Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek Karpinen jarraipeneko mahaia aktibetea eskatu dabe, plan "bideragarria eta iraunkorra" definitzeko

bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiek beste bultzada bat emon deutsie Karpineko animalien parkeari. Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako batzordeak EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek aurkeztu daben arauz besteko proposamena onartu dau gaur, Enkarterriko Mankomunidadea jaube dan parkearen jarduerea eta etorkizuna bermatuko dauen proiektua prestau daiten.

Jeltzaleek eta sozialistek defendidu daben ekimenean oinarrituta, Batzar Nagusiek “Karpinen jarraipenerako mahaia aktibau beharra adierazo dabe”, eta eskaria egin dabe, mahai horren inguruan “zehaztu eta ezarri daitezan zentro horren ildo estrategikoak eta lanerako lerroak”, Karpin leku “bideragarria eta iraunkorra” izan daiten. Proposamen horrek EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeetako ordezkarien aldeko botoak eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen abstentzinoa jaso ditu.

Enkarterriko Mankomunidadea jaube eta arduradun dan zentro horrek irakaskuntzan eta hedapenean egiten dauen beharra “zalantzan jarri ezina” da, batzarretako talde guztiek autortu dabenez, eta euren ustez Karpin “eskualdeko ekonomiaren eta turismoaren elementu bultzatzailea” eta “enplegurako eta iraunkortasunerako” iturria da, eta horrez gain “behar pedagogiko garrantzitsua” egiten dau. PP taldeko bozeroaleak azpimarratu dauenez, fauna basatiaren Enkarterriko zentroa Bizkaian gehien bisitetan dan “hirugarren” instalazinoa da, “Guggenheim eta Arte Ederren museoen ostean”, “55 espezietako 450 animalia” ditu eta “8.000 ikaslek” bisitetan dabe urtero.

Batzordeak onartu dauen ekimena aurkeztu daben taldeek –EAJ-PNV eta PSE-EE– adierazo dabenez, Foru Aldundiak “eginbehar garrantzitsua” dauka, baina “lehenengo plan estrategikoa” egin behar da jarraipeneko mahai horren barruan. Jarraipeneko mahai horretan Foru Aldundiak berak, Enkarterriko Mankomunidadeak (bere bederatzi udalakaz) eta barruti hori kudeetan dauen Iniciativas Ambientales enpresa pribaduak hartzen dabe parte. Beharrezkoa da parkearen kudeaketea “norantz bideratu behar dan” definitzera zuzendutako “etorkizuneko proiektua” prestetea, esan dau Alexia Castelo sozialistak.

Batzar Nagusietako oposizinoa ez da jeltzaleen eta sozialisten helburu horren kontra agertu, baina eskaria egin dau Aldundiak baliabide ekonomiko gehiago jarri daian parkean. Aldundiaren partaidetzea “guztiz beharrezkoa da”, esan dau Podemos Bizkaiako Josean Elgezabalek, parkeko instalazinoak, “orokorrean, egoera txarrean” dagozalako. Podemos Bizkaia eta PP taldeek proposamen bi aurkeztu ditue, alkarlan “zuzenagoa” eskatzeko, baina proposamen horreek ez dira onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak kontra agertu diralako.

Alde batetik, talde morearen arauz besteko proposamenak eskaria egiten eutsan Bizkaiko Foru Aldundiari, jarraipeneko mahai horretan parte hartzeko eta Karpineko parkeko arduradunakaz “modu aktiboan” lankidetzan aritzeko. PP taldeak bere idazkia gehiago zehaztu dau, eta eskaria egin deutse Bizkaiko Foru Aldundiari eta Ekonomia Ministerioari, legez kanpoko trafikotik datozan felino handiak hartzeko bertako instalazinoetan egin behar diran egokitzapenak “alkarren artean finantzau daiezan”. Hori “sarritan” eskatu dabe Gobernu zentraletik, Cites (Fauna eta Flora Basatiko Espezie Mehatxatuen Nazinoarteko Merkataritzea) deritxon hitzarmenean oinarrituta.

