Bizkaia Goazen 2030 estrategiak, gizarte arloan inbertsio barriak ekarriko dituen hamahiru jarduketa jasoten ditu

“Ez dira sailak aurrera eroango dituan jarduketa guztiak, baina bai etorkizunari aurre egiteko Lurraldea posizino hobean jarriko dabenak”. Holan hasi dau Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako foru diputatu andreak Batzar Nagusien aurrean gaur izan dauen agerraldia, talde popularrak eskatuta, joan dan zezeilaren 1ean aurkeztu zan Bizkaia Goazen 2030 foru estrategiaren barruan dagozan bere sailaren hamahiru jarduketak zehazten hasi aurretik.
Gizarte Ekintzako sailak 2016-2019 epealdirako dituen jarduketen artetik “asko”, Saileko arduradunak Legealdiaren haseran batzarretako taldeei azaldu eutsezan “lehentasunetatik” sortzen dira, eta Sánchez Roblesek zuzentzen dauen sailak gastuko atal “barriak” gehitzea eskatuko dabe. Horreei, gai beraren ganean berba egiteko bihar, goizeko 10:00etatik aurrera, Batzarretara etorriko dan Teresa Laespadak zuzentzen dauen Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako sailaren barruan dagozanak gehitu behar jakez.
Dokumentuak jasoten dituan 120 jarduketetatik, hamahiru Gizarte Ekintzako sailaren barruan gauzatuko dira. Aldundiak, adibidez, Nagusi Intelligence Center izenekoa bultzatuko dau, “jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren sortzaile” izan gura dauen “aliantza publiko-pribadua”, azaldu dau Sánchez Roblesek. Une honetan “diseinuaren fasean” dagoan ekimena “laster” aurkeztuko da, eta errealidade bilakatuko da “2017tik aurrera”.
Beste ekintzetako bat, urritasuna daben pertsonei zuzendutakoa, euren ingurunean programa “barriak” martxan jarteagaz dago erlazionauta, eta horreen artean hainbat “neurri” ezarriko dira, “laguntza pertsonala indartzea eta bizitza independentea sustatzea”, beste batzuen artean. Arlo horretan, diputatu andreak jakinarazo dauenez, bere sailak, urritasuna daben pertsonen bizimodua hobetzeko partaidetzarako II. Plana be jarriko dau martxan. “Zezeilaren 26an azkenengo kontrastea egin genduan hirugarren sektoreagaz”, eta argitaratuko dan “testu adostua” lortu dogu.
Pertsona nagusiei jagokenez, Aldundiak bi zentro barri zabaltzea aurreikusi dau, bat Etxebarrin, autonomia pertsonalerako. Zentro hori eregiteko beharrak “bukatuta” dagoz, eta aurreikuspenak beteten badira, urte honetako “bigarren hiruhilekoan” zabalduko da. Bigarrena Zorrotzako egoitzea izango da, urte honetako bigarren hiruhilekorako prest egongo dana, “11 milioi euroko” inbertsinoa egin ostean.
Kontuan izan beharko dan beste atal bat “Pertsona zaintzaileentzako estatutua” egitea izango da. Egitasmo hori 2017an hasiko da, eta heburua “pertsona horreek egiten daben beharra autortzea” eta “babeserako sistemea” sortzea izango da. Beste proiektu bat aurreratuago dago, familiako harrera “espezializauari” jagokona, lizitazino prozesuan, eta Sánchez Roblesek barriro gogoratuazo dauenez, barrikuspena izan eban, legedian izandako aldaketak dirala eta. Dana dala, badagoz aukeraketa prozesu osoa gainditu daben “pertsona bi”.
Gizarte Ekintzako Foru arduradunak Umeentzako Plana be azpimarratu dau. Plan hori “informazinoa jasoteko” fasean dago, eta errealidade bihurtu daiteke urte honetako “bigarren hiruhilekotik” aurrera. Bertan, umeak eta nerabeak babesteko sistemea aldatzen dauen garagarrilaren 28ko 26/2015 Lege barriaren legezko alderdiak jasoten dira.
Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzordean izan dauen agerraldian Sánchez Roblesek iragarri dau bere sailak “abangoardian” jarraituko dauela 0 eta 6 urte arteko arreta goiztiarrean, Osakidetzak bultzatutako Umeen Hortz Asistentzia Programaren (PADI) “antzeko” kontzertazino sistema martxan jarriz 2017tik aurrera. “Beste ezer baino lehen, zentroen homologazinoa egin beharko da”.
Daborduko eginda dagozan gauzen artean, Sánchez Roblesek esan dau joan dan zezeilaren 28an familiako topaketa puntu espezializaua zabaldu zala, eta bertan, daborduko “bisita kopuruak” gora egin dauela ikusi dala.
