Aurreko Albisteak

Mauro Saraviak Euskal batailoiko azkenengo gudariak erretratau ditu

Bizkaiko Batzar Nagusiek eta irabazi asmorik bako Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, Euskal Herritik eta Kataluniatik erbestera joan ziranen birloba dan Mauro Saravia egile txiletarraren argazki erakusketea aurkeztu dabe gaur Bilbon. Erakusketak, 1936ko Euzko Gudarosteko kide izandakoen erakustaldirik osoena jasoten dau. “Azken Batailoia” erakusketak Gerra Zibileko gudarien eta milizianoen erretratuak jasoten ditu, gazte ameslariz osatutako lekukotza grafikoa eskiniz. Gerratik zortzi hamarkada igaro diran arren, euren ametsek bizirik jarraitzen dabe Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan. 27 arpegiren bitartez egin dan erakusketea Bizkaiko Batzarretako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6) egongo da martiarean 29ra arte, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara, astelehenetik barikura; eta zapatuetan, eguerdiko 14:00ak arte. Sarrerea librea izango da.

Azken Batailoia izenak, Euskadin, batailoiek bajak ebezenean, unidade barrietan alkartzen zirala adierazoten dau. Horreek diranez bizirik geratzen diran azkenengo burrukalariak, Mauro Saravia argazkilariaren eretxiz hori da erakusketak izan daikean izenburu bakarra. Egitasmoa, gerran gertau zana “zuzenean ezagutu beharretik” sortu da, Saraviaren berbetan, berak jaso ebazan familiako kontakizunak “amaitu barik” egozalako. Artista txiletarrak zuri baltzezko erretratuak atara deutsez larogeita hamar eta ehun urte dituen faxismoaren kontrako burrukalari izandakoei. Horreetako batzuk erakusketaren aurkezpeneko ekitaldian egon dira, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteagaz batera. Ana Otaduik azpimarratu dauenez, Saraviaren beharra “erlojuaren kontrako lasterketea” izan da. Adierazo dauenez, “36ko gazte hareen sentimenduak eta istorioak islatzen dituan beharra be bada. Bizirik jarraitzen dabenen erretratuak eta bizipenak. Larogeita hamar urtetik gora izan arren indarra eta bizitasuna emoten deuskuen gazte dinamikoak dira”.

Mauro Saraviaren beharrak jarraipena izango dau, bere erretratuetan 36ko gudariak eta milizianoak erakutsi ostean, bere hurrengo asmoa, Francoren Diktaduraren errepresinoa jasan eben eta hari aurre egin eutsien emakumeen bizipenak jasotea dalako. Datozan hilebeteetan Saraviak Gerraren eta Diktaduraren kontrako Erresistentziaren beste arpegi hori hurbilduko deusku bizkaitarroi. “Martiaren 8aren bezperatan, garrantzitsua da oroimen historikoa berreskuratzeko lan horren alderdi barri hori azpimarratzea”, esan dau Otaduik.

Batzar Nagusietako presidenteak, argazkilariak eta, Bizkaiko Batzar Nagusiakaz batera erakusketea babesten dauen Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide dan Juan Ramon Garaik eskerrak emon gura izan deutsez gudariei eta milizianoei, euren “ereduarengaitik, erresistentziarako ahalmenarengaitik eta gaur eguneko belaunaldiei gatazka belikoen errazionaltasun eza heldu arazoteko egin daben esfortzuarengaitik”. Bertan egon dira Luis Ortiz Alfau, Capitan Casero batailoiko gudaria; Benito Martin Barrioso, Cultura y Deporte batailoikoa; Antonio Telleria Bilbao, San Andrés batailoikoa; Baltasar Delgado Aguado UGT-3 batailoikoa eta; Gregorio Urionaguena Eusko Indarra batailoikoa.

Eurakaz batera, senideak, adiskideak eta Batzar Nagusietako ordezkaritza zabala. Batzarkideen artean Begoña Gil, Joseba Gezuraga, Josean Elgezabal, Josu Unanue, Txusa Padrones eta Meritxel Elgezabal egon ziren, beste batzuen artean.

Lotutako artxiboak:

Lotutako estekak: