Aurreko Albisteak

Batzar Nagusietako osoko bilkurak Bilbao Airrerako "plan estrategikoa" eta bere jardueraren ebaluazino sistemea sortzea defendidu dau

Gernika

Bizkaiko Batzar Nagusiek beste ohiko bilkura bat egin dabe gaur Gernikako Batzarretxean. Landu diran hamabi gaien artean, Bilbao Airren kudeaketea hobetzeko moduari buruzko proposamena eta Garoñako zentral nuklearra ixteko eskaria azpimarratu behar dira. Saioaren hasieran, BEZ zergaren, Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren eta Aseguru Primen gaineko Zergaren arauzko aldaketak onartu dira.

Bilbao Air soziedadeari jagokonez, osoko bilkurak EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek aurkeztu daben arauz besteko proposamena onartu dau, Foru Aldundiak erakunde horretako Kontseiluan eskaria egin daian Negozio Plana eta lorpenen ebaluazinorako sistemak jasoko dituan Plan Estrategikoa eratzeko. Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin dabe soziedade horrek Aenaren eta aireko konpainien artean egiten dauen bitartekaritza lanaren eraginkortasuna eta efizientzia ebaluetako mekanismoak ezarri daitezan. Errazionaltasuna eta gastuetan zorroztasuna apliketea eskatzeaz aparte, Bizkaiko Batzar Nagusiek “beste erakunde batzuekaz koordinetako, alkarlanean aritzeko eta baterako jarduketak egiteko mekanismoak” ezartea eskatu deutsie Bilbao Air soziedadeari.

Jeltzaleek eta sozialistek, Loiuko aireportua sustatzeko 2001ean sortu zan soziedadearen erabilgarritasuna defendidu dabe, beste lurralde batzuetan eta Estaduko aireportu askotan gertatzen dan moduan. Foru Gobernua eusten daben taldeek adierazo dabenez, Kontuen Euskal Epaimahaiak urtero auditau dau soziedadea, eta azkenengo txostenean erakunde sustatzaileak legezko araudia bete dauela eta bere kontuek “aurrekontuen, soziedadearen finantza egoeraren eta eragiketen emaitzen irudi leiala” erakusten dabela adierazo dau. Hori dala eta, ez dabe onartu kontuen kanpoko auditoria eskatzen eban EH Bilduren zuzenketa-eskea.


OPOSIZINOAK BILBAO AIR DESEGITEA ESKATU DAU

Oposizinoko taldeek –EH Bildu, Podemos Bizkaia eta PP–, euren aldetik, bat egin dabe soziedadea “preminaz” desegin daiala eskatu dauen eta talde popularrak aurkeztu dauen arauz besteko proposamenaren eukiagaz, ez dauelako soziedadearen xedea beteten, eta ganera Jon Gangoiti zuzendariaren gaitzespena eta kargutik “atoan” kentzea eskatu dabe. Proposamen horretan eskaria egiten jako Aldundiari, eskaria beteten ez bada, Bilbao Airri ez deion ezelango ekarpen ekonomikorik egin. Popularren ekimena ez da onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeetako kideek kontrako botoa emon dabelako.


TRIBUTUEN ARAUTEGIRA EGOKITZEA

Saioari hasera emoteko, BEZ zergaren, Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren eta Aseguru Primen gaineko Zergaren aldaketa puntualen gaineko zezeilaren 2ko 1/2016 Arauzko Foru dekretua onartu da. José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak adierazo dauenez, aldaketa horreek, erregimen komuneko arautegian izan diran aldaketen aurreko egokitzapenak dira.


EZEZKOA BIDESARIAK AZTERTZEKO BATZORDE BEREZIARI

Beste alde batetik, Batzar Nagusiek ezezkoa emon deutsie EH Bilduk aurkeztu dauen lurraldeko bidesarien azterlana egiteko batzorde berezia osatzeko eskariari. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak proposamenaren kontra agertu dira, Bizkaiko Batzarretan gai hori eztabaidetako beste mekanismo batzuk dagozala ulertzen dabelako, eta euren eretxiz “hilebete batzuk” itxaron beharko dira, Aldundiak, une honetan egiten ari dan azterlan “integrala” Batzar Nagusietan aurkeztu arte. Podemos Bizkaia taldea izan da koalizino abertzalearen proposamenaren alde agertu dan bakarra, eta PP taldea abstenidu egin da.


ENPLEGU ANEZKAK ETA %0,7 GARAPENERA

Aurreko itaunetatik sortutako mozinoen artean, PP taldeak Bizkaiko eskualde “guztietan” enplegu anezkak sortzea bultzatzeko proposamena aurkeztu dau, baina proposamenak ez dau aldeko beste botorik lortu. Begoña Gil sozialistak, ekimen horreek aurrera eroan ahal izateko “denporea” eskatu deutse popularrei “gauzak ondo egin gura badoguz”, enplegu anezken sorkuntzak “denporazko prozedurea dauelako”. Bilbon, Enkarterrin eta Ezkerraldean martxan jarri diran hiru taldeetan lanik bako 60 pertsonak hartzen dabe parte, baina talde horreek “politika publikoak ebaluetako eta sortu ziran unean ezarri ziran helburuak beteten dituen ala ez jakiteko proba pilotua” dira, adierazo dau Gilek.