Epe ertaineko ikuspegiagaz, diputatu andreak esan dau Foru Aldundiak estrategia bat zabalduko dauela Bizkaia “adin guztietarako” lurraldea izan daiten, “pertsona nagusiei zuzendutako politiketan” pentsauta batez be, bizkaitarren “%27k” 60 urte baino gehiago dituelako. Ganera, behar egingo da lurraldea “gizarte arloko barrikuntzaren erreferentzia nodo” bilakatzeko, gizarte arloan “produktu barrietan” behar egiteko “esperientzia pilotuak” bultzatuz. “Orain arte, herrialde anglo-saxoietan baino landu ez dan erronkea da”, esan dau, eta herrialde horreek be orain denpora gitxi hasi dira horretan.
Bukatzeko, Aldundiak esperientziak bilauko ditu “iparraldeko” herrialdeetan. Horretarako, topaketa puntualak egin beharrean, Eskandinaviako Estaduakaz dagoan hartu-emon horretan sakondu gura da, Aldundiak legealdi honetarako “munduagaz konektauta” egongo dan Bizkaia lortzeko bultzatu dauen ardatzagaz bat etorrita.
Jarduketak aurkeztu ostean, Sánchez Roblesek konpromisoa hartu dau, Batzarretan jarduketa bakotxaren ganeko informazinoa emoteko, proiektuak “helduta” dagozanean, eta batzarretako taldeei euren partaidetzea eskatu deutse, proiektu horreek hobetzeko.
BATZARRETAKO TALDEAK
PP eta EH Bildu taldeek itaundu dabe ea zelan dan posible, Foru Gobernuarentzat lehentasuna bada, gizarte politikak Bizkaia Goazen 2030 programan aurreikusten diran ekintzen “%9a” eta ekintza horreek gauzatzeko aurrekontuetan jasoten diran 652 milioietatik “%5a” baino ez jasotea. “Deigarria da”, esan dau PPko Eduardo Andrések.
EH Bildurentzat be neurriak “labur” geratzen dira, eta “gizarte zerbitzuen mapea egitea botaten dau faltan”. Arantza Urkaregi batzordekideak eskubide subjektiboak zelan bermatuko diran galdetu dau. Gizarte ekintza barriak ezarteko dagoan “32 milioi euroko” aurrekontua ikusita, argi ikusten da Aldundiaren “lehentasuna errepideak egitea” dala.
PSE-EE taldearen eretxiz, barriz, aurkeztutako dokumentua, Aldundiak finantzen ikuspegitik egindako esfortzua, orokorrean, “azpimarragarria dala” erakusten dauen “asmo handiko” plana da. Juan Oterminen eretxiz, “danok erantzun beharko dogun itauna, horri denporan zelan eutsiko jakon” da. “Gizarte arloko zein eredu gura dogun eta zelan eutsiko deutsagun erabagi beharko da”, esan dau. Sánchez Robles bat etorri da “iraunkortasunaren aldeko alegatu” horregaz, eta taldeei partaidetza handiagoa eskatu deutse, sistema “epe ertainean, arriskuan dagoalako”. “Ezin da eskini ordaindu ezin dana”, esan dau.
Batzarretako Euzko Abertzaleak taldeak (EAJ-PNV) eskaria egin deutse PPri eta EH Bilduri, “azterketa partzialik” egin ez daien, Aldundiaren lehentasunak marketan dituan “erreferentziazko esparrua” aurrekontuak diralako, eta “hor gauzak argi eta garbi ikusten diralako”, esan dau Jon Sánchezek. Bizkaia Goazen 2030 dokumentuari jagokonez, batzordekide jeltzaleak adierazo dauenez, Aldundiak “urte askoko plangintzea planteetan dau, eta horrek eredua eta aurreikuspena dagozala erakusten dau”. Bere txandeari bukaerea emoteko, “gizarte arloko zerbitzuetan Bizkaia erreferentea dala” esan dau, “kantidadea eta kalidadea kontuan izanda”.
Diputatu andreak eskaria egin deutse oposizinoko taldeei, ez daien hainbeste begiratu ekintza kopurua, eukia baino. “Umeei zuzendutako plan osoa eta urritasuna daben pertsonentzako plana daukaguz”. Plan horreetako ekintzak banan-banan azaldu ezkero, “3.500 ekintzetara helduko geintekez”, esan dau, ironia erabilita. Zerbitzuen mapea sartzeari jagokonez, “daborduko martxan dago. Derrigorrez egin beharreko zeozer da, eta ez da zertan hemen agertu behar. Aurkezpena dotoretu egingo leuke, baina ez zan bidezkoa”, adierazo dau.
Podemos Bizkaia taldeari erantzunez, diru-bilketaren jatsierak Bizkaia Goazen 2030 estrategian Gizarte Ekintzari jagokonean dagozan partida ekonomikoetan murrizketarik ez eragitea gurako leukela esan dau Sánchez Roblesek.