkura honetan. Alde batetik, EH Bilduk eskaria egin dau, Bizkaiko Goitzaitegiari agindua emoteko, “inmatrikulautako ondasunak Udalei itzultzeko”, euren esanetan hori “lapurretea” izan dalako. Talde abertzalearen eskariaren oinarria “ondare publikoaren defentsean” dago, eta horretarako eskaerea egin dau, Justizia Ministerioari, “1946tik gaur egun arte” Eleiza Katolikoak Bizkaian egin dauen inmatrikulazino bakotxaren ganeko informazinoa eskatzeko. Ekimena ez da onartu, kontrako 30 boto (EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Talde Mistoa), eta aldeko 17 (EH Bildu eta Podemos Bizkaia) izan ditualako.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek batera aurkeztu daben eta osokoaren baiezkoa lortu dauen beste ekimen batean, talde horreek berretsi egin dabe 2015eko bagilaren 18an Eusko Legebiltzarrak onetsi eban akordioa, eta eskaria egin deutsie Eusko Jaurlaritzari, “Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Lurraldeko toki erakundeakaz batera, erakunde bakotxaren ondare publikoaren jatorriaren eta eskubideen ganeko informazino juridikoa eta historikoa aurkeztu daian. Eskaria egiten da, baita be, “erakunde horreei modu aktiboan laguntzeko, Eleiza Katolikoak horretarako eskubiderik izan barik inmatrikulau dituan ondasunak berreskuratzeko, holangorik egotekotan”.
Jon Andoni Atutxak (EAJ-PNV) behin eta barriro azpimarratu dau “ezin dala aurre epaiketarik egin”, eta justiziako epaitegiak izango dirala aurkezten diran kasuen ganean banan-banan erabagiko dabenak. “Danak ez ziran txarto inskribidu”, adierazo dau Alexia Castelok (PSE-EE), eta EAJ-PNV taldeak be gauza bera esan dau, EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamenari emondako ezezkoa azaltzeko. Talde Mistoa eta PP, Eusko Jaurlaritzak gai horren ganean aurkeztu behar dauen azterlanari itxarotearen alde agertu dira, eta bat etorri dira jeltzaleakaz eta sozialistakaz, kasu guztiak ez dirala bardinak esateko orduan.
PETRONORREN JARRAIPENERAKO MAHAIA BARRIRO AKTIBETEA
Petronorrek bere gertuko ingurunean dauen eraginaren ganean be eztabaidau dabe Batzar Nagusiek, ingurumenagaz eta bertako biztanleen osasunagaz lotutako eraginaren ganean, hain zuzen be. Arauz besteko proposamen bik –EH Bilduren eta Podemos Bizkaiaren batek eta EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek batera aurkeztu daben beste batek– deia egin dabe, indarrean dagoan ingurumeneko kontrolaren jarraipeneko mahaia “barriro be aktibau daiten”, inplikauta dagozan eragile “guztien” partaidetzeagaz.
Azkenean, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek defendidu daben ekimena baino ez da onartu, talde biek ez dabelako onartu Meatzalde Bizirik talde ekologistaren “eskutik” etorren EH Bilduren eta Podemos Bizkaiaren proposamena, testu horretan eskaria egiten zalako mahaiak “Ingurumeneko Baimen Integrauan aldaketak eta hobekuntzak proponiduteko aukerea izan daian”. Foru Gobernua babesten daben talde biek adierazo dabenez, hori Eusko Jaurlaritzaren eskumen “esklusiboa” da.
Batzarretako talde guztiak bat etorri dira esatean Petronorren instalazinoen bolumena eta jarduera horrek dituan ezaugarriak dirala eta, “beharrezkoa” dala birfindegiaren eta bere ingurunearen arteko alkarbizitzea “errespetuan oinarritutakoa eta egokia” izatea.
Jeltzaleek eta sozialistek aurkeztu daben arauz besteko proposamenean, Bizkaiko Batzar Nagusiek adierazoten dabe beharrezkoa dala ingurumenagaz eta bertako biztanleen osasunagaz lotutako eraginen ganean indarrean dagoan jarraipeneko mahaia “barriro be aktibetea”, “inplikauta dagozan eragile guztien partaidetzea bermatuz”.
Mahai horrek behar egiten dauen eremuaren barruan, gai horren inguruan egin diran azterlanak “kontuan izango dira”, gerta daitekezan gertakari puntualak landuko dira, eta gauzatuko diran “ikuskapeneko, kontroleko edo zehapeneko” administrazino jarduketen barri emongo da.
Osoko bilkuraren akordioak jasoten dauen moduan, mahai horren bilerak eta ondorioak argitaratu egingo dira, herritar guztiek horren barri izan daien, “daborduko egiten dan moduan”, ingurumenagaz erlazionauta dagoan informazino guztia bermatuz.