Javier Ruiz PP taldeko bozeroalearen eretxiz, aukera hori lagungarria izango litzateke parkea hobeto ezagutzeko eta bisitari gehiago ekarteko, eta hori oso garrantzitsua da parkeak “bere burua finantzetea” gura bada. Kontuan izan behar da gaur egun hori egitea ezinezkoa dala ez dagoalako espezie horreek jasoteko instalazino aproposik. Hori dala eta, administrazino biei eskaria egin deutse, Karpineko parkea atontzeko egin behar diran lanak “300.000 eurogaz” finantzau daiezan.

EAJ-PNVk eta PSE-EEk gogoratu dabenez, Aldundiak orain hainbat urtetik finantzetan dau parkea. María Presa jeltzaleak esan dauenez, Karrantzako animalien parkeak “323.975 euro” jaso ditu 2011tik “konponketetarako, ezustekoetarako eta azpiegituretarako” Aldundiaren aldetik, eta baita zugatxak inausteko beste “13.000 euro” be. Eta hori guztia, Mankomunidadeak berak egindako ekarpenak kontuan hartu barik. Ekarpen horreek 50.000 euro baino gehiagokoak izan dira azken urteetan, traktore bat erosteko, eta konponketak, aseguruak eta aparkalekuan egin diran obrak ordaintzeko.

Laguntza horreek argi eta garbi erakusten dabe administrazinoek eta Aldundiak, zehatzago esanez, “ez dabela Karpin bertan behera itzi”. Presak gogoratu dauenez, talde biek herritarren alegazinoa jaso eben aurrekontuen aurrean aurkeztutako zuzenketa-eskeetan, aurton Karpin parkeari “25.000 eurogaz” laguntzeko, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako sailaren kontuen barruan. “Ez dakit asko ala gitxi dan. Hori da horretara bideratu eitekeana, baliabideak ez diralako muga bakoak”, esan dau.

PP taldeak felinoak jasoteko instalazinoak finantzetako egin dauen eskariari jagokonez, Alexia Castelok (PSE-EE) esan dau Estaduaren eskumena danez, Ekonomiako Ministerioak berak hartu beharko leukela bere esku, gero parkeak mantentze-lanen gastuak hartu beharko leukezalako bere gain. Ganera, aukera hori ez litzateke bat etorriko Karpinek dauen eginbeharragaz, fauna “iberiarra” jasoteko eta berreskuratzeko zentro izateagaz, hain zuzen be. Hori dala eta, eskaria egin dau, jaubeek –Enkarterriko Mankomunidadeak– eta kudeetan dauen enpresak lehenengo parkeari emongo deutsien “betebeharra definidu” daien. “Gauzak ordenan egin behar dira. Ezin dogu zulo baltz bihurtzen itzi”, gehitu dau Presak, jasotako laguntzak aitatu eta gero.

EH Bildu taldeak, bere aldetik, Foru Aldundia parkearen iraunkortasunean “gehiago inpliketea beharrezkoa” dala esan dau, baina inplikazino hori ez dala zertan laguntza ekonomikoa izan behar “derrigorrez”. Plan estrategiko hori egiteko orduan Aldundiaren inplikazino “handiagoa” eskatu dau.


PP TALDEAK BATZARRETARA EKARRI DITUEN EKIMEN BI BAZTERTU DITU

Beste alde batetik, Irene Edesa batzordeko presidenteak, PP taldeak, Arturo Aldecoa batzordekideak aurkeztutako batzarretako ekimen biak baztertu egin dituala iragarri dau saioaren hasieran. Bat Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andrearen agerraldia eskatzen ebana zan, Abantoko Euskadiko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkearen sorkuntzaren ganeko prebisinoak azaltzeko, eta bestea arauz besteko proposamena, Foru Aldundiari eskaria egiteko Lekeitioko Udalagaz batera, San Nikolas edo Garraitz deritxan ugarteko landaredia eta zugatxak berreskuratzeko plan bat atondu eta garatu” daian.