Batzar Nagusiak autoenplegurako eta enpresa txikiak eta ertainak sortzeko laguntzen eredua aldatzearen alde agertu dira
Bizkaiko Batzarretako taldeak, Bizkaian autoenplegurako eta enpresa txikiak eta ertainak sortzeko dagozan laguntzen politikeari “beste orientazino bat emotearen” alde agertu dira gaur Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako batzordean. Alexia Castelo batzordekide sozialistak adierazo dauenez, Aldundiak laguntza lerro hori “ebaluetako eta aztertzeko” unea heldu da, neurri batean Aldundiaren laguntza horreei esker lurraldean sortzen diran enpresetan erespide “iraunkorrak eta egonkorrak” sartzeko.
Laguntza horreen kudeaketeari buruzko eztabaidea Eduardo Andrés Bizkaiko Talde Popularreko (PP) ordezkariak hasi dau, Batzarretara proposamen bat ekarri dauelako, Foru Aldundiak laguntza horreek handitu daiezan, azken hiru urteetan “bi mila eskari baino gehiago” atzera bota diralako. Eduardo Andrések adierazo dauenez, eskari guztiak onartu izan balira, kontzeptu horretara zuzendutako zenbatekoa “11 milioi eurotan” handiagoa izan beharko litzateke.
Kontrako 11 botogaz (EAJ-PNV, PSE-EE eta Podemos Bizkaia) eta aldeko 3gaz (PP eta EH Bildu), atzera bota dan arauz besteko proposamenean, popularrek eskaria egiten eben Batzar Nagusiek Aldundiari agindua emon deion “aurrekontuan egin beharreko aldaketa guztiak egin daizan”, jasotako eskari “guztiei” erantzun ahal izateko, “beti be eskariok adjudiketako baldintzak beteten baditue”, eta Eduardo Andrések adierazo dauenez, hori zan onartu ez diran eskariakaz gertatzen zana. “Ez dogu esaten gaur egungo diputatu andrearen –diputatua batzordean bertan egon da– errua danik, bera ez egoalako postu horretan” eredua martxan jarri zanean, “baina holangorik ez dala barriro gertauko bermatu behar da”, esan dau Andrések.
Gertautako hori onartu ondoren, Castelok PPri gogoratu deutso hori laguntzak “konkurrentzia librean” emon diralako gertatu dala, “lehiakortasunezko konkurrentzian” emon beharrean. Laguntzak “erregistrora noiz sartzen ziran kontuan izanda” emoten ziran. Batzordekide sozialistak esan dau Aldundia “beharrean ari dala” aurreko ereduari “beste orientazino bat emoteko”, eta autoenpleguaren sustapenera bideratutako aurrekontuak aurton “%12ko” igoerea izan dauela azpimarratu dau.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek argi eta garbi itzi dabe Aldundiak arlo horretan aurrera eroan behar dauen politikea zelangoa izatea gura daben, PP taldearen arauz besteko proposamenaren aurrean aurkeztutako zuzenketa-eskean. Proposamena aurkeztu dauen taldeak ez dau zuzenketa-eskea onartu, baina talde horretako batzordekideak, eurena balitz moduan erregistrauko dabela iragarri dau, Batzarretan eztabaidetako eta onesteko.
AUTOENPLEGUKO DEKRETUA
Jeltzaleek eta sozialistek aurkeztu daben zuzenketa-eskean, beste gauza batzuen artean, Aldundiak “enplegu egonkorra eta kalidadezkoa sortzen lagunduko dauen Foru Dekretua” egin daiala jasoten da, “lehentasuna emonez gizarteratzeko gaiztasun gehien daukien lanbakoei eta Bizkairako estrategikoak diran ekoizpen sektoreei”. EAJ-PNVren berbetan, orain arte erabili dan ereduak emaitza “positiboak” lortu ditu, baina laguntzen sisteman “aldaketak” sartzeko unea heldu dala uste dau.
Mikel Baganek (EAJ-PNV) jakinarazo dauenez, Aldundiko gobernua eusten daben talde biek alkarregaz aurkeztu daben proposamenean, “Europa 2020 Estrategiagaz bat etorrita, lan merkaduan sartzeko gaiztasunak” dituen pertsonek lana euren kontura egitea saritzen da, eta ganera, Bizkairako “estrategikoak” diran sektoreetan enpresa eta enplegu barriak sortzea bultzatzen da, “industrian, enplegu berdean, zainketen ekonomian, barrikuntzan eta gizarte arloko ekonomian”, besteak beste.
Podemos Bizkaiak, Foru Administrazinoak laguntzak emoteko orduan erespide “etikoak” kontuan izatearen aldeko apustua egin dau, “zainketetan, gizarte arloko ekonomian, enplegu berdean eta arazo gehien dituen pertsonen enpleguan” zentrauz.