SUTEEN ITZALKETAREN GANEKO ZERBITZUEN LEGE PROIEKTUA BAZTERTZEA
Beste alde batetik, PSE-EE, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek ekimen bat sinau dabe, Eusko Jaurlaritzari eskaria egiteko, Suteen prebentzino- eta itzalketa- eta salbamendu-zerbitzuen ganeko Legearen Proiektua “baztertu daian”. Batzarretako talde guztien aldeko botoagaz, kontrako botoa emon dauen EAJ-PNV taldearenagaz izan ezik, onartu dan ekimenak eskaria egiten dau, baita be, sindikatuen ordezkariakaz Negoziazino Mahaia eratu daian, une honetan Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari dan Lege Proiektu hori hobatuko daben aldaketak sartu ahal izateko.
Proposamena aurkeztu daben taldeek adierazo dabenez, suhiltzaileen ordezkariek esaten daben moduan (horreetako batzuk Batzarretan egon dira, proposamena aurkeztu daben taldeek konbidauta), aurkeztutako Lege Proiektuak “atea zabaltzen dauela zerbitzuak pribatizazinorako eta prekarizazinorako”, eta, ganera, hori egiteko ez dala inplikautako eragileen partaidetzarik izan be salatu dabe.
Joaquín Colmenero PSE-EE taldeko batzarkideak, eta lanbidez suhiltzailea danak, azaldu dauenez, bere taldeak, une honetan Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari dan Lege Proiektuaren aurreko “osotasunerako zuzenketa-eskea” aurkeztu eban atzo, “kalidadeko” zerbitzu publikoa bermatu ahal izateko, “ezelango zalantza barik beharrezkoa dan” beste testu legegile bat onartu daiten. “Denpora partzialean behar egiten daben beharginak sartu edo gauez suhiltzaileen parkeak itxi gura deuskuez”, adierazo dau, beharginen aurreproiektuaren aurrean dituen desadostasunen adibide moduan.
Josu Unanue EH Bilduko bozeroaleak, suteen itzalketaren arloan behar egiten daben taldeen plataformek Lege Proiektua baztertzeko bildu dituen “35.000 sinadurak” azpimarratu ditu. Eta Talde Mistoak eta PPk be bat egin dabe Gasteizko Jaurlaritzak proiektua baztertzeko eta testua “barriro planteetako” eskariagaz.
EAJ-PNV taldeak, bere aldetik, proposamena eztabaidatzeko aukeratu dan foroa kritikau dau, proiektu legegilea hobekuntzak aurkezteko zabalik dagoalako, zuzenketa-eske moduan, Eusko Legebiltzarrean, eta ezeztu egin dau Urkulluren Gobernu Kontseiluak onartu dauen testuak suteak itzaltzeko zerbitzuak kanpora aterateko edo pribatizetako aukerea zabaltzen dauenik, eta hori “argi eta garbi” jasoten da testu legegilean, Jon Sánchez jeltzaleak azpimarratu dauenez. “Ez dago pribatizazinorako ezelango aukerarik, ezta hipotetikorik be”, esan dau, eta horren ostean, proposamenaren alde dagozan taldeak “herritarrak nahasten ari dirala” transmitidu deutso osoko bilkurari.
ONARTU EZ DIRAN EKIMENAK
Enkarterriko egoera ekonomikoaren gaia be landu da, Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen beste itaun baten bitartez. Bertan, talde horrek, beste gauza batzuen artean, eskaria egin dau Aldundiak “Enkarterriko alkate guztiakaz parte hartzerako eta akordiorako bideak zabaldu daizan, modu koordinauan politika integralak aurrera eroan ahal izateko”. Arauz besteko proposamena ez da onartu, kontrako 29 boto (EAJ-PNV eta PSE-EE), aldeko 20 (Podemos, EH Bildu eta PP) eta abstentzino bat (Talde Mistoa), jaso ditualako.
Beste itaun batean EH Bilduk eskaria egin dau, 2013ko martian Alkarrizketa Zibilaren Mahaiak argitaratu eban “Krisiaren aurreko diagnostiko partekatua eta jarduketarako proposamenak” deritxon dokumentuan jasoten dan hirugarren lehentasuna, Gizarteratzerako laguntza berezien ganekoa, gauzatzeko prozesua martxan jarri daian Aldundiak. Bertan laguntza horreek barriro planteetea eskatzen da, gizarteratzeko prozesuak indartzeko eta gizartearen ikuspegitik premina berezia daben egoerei erantzun ahal izateko.
Koalizino abertzalearen proposamena ez da onartu, kontrako 33 boto (EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Talde Mistoa), eta aldeko 16 (EH Bildu eta Podemos Bizkaia) jaso ditualako. EH Bilduk onartu ez dauen zuzenketa-eske baten bitartez, jeltzaleek eta sozialistek eskaria egin dabe, batez be DSBE-RGI edo etxebizitzaren osagaia kobretan ez daben 18 eta 23 urtea arteko pertsonei zuzenduta dagozan laguntza horreek gizarte arloko preminazkoen barruan jarraitu daien eta aurtongo urtea amaitu aurretik laguntza horreek barriro planteetako Aldundiak daukan erespidea konpartidu daiten.