Aurreko Albisteak

Errekaldeko saihiesbideak "3,75 milioi euroko" gastua izango dau obrak hasi aurretik

Bilbao

Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietan egon da gaur goizean, PP taldeak eskatuta, Errekaldeko saihesbidearen proiektuaren idazketea zein egoeratan dagoan azaltzeko. Saihesbidea “Ingurumeneko Aurretiazko Bideragarritasun” fasean dago. Sailak “kontsulten lehenengo dokumentua” egin dau daborduko, eta “orain hilebete” bialdu zan Ingurumeneko eta Iraunkortasuneko Foru Sailera, azpiegitura horretarako beharrezkoa dan ingurumeneko “Erreferentziazko Dokumentua” deritxona eskuratzeko.

Aurretiazko fase hori amaitzeko “aurreikusten dan” epea “hamar hilebete ingurukoa” izango da. Dokumentu horrek “helburu bikotxa” dauka. Alde batetik, horren eragina jasoko daben administrazinoei eta interesa dauen jendeari kontsultau ostean, “etorriko dan urigintzako bideragarritasuneko fasean aurrera eroan beharko dan etorkizuneko ingurumeneko azterlan estrategikoaren xehetasun eta zehaztasun mailea” ezarteko aukerea emongo dau, diputatu jaunak adierazo dauenez. Eta, bestetik, egon daitekezan trazauaren alternatiba posibleak definidu ostean, txostena lagungarria izango da trazauaren alternatiba posible horreek “baloretako”, beste batzuen artean “eragin funtzionalak, sozialak, ingurumenekoak, urigintzakoak eta hidraulikoak” kontuan izango dituan “erespide anitzeko” metodologia erabilita.

Une honetan, Aldundiak, Errekaldeko saihesbidearen “bideratu bako” trazauaren alternatiba bat dau. Pradalesek azpimarratu dauenez, beharrezkoa izango da obrak hasi aurretik ingurumeneko “Erreferentziazko Dokumentu” hori lortzea, horren ostean urigintzako bideragarritasuna egiteko, Bideko Plan Bereziaren eta egin beharreko Ingurumen Eragineko behin betiko txostenaren bitartez. Ganera, obren bideragarritasuna be egin beharko da, trazauaren eta eraikuntzaren proiektuei on ikusia emonda.

Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, saihesbidea, gaur egun Errekalden dagoan bide-zubiaren hegoaldeko alternatibea izango da, A-8 autopistea San Mamesen lur azpian dagoan zatiaren bukaeratik hasi eta Juan de Garaiko lotuneraino. Helburua, tunelak eta bide-zubiak erabilita, Errekaldeko auzoa berreskuratzea ahal izatea da, une honetan dagozan bide-zubiak kendu ostean. Pradalesek adierazo dauenez, Sabino Aranako “scalextric-agaz” gertatu zan moduan, Errekaldeko kasuan be “beharrezkoa” izango da lehenengo saihesbidea egitea, gero izen bereko bide-zubiak kendu ahal izateko.

Pradalesek Batzarretako taldeei jakinarazo deutsenez, “saltau ezin doguzan legezko epeak dituan” administrazino prozedura horrek “3,75 milioi euroko” gastua eragingo deutso Aldundiari. Epeen ganean galdetuta, Pradalesek ez dau gehiago zehaztu gura izan, prozesuak beste administrazino batzuen on ikusia be behar dauelako.

Diputatuak adierazo dauenez, egingo dan saihesbidea eregiteko izapideak, maiatzaren 27an, Aldundiari proiektuaren idazketeagaz hasteko agindua emoten eutson arauz besteko proposamena onartu “baino askoz lehenago” hasi ziran. San Mamesetik Bilbora sartzeko bide barriak eregitea “beharrezko” pausua zan Errekaldeko Saihesbidea eregi ahal izateko. Bere berbetan, sarbide horreek barik “ezinezkoa” izango zan saihesbideari ekitea, saihesbide hori eta une honetan eraitsita dagozan Sabino Aranako sarbideak “bateraezinak” ziralako.

Ganera, Pradalesek gogoratu dau Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren eraikuntzari esker, A-8ko zati horretan trafiko astunaren trafikoa debekau ahal izan dala, eta horrek “hobekuntza” nabarmena eragin dauela autobidetik gertuen dagozan uriguneetan, Errekalden, adibidez.