Osoko Bilkureak ez dau onartu Podemos Bizkaiak aurkeztu dauen proposamena, garapenaren lankidetzara bideratzen dan partidea handitzeko. Aurrean EAJ-PNV eta PSE-EE taldeetako ordezkariak egon dira barriro, eta ezezkoa emon dabe, euren eretxiz, %0,7ko helburu hori Aldundiak legealdi honen bukaeran lortu gura dauelako.


GAROÑAREN ITXIEREA

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez eskatu deutsie Espainiako Gobernuari Garoñako zentral nuklearra “behin betiko” itxi daiala. Arauz besteko proposamena aurkeztu daben EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek salatu dabenez, Burgosen dagoan zentrala “barriro zabaltzea ez dala egokia erakusten daben segurtasun, ekonomia eta gizarteko sentsibilidade arloetako” erespideak egon badagozan arren, “badakigu” Segurtasun Nuklearreko Kontseilua zentrala barriro zabaltzeko aukerea baloretan ari dala.

Hori dala eta, Bizkaiko Batzar Nagusiek “Euskadiko, eta batez be Arabako, biztanle gehienek Santa María de Garoña Zentral Nuklearra barriro ez zabaltzeko egiten dituen eskariak errespetau daizala” eskatu deutsie Espainiako Gobernuari, eta zentralaren itxierea exijitu dabe. Gainera, eskaria egiten deutsie Gobernu zentralari, Garoñan aldi baterako biltegi nuklearra instaletako erabagiari buruz 2015eko zezeilaren 19an adostutako ebazpena osorik bete daian.


ETXEBIZITZARENGAITIKO SALBUESPENA ONDAREAREN ZERGAN

EH Bilduk, bere aldetik, Aldundiko Ogasun eta Finantzetako Sailari 5/2013 instrukzinoa aldatu daian eskatzea defendidu dau, Ondarearen gaineko zergan ohiko etxebizitzaren 400.000 euroko salbuespenaren gehieneko balioa murrizteko. Ekimenak koalizino abertzalearen ordezkarien aldeko botoa baino ez dau lortu. Proposamena ez da onartu, Podemos Bizkaia eta PSE-EE abstenidu egin diralako eta EAJ-PNV eta PP taldeek kontrako botoa emon dabelako.


LAGUNTZEA ARCELORREKO BEHARGINEI

Ganera, batzarretako taldeek euren alkartasuna erakutsi dabe barriro be Sestaoko Arcelor Mittaleko eta enpresa laguntzaileetako beharginakaz. Horretan danak ados egon diran arren, Batzarrek ez dabe onartu beste gauza batzuen artean Aldundiak, sindikatuakaz batera Arcelorreko mahaia osatu daian Podemos Bizkaiak egin dauen proposamena.


GENERO POLITIKAK

Gernikan eztabaidau dan batzarretako azkenengo ekimenean, EH Bilduk beste mozino bat planteau dau, Foru Aldundiak genero politikak txertatu daizan Bizkaia Goazen 2030 estrategian. Testu horren lekua EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek alkarregaz aurkeztu daben zuzenketa-eskeak hartu dau. Bigarren testu horretan eskaria egiten jako Aldundiari, Foru Erakundeko bardintasun politiketan “zeharkakotasuna ezarri daian”, Bizkaia Goazen 2030 estrategiako neurrietan, batez be. “Ebaluazinoaren eta genero eraginaren ganeko adierazleak” sortzeko eskaria egin dabe, genero zeharkakotasun hori “haren definizinoan eta gauzatzeko orduan” sartzeko. Ekimena aho batez onartu da.


ONDARROARI LAGUNTZEA ESKINTZEKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Martitzenean Ondarroako Santa Clara lantegian Javier Elu eta Alberto Badiola ondarrutar langileen heriotza eragin eban istripua dala-ta, Bizkaiko Batzar Nagusiek, zoritxar horren aurrean, “alkartasun osoa helduazo gura deutse hildakoen familiakoei eta Ondarrutar guztiei, azken asteotan astinaldi handia jasaten dagoz-eta, Kamiñaldeko maldako luiziek ehundaka familia be egoera latzean itxi dituelako”, Ana Otadui Batzarretako presidenteak irakurri dauen Adierazpen Instituzionalak esaten danez.

Bizkaiko parlamentuko batzarkideek euren “hurrekotasuna eta babes osoa adierazo nahi deutsie Ondarruko herriari”, eta zoriondu egin gura ditue ondarrutar guztiak, “egunotan erakutsi daben eskuzabaltasunagaitik”; era berean, euren autortza zintzoa zerbitzu teknikoetako eta emergentzia zerbitzuetako profesional eta boluntario guztienganako. Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egiten deutse erakunde “guztiei” aurrerantzean be “baliabide guztiak erabili daiezala Ondarruko herritarrek izandako hondamendia ahalik eta leunena izan daiten”.


ALDAKETAK BATZAR NAGUSIEN OSAKETAN

Osoko Bilkurak aldaketa bi izan ditu gaur bertako taldeen osaketan. Alde batetik Alexander Sardui Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordekide barria izango da, Idoia Fernándezen lekua hartuz. Beste alde batetik, saioa hasi aurretik Bizkaiko Batzarretako Mahaia alkartu egin da eta Arturo Aldecoa batzarkidea Talde Mistoan sartzea erabagi dau. Aldaketa hori, atzo, Batzar Nagusietako talde popularrak, kide popularrari bajea emoteko Batzarretako erregistroan aurkeztu eban eskariaren ostean etorri da. Bizkaiko Batzarrek sei talde izango ditue hemendik aurrera, eta talde popularrak hiru ordezkari izango ditu.