Aurreko Albisteak

Josu Erkorekak Mauro Saraviaren "Azken Batailoia" erakusketea bisitau dau

Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzea jaso dau gaur arratsaldean. Ordezkaritzaren buru Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburua izan da, eta Mauro Saravia egilearen eskutik joan da Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretora, “Azken Batailoia” argazki erakusketea bisitetako. Erkorekagaz batera Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Elixabete Etxanobe Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaria etorri dira. Topaketan, Euskal Langileen Batasuneko San Andres batailoiko José Moreno gudaria, Portugaleteko semea, be egon da.

Alkarregaz ikusi dabe Euskal Herritik eta Kataluniatik erbestera joan ziranen birloba dan argazkilari txiletarrak, Bizkaiko Batzar Nagusien eta irabazi asmorik bako Intxorta 1937 Kultur Alkartearen babesagaz, Batzarretako egoitzan prestau dauen erakusketea. Erakusketak, 1936ko Euzko Gudarosteko kide izandakoen erakustaldirik osoena jasoten dau, gerra hasi zanetik zortzi hamarkada igaro diran arren, askatasuna lortzeko ametsak bizirik dituen Gerra Zibileko gudarien eta milizianoen, arpegiak eta testigantzak batuz. 27 arpegiren eta 54 argazkiren bitartez egindako erakusketea Bizkaiko Batzarretako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6) egongo da martiaren 29ra arte.