"Eperik eta finantziazinorik ez badago, kea baino ez dogu saltzen”, erantzun deutso Zigor Isuskiza EH Bilduko ordezkariak, eta “Supersur” deritxona Errekaldeko saihesbide moduan erabilteko bere taldeak proposau eban eta Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota eben idea gogoratu dau. Beste gauza bat be gogoratu dau, Bilboko Udalak Iparlateko lurretan gastau dituan “12 milioi euroak”, obra egiten ez bada “ezertarako balioko ez dauen dirua”.


EKIALDEKO SAIHESBIDEA

EH Bilduk egindako erantzun-eskeari erantzunez, diputatuak Bilboko Ekialdeko saihesbidea ze egoeratan dagoan be azaldu dau. Pradalesen berbetan Errekaldeko saihesbidea “baino aurreratuago” dagoan azpiegitura horren administrazino prozesua aurrera doa ingurumeneko bideragarritasuneko fasean, lurraren kalidadearen ganeko adierazpena lortzeko Bideko Plan Bereziaren “eguneratzean”, hain zuzen be. Aldundiko arduradunak esan dauenez, Eusko Jaurlaritzaren behin betiko txostenak “urtarrilaren 21ean” eta “zezeilaren 8an” heldu ziran, eta bideko plana “daborduko behin betiko onespenerako prest dago”.


EZEZKOA ERREKALDEKO BIDE-ZUBIAK “KONPONTZEARI”

Beste alde batetik, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako batzordeak ez dau onartu EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Errekalde auzoaren gainetik pasetan diran A-8ko bide-zubien arteko estaldurak “konpondu” daitezan, bertan sortzen diran eta Bilboko auzo horretan dagoan umeentzako eta kirola egiteko gunearen ganera jausten diran “itoginak” saihesteko. Ekimenak Podemos Bizkaiaren aldeko botoa, PP taldearen abstentzinoa eta EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako botoak jaso ditu.

Joaquín Colmenero PSE-EEko batzordekideak adierazo dauenez, Aldundiak daborduko “hobekuntzak” egin ditu bide-zubietan, “drainatze sisteman, euskarrietan eta bertan dagozan txapen junturetan”, hain zuzen be, eta, horrez gain “margotze eta ezotasunaren kontrako tratamendu” lanak be egin ditu. Batzordekide sozialistaren berbetan, Foru Aldundiak eten barik egiten ditu mantentze-lanak zubi horreetan. Halanda be, “ezelango irazterik ez egotea lortzea oso gaitza dala” onartu dau. Bere eretxiz, “errore” bat hartzen da oinarri moduan, hau da, bide-zubiak “estalki irazgatx” moduan ulertzea. Hori dala eta, eskaria egin deutso Bilboko Udalari, umeek jolasteko gunea estaltzeko aukerea aztertu daian, “Bilboko beste leku batzuetan egin dauen moduan”. Soluzino berbera planteau dau PP taldeak be.

Gai berari buruz berba eginez, Irene Edesa EAJ-PNVko ordezkariak, egitura horrek “ez dauela konponketarik behar” esan dau, eta hiriko Udalari eskaria egin deutso “inguru hori irazgatx egiteko proiektua” aurkeztu daian. Bere eretxiz, Aldundiak egiten ditu azpiegiturak behar dituan mantentze-lanak eta, bere egunean “txapazko panel seguruagoak” instalau ebazan bide-zubien artean, eta baita “drainatze sistemea” be, auzoa “altuera eta distantzia desbardinetan” zeharkatzen daben bide-zubi “desbardin” bik osatutako bideko egituran.

EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak, Aldundiak “gauzak” egin dituala onartu arren, “holan ez dirala itoginak konponduko” salatu dabe. “Ez dogu ezer konpontzen Udalari estalgi bat instalau daiala eskatuta, eta ez dot uste estalgi horrek arazoa konponduko leukenik”, esan dau Zigor Isuskizak. Bere esanetan, itogin horreek sortzen dituen pozuek eta eragozpenek “eragina dabe bertako biztanleen bizitza kalidadean”. Podemoseko Nuria Atienzaren eretxiz, falta dana, jatorriz “arazo larria” dana konpontzeko “borondate politikoa” da, eta hori ez da “bateraezina” umeentzako gunearen ganean egin daitekean estalgi posible bategaz.