Aurreko Albisteak

Loiuko aireportuan Bizkaibuseko kabina bat instaletea eskatu dabe Bizkaiko Batzar Nagusiek

bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiek PP taldearen proposamen bat onartu dabe, Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako sailak Loiuko aireportuan “Bizkaibusen kabina bat instalau daian, jendeari arretea eskintzeko”. Proposamenak EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu taldeen aldeko botoa eta Podemos Bizkaiaren abstentzinoa jaso ditu.

PP taldearentzat “garrantzitsua” da aireportuan zerbitzu hori jartea, Bizkaiko terminalak azken urteetan izan dauen bidaiari hazkunde nabarmena dala eta. Jesús Isasi Talde Popularrak Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako batzordean dauen bozeroalearen berbetan, beharrezkoa da Bizkaira hegazkinez heltzen diran erabiltzaileek Barik txartela eskuratzeko lekua izatea aireportuan bertan. “Mobikortasun iraunkorrari bultzadea” emoteko modua da, eta, zehatzago esanez, aireportua eta Bilbo erdialdea lotzen dituan eta Aldundiaren esku dagoan foru lineari.

Joaquín Colmenerok zehaztu dauenez, instalazinoak “Usoa” egin eban arkitektoaren “onespena” jaso behar dau. “Danok ezagutzen doguz zelangoak diran Calatravak bere eraikinen kontratuetan ezarten dituan klausulak”, esan dau. Batzordekide sozialistak esan dauenez, Vicente Reyesek zuzentzen dauen saila “formulea” ari da bilatzen aireportuko zuzendaritzagaz, zerbitzu hori bertan ezarteko.

“Sinistu ezina da pertsona bat bizkaitarron interesen ganetik egotea”, adierazo dau EH Bilduko Zigor Isuskizak, Santiago Calatravak Bizkaibuseko informazinorako eta billeteak saltzeko postua instaletearen aurrean “trabak” jarteko aukereari jagokonez.

EAJ-PNV taldea PPren proposamenaren alde agertu da, bere ustez instalazino horrek “zerbitzua hobetuko leukelako, Bizkaira datozanentzat, batez be”.


EZEZKOA GARRAIO PUBLIKORAKO “TARIFA LAUA” EZARTEARI

Beste alde batetik, EH Bildu taldeak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP), Bizkaiko garraio publiko modu guztiak barruan hartuko dituan mugarik bako “tarifa laua” izango dauen garraiorako bonoa ezartea defendidu dau. Ordaindu beharreko “gehieneko” kopurua ezartean oinarrituko litzateken proposamen hori, txartel bakarra martxan jarri eta Lurraldeko tarifak bateratu aurreko “lehenengo pausua” izango litzateke. Daborduko BGP ari da horretan beharrean.

Bizkaiko Batzarrek ez dabe neurri hori onartu, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek kontrako botoa emon dabelako eta Podemos abstenidu egin dalako. Isuskizak adierazo dauenez, neurri horren helburua “garraio publikoaren erabilerea bultzatzea da”. Proposamenak ez dau ezelango tarifarik jasoten, hori “operadore bakotxagaz negoziau behar dalako”, esan dau.

EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek uste dabe koalizino abertzalearen asmoa, bere ekimenagaz Bizkaiko Garraio Partzuergoaren barruan txartel bakarraren eta tarifak bateratzearen inguruan egiten ari diran beharrei aurrea hartzea dala. “Itzi deiegun lehenengo teknikariei behar egiten”, eskatu dau Joaquín Colmenerok.

Isasirentzat (PP), garraioaren erabileraren hazkundea “ez dago” billetearen kostuagaz lotuta. Orekeari eutsi behar jako eta, beharbada, “erabiltzailearen errentaren araberako prezioa ezarri beharko da”, edo ibilgailua “diesela edo energia elektrikoz mobitzearen araberakoa”.


EZEZKOA UGARTE ETA EL JUNCAL ARTEAN BIZKAIBUSEKO GERALEKUAK INSTALATEARI

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu A3129 lineako Ugarte eta El Juncal (Trapagaran) auzoetan geltoki bana instaletako eskaria. EH Bilduk planteau dauen proposamenak kontrako zortzi boto (EAJ-PNV eta PSE-EE), aldeko bost (EH Bildu eta Podemos Bizkaia) eta abstentzino bat (PP) jaso ditu.

EH Bilduk, linea horrek geraleku bat izatea eskatuz “urteak” daroazan Ugarteko Biztanleen Alkarteak egindako eskaria jaso dau. Zigor Isuskizak esan dauenez, geraleku horrek “minutu bat” gehituko leuke ibilpidea egiteko behar dan denporea. Neurria mesedegarria izango litzateke bertako biztanleentzat eta industriguneak dituan inguru horretara egunero joaten diran beharginentzat.

Sozialisten eretxiz, A3129 linearen aldaketa horrek denpora gehiago luzatzea eragingo leuke, euren ustez “3 minutu”, berez be “nahiko luzea” dan ibilpidean. Ganera, Joaquín Colmenero batzordekideak esan dauenez, auzo biak komunikauta dagoz Bizkaibuseko beste linea batzuen bitartez, eta linea horreek “egunean 250 erabiltzaile” ditue batez beste Trapagako inguru horretan.

EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek euren ezezkoa justifikau dabe inguru horretan zerbitzua eskintzeak kostu ekonomiko handia eragingo leukela esanez. Bizkaibusen aurrekontuak “oso estuak” dira, esan dau Colmenerok. “Ez dabe gehiagorako emoten”, adierazo dau Jesús Isasik.

Podemos Bizkaia taldeak, bere aldetik, salatu egin dau Aldundiak milioiak inbertidutea Supersurrean eta, aldi berean, Lurraldeko gune batzuetan garraio publikorik ez eskintzea.


DOBAKO GARRAIOA 6 URTETIK BEHERAKOENTZAT

PP taldeak, bere aldetik, itauna egin deutso Aldundiari, garraio publiko guztietan 6 urte bete arte ez ordaintzeko Batzar Nagusiek emon eben agindua beteten dan ala ez erantzun daian. Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako foru diputatuak uste dauenez, ez da “beherapenik sartu behar operadore bakotxean izango dauen ondorioa ikusi barik”, eta horregatik, uste dau “hoba dala” Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzan “aurrera egitea”, “erakunde eta operadore guztien artean sistemaren ikuspegi baterakoa eta aldi berekoa lortu ahal izateko”.

PP taldeak uste dau “beharrezkoa dala adin tarte hori bateratzea”, daborduko badagozalako adina kontuan izanda salbuespenak dituen garraioak. “Arren eskatzen deutsut operatiba hori egin daizula Garraio Partzuergoan, zuk daukazulako gehiengoa kontseiluan”. “Borondate politiko arazoa da”, esan deutso.

Reyesek esan dauenez, gestinoa “eginda dago”, baina Bizkaiko Batzarretan onartu zan proposamenak “ez dauka datarik”. “Printzipio moduan, hori modu integralean ikusi behar da. Ezin da leku batetik bestera saltoka ibili gai desbardinakaz”, amaitu dau.


EKINTZAK BIZKAIA GOAZEN 2030EAN

Beste alde batetik, PP taldeak azalpenak eskatu deutsaz diputatu jaunari, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako sailari jagokonez “Bizkaia Goazen 2030” dokumentuan aurreikusten diran ekimenen barri emon daian.

Reyesek azaldu dauenez, dokumentu horretan oinarritutako “lehentasunezko” jarduketako ildoak honeek izango dira: Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzea eratzea, tarifak bateratzeko lehenengo azterlanak egitea, metroaren 3. linea 2017ko lehenengo hiruhilekoan martxan jartea eta Bilbo Metropolitarraren Lurralde Plan Partziala (LPP-PTP) egitea.

“Bizkaiko konplexuena” dan plan horri jagokonez, 2006an diseinautakoa eguneratuko dau, eta une honetan bizitzen ari garan “atzerapeneko” egoerea izan beharko dau kontuan. Lan horretako ildo batzuk puntu honeekaz lotuta egongo dira: “lurzoruaren kontsumoa murriztea; uriko birgaitze, kontserbazino, mantentze eta zaharbarritze politikak indartzea; ekipamenduen politikea errazionalizetea; energiaren eraginkortasuna hobetzea; edo ingurumenaren eta paisajearen ikuspegietatik integrazinoa bultzatzeko jarduketak indartzea”.

Reyesek azaldu dauenez, “hamar egun inguruan” plan horren hiru gai “osagarri” aurkeztuko dira, “LPP-PTParen beraren idazketea; jagokon ingurumen ebaluazino estrategikoa; eta hainbat mailatan zabaldutako partaidetza publikorako proposamena. Azken puntu horretarako pleguak prest dagoz daborduko”.


BILEREA ALKATEAKAZ

Behar horren barruan, diputatuak jakinarazo dauenez, eguen eta bariku honeetan Bilbo Metropolitarreko alkateakaz alkartuko da, emon behar diran pausuen barri emoteko. Aldi berean, deialdi paraleloa be aktibauko da, “sektoreetako eta guneetako” mahaiak martxan jarteko.

Orain hasi behar dan LPP-PTPa barrikusteko prozesu osoan herritarrek izango daben partaidetzearen gaia izan da, hain zuzen be, bere berbaldian gehien zehaztu dauenetakoa. Holan, azaldu dauenez, “lanak esleitu aurretik, eta legeak ezarten dituan beharrezko epeen ganetik, ez gara Bilbo Metropolitarra osatzen daben udalerriakaz alkartzera mugatuko, denpora gitxi barru sektoreko laneko mahaiak be egingo doguz, Planaren idazketan parte hartu daikien hainbat eragileren informazinoa eta eretxiak jasoteko”. Partaidetza hori, azpi-guneetan egingo diran beharrei buruzko erakusketakaz eta aurkezpenakaz osatuko da, eta horreetan erabagiko dira ekarpenak jasoteko prozedurak.

Aldundiko arduradunak iragarri dauenez, Garraio batzordeak metroaren 3. lineara bisitea antolatzeko eskatuko deutso Batzar Nagusietako Mahaiari.