Aurreko Albisteak

2017tik aurrera Aldundiak handitu egingo dau Tribisburuko nekropoli erromatarraren indusketek hartzen daben gunea

Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietan iragarri dauenez, 2017. urtetik aurrera handitu egingo dau Tribisburuko nekropoliko indusketek hartzen daben gunea. PP taldeak eskatu dauen agerraldian, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputatu andreak jakinarazo dau adituek dinoenez K.o. I. eta III. gizaldi artekoak diran nekropoli erromatarraren indusketak Bermeoko eta Busturiako lurretara zabalduko dira, aztarna arkeologiko gehiago argitara atarateko, inguru horretan biztanleak eukazan asentamendu posiblea, adibidez.

Aldundiko arduradunak baieztu dauenez, hilerria “uda honetan” zabalduko da bisitetarako, eta urte honetan geratzen diran hilebete guztietan, aurkitutako egituren “ustiaketa eta finkapen” beharrekin jarraituko da.

2017 eta 2019 urteetarako erabilten dauen planaren barruan, Aldundiak prospekzinoak egingo ditu kostaldeko aztarnategi “magikoaren” ingurunean, “herrixka” posible baten aztarnak aurkitzeko asmoz. Aldi berean informazinoa emongo daben panelak instalauko dira, Busturialdeko ibilbide kulturalak indartzeko helburuz. Epealdi horretarako, ustiatu beharreko lur barriak baiezteaz aparte, Euskera eta Kulturako Foru Sailak “bisita gidauak” antolatzea aurreikusten dau. Bisita horreetan arkeologo taldeak hartu daikie parte, eta holan “plus” bat emongo jake antxinako hilerri erromatarra ikustera doazanei.


ZUBILETAKO DORRETXEA

Beste agerraldi batean, oraingo honetan EH Bilduk eskatutakoan, Bilbaok Barakaldon dagoan Zubiletako dorretxea berreskuratzearen inguruan emoten ari diran pausuen barri emon dau. Aldundiko arduradunak jakinarazo dauenez, bere sailak txosten teknikoa eskatu eutsan arkitekto bati, igazko urriaren 2an, Batzar Nagusietan, oraindino amaitu barik dagoan azterlana agintzeko konpromisoa hartu eta gero. “Atoan bukatuko da”, esan dau.

Bilbaok konpromisoa hartu dau azterlana amaitu eta gero Batzarretako taldeei bialtzeko. Azterlanaren eukiak eraikinaren eta bere elementu “garrantzitsuenen” deskribapena jasoko dau, eta eraikina “balioan jarteko” egin beharreko bidea markauko dau, aurrera eroan beharko diran jarduketa posibleen “balorazino ekonomikoa” barru dala.

EH Bilduren esanetan, Barakaldon dagoan higiezina “bertan behera itzita dago”, eta beharrezkoa da “preminazko” neurriak hartzea, “goitik behera jausi ez daiten”. Zubiletako dorretxea Ondasun Kultural moduan, Monumentu kategoriagaz, dago jasota Euskal Kultur Ondarearen Inbentario Orokorrean, Donejakue Bidearen barruan dago eta Barakaldoko Uri Antolamendu Plan Orokorrak babestutako ondasuna da, azaldu dauenez.


BIZKAIKO DANTZA ETXEA

Podemos Bizkaia taldeari erantzunez, Bilbaok “Bizkaiko Dantza Etxea” ekimenaren kostuaren eta aurrera daroan betebeharraren barri emon dau. Dantzaren munduaren eragileentzako topaleku dan gune horren 2013., 2014. eta 2015. urteetako eta 2016ko lehenengo hiruhilekoko jardueren memoriak banatu ostean, Bilbaok adierazo dau 2013. urtean AIC Gestión de Capital Intelectual enpresari esleitu jakon kontratuak urtean “97.000 euro, BEZ barne” ordaintzea aurreikusten dauela, urte birako, eta hori beste urte bitan luzatu daitekeala. Aldundiaren arduradunak adierazo dauenez, kopuru horren barruan ez dira sartzen Aldundiak dantzaren sustapenerako diru-laguntzetan emoten dituan beste “60.000 euro”.

Bizkaiko Dantza Etxearen helburuen artean, gure Lurraldeko dantzea “ikusgai egitea eta indartzea”, “alkarlan publiko-pribaua bultzatzea”, “jarraitzaile eta ikus-entzule barriak erakartea”, eta informazinorako, sorkuntzarako eta ekoizpenerako topalekua ezartea dagoz, Bilbaok azaldu dauenez.

Bizkaiko Dantza Etxearen jardueraren barruan dagozan ekimenen artean, Bilbaok, sortu diran prestakuntza ibilbideak –“dantza klasikoko 5, dantza tradizionaleko 2 eta dantza garaikideko 3”–, Dantza Eskolara eta Eskola Dantzara programen hedapena, eta zentroaren alokairua ordaintzeko “urtean 24.000 euroko” ekarpena azpimarratu ditu.


ONARTU EZ DAN ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA

Beste alde batetik, Euskera eta Kulturako batzordeak ez dau onartu Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Aldundiak, Udal Kiroldegiakaz lankidetzan, euren umeak umeentzako jarduketetara eroaten dituen emakumeei zuzendutako kirol ikastaroak martxan jarteko “plan” bat gauzatu daian. EH Bildu ekimenaren alde agertu da, baina EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldek kontrako botoa emon dabe, eginbehar hori Udalen eskumenen barruan sartzen dala eretxita.