EH Bilduk, bere aldetik, “arduraz eta inpotentziaz” ikusi eban bere unean eskari guztiak ez zirala beteten, eta autoenplegua “totem” moduan erabiltea kritikau dau, “enplegua sortzeko ardurea pertsonen ganean jarriz”, Administrazinoak “eskuak garbitzen dituan” bitartean. Zigor Isuskiza batzordekidea lehiakortasunezko konkurrentziaren, laguntzen “arrakastaren ebaluazinoaren” eta partida horreek “handigarriak” izatearen alde agertu da.
ENPLEGU SAILEKO HAMAR EKINTZA “BIZKAIA GOAZEN 2030” ESTRATEGIAN
Beste alde batetik, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako foru diputatu andrea PP taldearen eskariz joan da batzordera, bere sailak Bizkaia Goazen 2030 estrategian izango dituan jarduketetarako ildoak azaltzeko.
Laguntza horreek “egiten dogunaren parte txiki bat” dirala adierazo ostean, Laespadak esan dau “hamar proposamenek, gizarte arloko arazoak, kudeatzaile publiko garen neurrian gure erantzukizun politikoaren betetearen eta arduraren ardatzean” jarten dituala. “Gure apustua, gizarteko errealidadea eraldatuko daben ekintzak bultzatzea eta Bizkaian dagozan pertsona batzuen egoera txarraren errealidade zehatzaren ganean behar egitea” da, esan dau.
Izaera “estrategikoa” daben ekintzen pakete horretan, hasteko, "800.000 euro" inbertidu eta gero legealdi honetan 20 enplegu anezka sortzeko martxan jarri dan Neska programea aitatu dau diputatu andreak. Ganera, gizartetik baztertuta geratzeko arriskua daben iraupen luzeko lanbako pertsonentzako laneratze programea be gehitzen da. Egoera horrek “46.000 pertsonarengan” dau eragina Bizkaian, eta “4.285.000 euro” inbertiduko dira bertan. Horrez gain, gazteen arteko enplegugarritasuna hobetzeko jarduketea be bultzauko da, “2.857.140 euroko” inbertsinoagaz.
Gizarte kohesinoaren arloan, helburu moduan “sare iraunkorra sortzea eta danontzako aukera bardintasunean aurrera egitea” daben zazpi proposamenen barri emon dau Laespadak. Horren barruan sartu dau tratu txarrak jaso dituen emakumeei eta seme-alabei arretea eskintzera zuzendutako programea. Programa hori “martxan dago daborduko”, eta legealdi honetan “1.100.000 euro” eroango ditu.
Lehentasunen artean, Laespadak zuzentzen dauen sailak, sexu esplotazinoaren “ezkutuko” arazoari “lehentasuna” emoteko egingo dau behar. Horretarako plan berezia gauzatuko dau, Emakundegaz eta udalakaz lankidetzan, “150.000 euroko” aurrekontuagaz.
Ganera, “House in first” (Etxebizitzea, lehenengoa) eredua gauzatuko da Bizkaian, etxe bako pertsonentzako estrategia “barria”, eta eredu horretara “715.000 euro” bideratuko dira.
Aldundiko beste arduradun batzuk aurretik azaldu daben moduan, Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako sailak Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenekoagaz eta Gizarte Ekintzakoagaz batera hartuko dau parte, Bizkaia “gizarte arloko barrikuntzan erreferentziazko nodo” bilakatu daiten, “balioa daben” ekimenak sustatzeko helburuz. Enplegu sailak “550.000 euro” jarriko ditu “4.150.000 eurora” heltzen dan inbertsino osotik.
Bukatzeko, Laespadak zuzentzen dauen sailak “750.000 euro” bideratuko ditu errefuxiauen babesa bermatzera, Goihabe programari esker. Beste “36.000 euro” “nazinoarteko lankidetzarako plan zuzendaria” egitera bideratuko dira; eta “55.000 euro” Bardintasunerako Foru Araua gauzatzera. Azken ekintza bi horreek herritarren partaidetzara zabalduko dira, hainbat bide erabilita. Laespadak aurreikusi dauenez, Bizkaiko Batzar Nagusiek “2016ko azken hiruhilekoan” onartuko dabe Bardintasunerako araua.
BATZARRETAKO TALDEAK
Oposizinoak –EH Bilduk, PPk eta Podemos Bizkaiak– kritikau egin dau Aldundiko Enplegu sailak Bizkaia Goazen 2030 estrategia aurrera eroateko orduan dauen pisu ekonomikoa. “11,3 milioi euroak ez dira 642 milioiko inbertsino osoaren %2ra be ailegetan”, adierazo dau Eduardo Andrések. “Guk konpartitzen ez dogun aurrekontu batean oinarritzen dira”, gehitu dau Podemoseko Mikel Isasik.
“Dana ezin daiteke ikuspuntu ekonomikotik ikusi”, erantzun dau Castelo sozialistak. Bere eretxiz, Ahaldun Nagusiak zezeilean aurkeztu eban plana “estrategikoa” da, eta “epe ertaineko eta luzeko” ibilpidea dau. Planak “esparru ekonomikoa gainditzen dau”. “Bere balioa ez dago kantidadeetan, ezaugarrietan baino”, gehitu dau Maria Esther Furundarena jeltzaleak.